Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “urria, 2020”

2020ko Xilabako Bertsulari Txapelketa aurrera doa

Kaixo, bertsozale:

2020ko Xilabako Bertsulari Txapelketa aurrera doa eta Txingudiko Bertso Eskoletako kideak ere bai. Irailaren 19an egin zuten lehen saioa Hiriburun. Orduan Irati Alcantarilla eta Egoitz Zelaia aritu ziren eta hurrengo faserako sailkatzeko adina puntu eskuratu zituzten. Bi aste beranduago, Ainhoan aritu zen Iker Altuna eta honek ere saio ederra erdietsi zuen. Hurrengo kanporaketan izango da bera ere.

Final herenak asteburu honetan hasiko dira, urriaren 17an, Senperen. Bertan arituko da kantuan Irati Alcantarilla. Iker Altuna eta Egoitz Zelaia saio berean egokitu dira, urriaren 24an, Sohütan.

Bestalde, Epaile taldean dauzkagu Zuhaitz Olazabal eta Abel Zabala. Lehen kanporaketan biak aritu ziren epaile lanetan, bigarren honetan, ordea, Zuhaitz Olazabal arituko da, eta Abel batuko zaio aurrerago berriz.

Animo, denei eta zorte on!

Berri eguneratuak https://www.bertsozale.eus/eu/xiberoa-lapurdi-baxenabarre/xilaba-2020 webgunean.

Kabigorriko Bertso-Gauak hemen dira, berriz!

Izurritea medio, aurtengo martxoko itxialditik daramagu Kabigorriko Bertso-Gaurik antolatu gabe. Osasun egoera alde ez badugu ere, 2020-2021 ikasturtea hastearekin batera bertso gauak antolatzen berritik hasteko hautua egin dugu Kabigorrik eta Irunabarrek.

Legeak eta segurtasun arauak aldatu bitartean, aforo mugatua izanen dute saioek. Gehienez 40 pertsona sartu ahal izanen da saio bakoitzeko. Sarrerak barran izanen dituzue eskuragarri.

Behar bezala aritzeko guztion laguntza ezinbestekoa izango da: errespeta ditzagun unean uneko eta tokian tokiko osasun neurriak. Horren baitan izango baita, hein handi batean, bertso-saioak antolatzen jarraitu ahal izatea edo ez.

Lehen saioa Urriaren 8an, ostegunez, egingo da. Saioa 19:30ean hasiko da, eta kantuan, Odei Barroso Gomila, Izarne Zelaia Arratibel, Iker Altuna eta Maddi Sarasua Laskarai ariko dira. Gai-emaile lanetan Aitor Errazkin Vicente eta bertso-jarriekin Adrian Arruti Bernadet.

“(poli-tik-a)”, Iruneron. Andoni Zelaia Otañoren bertsoak.

(poli-tik-a)

Doinua: Delikatua baitut (Anje Duhalde)
Egilea: Andoni Zelaia Otaño

1
Batetikan keria
bestetik ismoa,
hitz potolo kutsua
ote den susmoa,
irudimenez jantzi
euskaldun kosmoa,
elkartzeko bakoitzan
mundu intimoa.

2
Amesten den artean
egin leike hegan,
probatzen ez duenak
nola jakin zer dan,
ametsaren erdia
gogoratzen dedan,
oraingoz ezingo det
ur hortatik edan.

3
Pentsamentu askea
ta ideiak argi,
aldaketaren alde
agertuaz garbi,
egia da oraindik
gabiltzala nagi,
bat gahi bat elkartuta
egiten dira bi.

4
Okerren dagoena
hobetze aldera,
berari laguntzea
guztion afera,
birusan ikasgaia
ez bada sobera,
gure harrotasuna
itsua ote da.

5
Gizarte askearen
Euskal Herri aske,
politika ohiturak
bilakatuz gazte,
jerarkiak baztertuz
berritasun eske,
ezkerretik jokatuz
indar eta ospe.

6
Beren menpe herriak
eta nor banako,
eskubia hobe da
boteretik flako,
gizarte justuaren
arrisku dalako,
arrazoi ez dugula
pobre garelako.

7
Historia luzean
zenbat ukazio,
politiko askoren
sasi negozio,
herriarentzat ez dut
gehiago desio,
borroka burutsua
bihurtu pasio.

8
Askatasuna ez da
zenbaki kontua,
Eskubidea ez da
batzuen patua,
Berdintasuna ez da
zerbait pribatua,
hau lortzea ezin da
izan delitua.

Iturria: https://irunero.eus/poli-tik-a/

Post Navigation