Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “bertso musikatuak”

Korrika egunean Bertso-saio musikatua [2022-04-09]

Kaixo, bertsozale:

Pasa den astean iragarri bezala, Korrika Irundik pasa den eguna girotzeko egitarau luzea antolatu dute Bidasoko Aek euskaltegiak eta Zizta[KA]k. Tartean, Bertso-saio musikatua. Egoitz Zelaiaren zuzendaritzapean aritu dira musikan, Maddi Sanz (harpa), Beñat Elosegi (mandolina), Iker Eizagirre “Xufi” (gitarra elektrikoa), Rafa Rodrigo (gitarra akustikoa) eta Iban Clemente (baxua). Aitor Errazkin, Urko Casado, Iñigo Ugarte, Abel Zabala eta Adrian Arruti izan dira kantuan. Eguraldia eta entzuleak bidelagun, iluntze bikaina izan da eta horren adierazle, ondoko argazki bilduma.

Korrika heldu da eta harekin egitarau kulturala [2022-04-09]

Kaixo, bertsozale:

2022ko Korrika heldu da bailarara eta, harekin batera, herriz herriko egitarau kulturalak. Larunbatetik iganderako gauean pasako da Irundik, eta, herria girotzeko, Aek-ren egitarau mardula izango da larunbatean, besteak beste, Zizta[KA]k antolatutako Bertso-saio musikatua.

Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko eta herriko zenbait musikariren arteko elkarlanaren ondorioa da Bertso-saio musikatua. Estrainekoz arituko gara Moskun, larunbatean, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, errimez beteriko pentagramak eta hariz lagundutako bertsoak zabaltzen.

Animatu zaitez!

M-1 Langileon Nazioarteko Eguna [2021/05/01]

Larunbatean, maiatzaren 1ean, Oarso-Bidasoko LAB Sindikatuak eta Ezker Abertzaleak elkarretaratzea antolatu zuen Oreretan. Bertan, Langileon Nazioarteko Egunez, manifestaldia egin zuten herriko kale nagusienetatik igarota eta Zumardian bukatu zuten. Hitzartze politiko bakoitzaren aurretik, Txingudiko Bertso Eskolako Adrian Arruti Bernadetek bertsoak bota zituen. Horiekin, bertso sorta ondu eta Iker Eizagirre “Xufi” eta Iban Clementerekin batera musikatu egin zituzten.
Jarraian bertan bildutako bertsoen transkripzioa, eta LAB Sindikatuak bildu diren argazkiekin eta sortarekin argitaratu duen bideoaren esteka:

BERTSO BERRIAK, 2021eko M1ari JARRIAK
[Doinua: Ai hori begi ederra I]

1
Kaixo, lagun agurgarri,
zaurgarri zein ez zaurgarri,
ezinbesteko euskarri.
Pasa ondoren urtebetetik
gora egun errukarri
ikasturteko aldarri
batzuk harturik oinarri
hona zenbait bertso jarri:


2
Bistan da gaurko eguna,
zientoka aldarriduna,
ezin besteko duguna!
Baina falta da lagun ugari,
bada gauza ezaguna:
preso daukaten laguna
zein zendu egin zaiguna
guztiei agur kuttuna!


3
Zaintzarena zer langintza!
Gau eta egun dabiltza
ez sostengu, ez plangintza.
Elkar menpeko baldin bagara
elkar zaintzea da giltza!
Auzolana, herrigintza;
erdigunean bizitza…
Hori da lehen baldintza!


4
Erizain edo mediku
guztiek a zer meritu
lanak ez ditu gelditu.
Inoiz uretan sartu ez eta
orain SURFean aditu!
Uholdea da handitu
jada lau olatu ditu…
Eta ez dira ahitu!


5
Pentsiodunek zer orbain
jada hiru urtez bikain
lana eginagatik zain!
Hainbeste eman digute eta
ez al da hainbeste dohain
bueltan guk emateko lain?
Bizitza ez denez dohain
pentsio duinak orain!


6
Behin ikasteari laga
ostean hasten da traba,
hori normala al da ba?
Prekarietate gordinenean
baitabil gazte bailara!
Eta gu, gazteok, jada
etorkizuna bagara
lana beharrezkoa da!


7
Inoiz ez da topikoa
krisi sistematikoa
dela sintomatikoa.
Kapitalaren erasoa ez
baldin bada begikoa
landu mira kritikoa,
sozio-politikoa
eta tokiz tokikoa.


8
Peraltako Baratzea,
Tubacexen oinazea,
Aiararen loratzea.
Garbitzaile zein jangeletako
andreen esku hartzea,
ostalarien batzea,
langileen oldartzea…
Hori da hori klasea!


9
Pentsiodun burkidea,
fabrikako lankidea,
gaztetxo ikaskidea,
garbitzen edo zaintzan aritzen
den gertuko senidea…
Berdin da ogibidea
ikusirik deklibea…
Argi da zein den bidea!

Etxez etxeko zaintzaileen eguna [2021-03-30]

Joan den larunbatean, martxoaren 27an, Behe Bidasoko Eskubide Sozialen Kartak elkarretaratzea antolatu zuen San Juan plazan. Bertan, martxoaren 30an etxez etxeko zaintzaileen nazioarteko eguna dela erreferentzia harturik, performancea egin zuten. Pentsiodun baten etxeko egongela irudikatu zuten eta bere bakardadea bistaratu. Ondoren, sektoreak nozitzen dituen gaitzen gaineko irakurketa burutu zuten eta Txingudiko Bertso Eskolako Adrian Arruti eta Maddi Sanz kideek bertso sorta musikatu zuten.
Jarraian bertan bildutako bertsoen transkripzioa eta Gari Garaialde argazkilariak jasotako irudiak:

BERTSO BERRIAK, ETXEZ ETXEKO ZAINTZAILEEI JARRIAK
[Doinua: Gogoan daukat ez du aspaldi]

1
Hasi aurretik etxe zaintzaile
denei agur beroenak
lan egoera zein dela ere
gogor lan egin dutenak.
Gureak egin nahi genituzke
zientoka lagunen penak
sektorekoak diren enpresak
prekario dauzkatenak
baina oraindik gehiago dira
kontratu gabe daudenak!

2
Saldu gisara ez ote zen ba
pagotxaren mundua hau?
Zenbat langile aritzen ote
da ez hitzarmen, ez arau?
Txanpon batzuen truke lanean
izan egun zein izan gau…
Zaurgarri dena zaurgarri zainduz
zazpi bider hogeitalau!
Sostengu gisa sostengu gabe;
injustiziak hor dirau!

3
Gure sistema merkatua da.
Gordina bezain krudela.
Suntsitu behar dugun piztia
ezin da izan bestela.
Ohar gaitezen aurrera pauso
garaia iritsi dela:
etxeko zaintzan, zahar-etxeko
zaintzaileekin bezela,
negozioa egiteari
utzi diezaiotela!

4
Historikoki emakumea
zapaldu dugu sobera
lan merkatura jauzi eginda
makina bat gorabehera.
Lanetik irten etxean lana
eta berriro lanera
gizarteak du zorra zuekin,
eta galanta gainera!
Beste izenik ezin du izan
zor patriarkala deitzen da!

5
Zaintza sistema merkatuaren
jarduerak bahitu du
eta gaur hori salatzea da
hemen gaudenon helburu.
Pausorik pauso, pauso txikika,
pauso motz; pauso seguru
elkar zaintzeko sare publiko
integrala behar dugu!
Guk zaintzaileak zaindu ezean
nork zaindu behar gaitu gu?

Nola eskuratu Gure berts(i)oa?

‘Gure berts(i)oa’-ren promozio bideoaren antzekoa jarri dugu martxan, salmenta puntuak eta diskoa eskuratzeko bideak argitu nahi dituena. Arazorik edo zalantzarik izanez gero, jarri gurekin harremanetan blog honen bidez edo irunabar@gmail.com posta elektronikora mezua bidalita.

Hemen da ‘Gure berts(i)oa’!

‘Gure berts(i)oa’ irundarrak bertso kantari biltzen dituen CD bikoitza da. Duela urte bete baino gehiago hasi ginen proiektu honetan lanean, eta gaur arratsaldean, abenduak 5, izango omen dugu esku artean. 10 euroan salduko dela, jendearentzat eskuragarri jartzeko ahalegin guztiak egingo ditugula, eta aurkezpen bideoa. Besterik ezin dizuegu aurreratu, oraingoz.

Post Navigation