Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “maiatza, 2026”

Adiorik ez! [2026-05-30]

Txingudi A taldea Gipuzkoako Herriarteko Taldekako Txapelketako finalaren atarian gelditu da.

Txingudi A taldeak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako final-erdietako saioa izan zuen maiatzaren 16an, arratsaldeko 17:00etan, Tolosako Bonberenean, Zumarraga-Urretxu 1 taldearen aurka.

Saio bizia, parekatua eta maila altukoa entzun ahal izan zuten bertaratu zirenek. Igauri Lopetegi Amostegi, Manu Goiogana Bengoetxea eta Jon Luzuriaga Iurramendi izan ziren Irungo taldea ordezkatu zutenak. Manex Mantxola Urrate, Mikel Iturriotz Etxaniz eta Antton Fernandez Lasa, berriz, Goierriko taldean kantuan aritu zirenak. Epai mahaia Aitor Errazkin Vicente, Jon Mendizabal eta Iñigo Legorburuk osatu zuten. Leire Akizu Bidegain aritu zen gai jartzen.

Azkenean, estu-estu Zumarraga-Urretxu 1 taldeak lortu zuen Gipuzkoako Herriarteko Taldekako Txapelketako finalean kantatzeko txartela. Saioa eta gero, Bonberenean bertan afaltzeko aukera izan zuten, bertako lagunen eskutik. Eskerrik asko egindako harrera eta tratu goxoarengatik!

Honenbestez, finalaren atarian agur esan behar izan dio Irungo Txingudi A taldeak Gipuzkoako Herriarteko Taldekako Txapelketari. Ibilbide luze eta oparoa egin dute, beraz bejondeizuela eta zorionak!

Hemen dituzue ikusgai saioko bi taldeen hasierako agurrak eta hainbat argazki:

https://ataria.eus/tolosa/1778955856673-txingudi-a-taldearen-agurra-bonbereneako-finalaurrekoan

https://ataria.eus/tolosa/1778955985076-zumarraga-urretxuren-agurra-bonbereneako-finalaurrekoan

Mila esker Tolosaldeako Atariari eta Unai Gaztelumendiri argazkiak eskuratzeko aukera emateagatik.

Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketako finalerdietako saioa Tolosan [2026-05-16]

Kaixo, bertsozale.

Dagoeneko amaierara iristen ari da Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa. Hernaniko final-laurdenetako saioan nagusi irten ondoren, Zumarraga-Urretxu taldearekin ariko da Txingudi A taldea finalerdietan.

Aipatutako saioa maiatzaren 16an, larunbatean, izango da eta 17:00etan emango zaio hasiera. Bertsotan “Txingudi A” taldeko Igauri Lopetegi Amostegi, Manu Goiogana Bengoetxea eta Jon Luzuriaga Iurramendi eta “Zumarraga-Urretxu” taldeko Manex Mantxola Urrate, Mikel Iturriotz Etxaniz eta Antton Fernandez Lasa ariko dira; gai jartzen, Jon Cia Insausti eta Leire Akizu Bidegain; epaile lanetan, berriz, Aitor Errazkin Vicente eta Jon Mendizabal.

Tolosako Bonberenean jokatuko den saiorako sarrera eskuratu beharra dago. Horretarako bertsosarrerak.eus atarian duzue aukera, eta bestela, saioa hasi aurretik, txarteldegian.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan, larunbatera arte!

“Lagunaren heriotza”. Adrian Arruti Bernadeten bertsoak, Bidasoko Hitzan.

LAGUNAREN HERIOTZA

Egilea: Adrian Arruti Bernadet

Doinua: Hamalau heriotzena I

2026ko apirilaren 1ean Eneko Sanchez Segurola zendu zen. Eneko Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko kide zen eta, Txingudiko bertso-eskoletan egoteaz gainera, eragile izan zen urteetan.
Irunabarren eta bere komunitatearen izenean, besarkada estu eta sentituenak helarazi nahi dizkiegu gertuko kide guztiei eta, bereziki, Ariane, Galder eta Ekairi.
Adrian Arruti Bernadeten bertso-sorta jarraian, Ruper Ordorikaren Bakarka diskoko Lagunaren heriotza kantuan oinarrituta.

1)
Bertsoak idaztea
gogorra zelako
uzteko prest nengoen
eta betirako.
Baina azken berriak
mindu nauelako
idazten ausartu naiz,
aitortu beharko,
lapurra gaur etxean
sartu zaigulako.

2)
Inortxok ere esan
izango ez balit
argirik ez denean
ez dela itzalik
lo egingo nukeen
ohean zabalik.
Lapur zitalak ez du
egin lan makalik!
Ez baitigu lapurtu
ondasun hutsalik.

3)
Garrantzitsuagoa
zen zerbait, jakina.
Artoski gordetzeko
a zer ahalegina!
Guztion isilpean
eduki du grina
adiskide-bilduma
hartzeko adina
eta osteko ale
ordezkaezina.

4)
Ni egonik galduen
artean galduen
kargu hartu zenidan
“Adrien, mecaguen!
No me jodas, begira
ni nola nagoen!”

Senti zintzadan ongi;
ahal bezain gertuen.
Ez nizun esan, baina
arrazoi zenuen.

5)
Ruperrek Bakarka Bat
disko biniloan
daukan kantu bat daukat
hoska garondoan.
Halaxe idatzi dut
sorta hau gaurkoan.
Nahiz eta zauria beti
orbaintzera doan
beti egongo zara
guztion gogoan.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-adrian-arruti/

“Opila”. Lorea Abejon Sunsundeguiren bertsoak, Iruneron.

OPILA

Egilea: Lorea Abejon Sunsundegui

Doinua: Ezagutu zuenak

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Apirilan gaudenez
opila aipatu,
bizkotxo moduko bat
da erregalatu.
Irun, hondarribian
dute bedeinkatu,
San Markos egunean
dugu guk probatu.

2)
Gu atera kalera
ta okindegietan,
erakuslehioetan
daude gure bistan.
Baita etxean ere
egiten da bertan,
eta gero guk jarri
txitak opiletan.

3)
Beti ama bitxiak
egiten du opari,
bere besoetako
duen pertsonari.
Jaiotzen garenetik
daukagu janari
ta urtero eskertu
ama bitxiari.

4)
Orain eroskin gaude
karroa betetzen,
gurina non dagoen
ari naiz asmatzen.
Gero azukrea ta
arrautzak aurkitzen,
zer gehiago falta zait
ari naiz pentsatzen.

5)
Pentsatu ta pentsatu
txitak falta zaizkit,
hortxe dagoen hori
hartu dut lehenik.
Bukatu erosketa
ta goazen hemendik,
bizkotxoa egingo
duzu zuk ala nik.

6)
Piztu labea eta
goazen astera,
pixkana- pixkanaka
dena nahastera.
Irabiagailuarekin
guztia batzera,
gero molde batean
labean sartzera.

7)
Atera bizkotxoa
oraintxe labetik,
eta goazen jartzera
arrautzak gainetik.
Goxokiak ere gehitu
pixka bat hemendik,
luma eta txitoa
jarri dugu azkenik.

8)
Orain eramatera
joan behar dut nik,
etxean egiten dut
beti- betidanik.
Mimoz eta kariñoz
nik egiten dakit,
onen tradizioa
dator aspaditik.

Iturria: https://irunero.eus/opila/

Post Navigation