Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Jon Mendizabal”

Txingudi A taldea Gipuzkoako Herriarteko Taldekako Txapelketako finalaren atarian gelditu da.

Txingudi A taldeak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako final-erdietako saioa izan zuen maiatzaren 16an, arratsaldeko 17:00etan, Tolosako Bonberenean, Zumarraga-Urretxu 1 taldearen aurka.

Saio bizia, parekatua eta maila altukoa entzun ahal izan zuten bertaratu zirenek. Igauri Lopetegi Amostegi, Manu Goiogana Bengoetxea eta Jon Luzuriaga Iurramendi izan ziren Irungo taldea ordezkatu zutenak. Manex Mantxola Urrate, Mikel Iturriotz Etxaniz eta Antton Fernandez Lasa, berriz, Goierriko taldean kantuan aritu zirenak. Epai mahaia Aitor Errazkin Vicente, Jon Mendizabal eta Iñigo Legorburuk osatu zuten. Leire Akizu Bidegain aritu zen gai jartzen.

Azkenean, estu-estu Zumarraga-Urretxu 1 taldeak lortu zuen Gipuzkoako Herriarteko Taldekako Txapelketako finalean kantatzeko txartela. Saioa eta gero, Bonberenean bertan afaltzeko aukera izan zuten, bertako lagunen eskutik. Eskerrik asko egindako harrera eta tratu goxoarengatik!

Honenbestez, finalaren atarian agur esan behar izan dio Irungo Txingudi A taldeak Gipuzkoako Herriarteko Taldekako Txapelketari. Ibilbide luze eta oparoa egin dute, beraz bejondeizuela eta zorionak!

Hemen dituzue ikusgai saioko bi taldeen hasierako agurrak eta hainbat argazki:

https://ataria.eus/tolosa/1778955856673-txingudi-a-taldearen-agurra-bonbereneako-finalaurrekoan

https://ataria.eus/tolosa/1778955985076-zumarraga-urretxuren-agurra-bonbereneako-finalaurrekoan

Mila esker Tolosaldeako Atariari eta Unai Gaztelumendiri argazkiak eskuratzeko aukera emateagatik.

Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketako finalerdietako saioa Tolosan [2026-05-16]

Kaixo, bertsozale.

Dagoeneko amaierara iristen ari da Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa. Hernaniko final-laurdenetako saioan nagusi irten ondoren, Zumarraga-Urretxu taldearekin ariko da Txingudi A taldea finalerdietan.

Aipatutako saioa maiatzaren 16an, larunbatean, izango da eta 17:00etan emango zaio hasiera. Bertsotan “Txingudi A” taldeko Igauri Lopetegi Amostegi, Manu Goiogana Bengoetxea eta Jon Luzuriaga Iurramendi eta “Zumarraga-Urretxu” taldeko Manex Mantxola Urrate, Mikel Iturriotz Etxaniz eta Antton Fernandez Lasa ariko dira; gai jartzen, Jon Cia Insausti eta Leire Akizu Bidegain; epaile lanetan, berriz, Aitor Errazkin Vicente eta Jon Mendizabal.

Tolosako Bonberenean jokatuko den saiorako sarrera eskuratu beharra dago. Horretarako bertsosarrerak.eus atarian duzue aukera, eta bestela, saioa hasi aurretik, txarteldegian.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan, larunbatera arte!

Post Navigation