“Ai, Xenpelarrek baleki”. Xabier Isasi Balanzategiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.
AI, XENPELARREK BALEKI
Egilea: Xabier Isasi Balanzategi
Doinua: Iparragirre abila dela
1)
Petriarena, Juan Frantzisko
Xenpelar izenordeko
Errenteriko bertsolaria
gizona, izen oneko
orain bere kalteko
ernegu egoteko
Ai Xenpelarrek baleki
zer gertatu den Errenterian
bere eskolan zehazki!
2)
Emazte batzuk salatu dute
eraso latzak eskolan
irakasleak iraindu eta
tratamendu txarrak eman
neska gazteek jasan
eskolan eta plazan
Ai Xenpelarrek baleki
esango luke orain ez dela
lehengoa baino hobeki
3)
Alkateak du agindu eman
ixteko bertso eskola
arriskutsua dela deritzo
matxismoaren gandola
kiratsa dariola
uhertu erriola
Ai Xenpelarrek baleki
bere hobian egingo luke
amorruz negar emeki
4)
Errespetua galtzen badugu
edozein pertsonarekin
egindakoa ez da zuzentzen
aitorpen hutsalarekin
jendilaje horrekin
edo basabereekin
Ai Xenpelarrek baleki
bera errudun senti zitekeen
gure antzera bereki
5)
Bertso eskola izan dadila
denon eremu seguru
irakaslea ez dadin izan
ez jainko eta ez guru
biktimak zu eta gu
salatu behar dugu
Ai Xenpelarrek baleki
errudunak non gordeta dauden
aitortu eragabeki
6)
Emakumeek epaitu dute
Errenteriko auzia
hori ez al da beste modu bat
egiteko justizia?
matxismoren jauzia
errotik erauzia
Ai Xenpelarrek baleki
berriro ere berrehun bat urte
bizi behar herabeki
Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-xabier-isasi-balenziaga/
