Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “Iraila, 2022”

Emankorra izan zen Bertso-jartzaileen I. topaketa

Joan den irailaren 17an, larunbatarekin, egin zen Bertso-jartzaileen I. topaketa. 11 lagun bildu ziren, primerako lan-giroan. Saio amaieran parte-hartzaile guztiek ongi baloratu zuten jardunaldia, guztien artean egoeraren diagnosia osatzeko eta aurrera begirako lan-ildoak zerrendatzeko gai izan baitziren.

Irunabarrek Irunero eta Bidasoko Hitzarako ikasturtez ikasturte bertsoak idazten egiten duen elkarlanak bertso-egileengan sortutako kezka eta beharren jiran antolatu dira topaketak. Aurrerantzean topaketa gehiago antolatu beharra dagoela ebatzi zuten parte-hartzaileek, kezkatzen dituzten gaiak lantzen eta haien gaineko iritzi eta esperientziak partekatzen jarraitzeko.

Ikasturte honetan ere bailarako hedabideekin elkarlanean ariko gara

Irunabarren helburuetako bat bertsoa inguruko hainbat txokotara helaraztea ere badenez, badira zenbait ikasturte bailarako hedabideekin elkarlanean ari garela.

Hasi berri dugun 2022/23 hau laugarren ikasturtea dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Irailean hasi eta ekaina bitarte, hilero, eta hilabeteko azken ostiraletan, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek bertso-jarriak argitaratuko ditu aipatutako aldizkariko papereko edizioan, eta egun gutxi batzuk igaro ondoren, eskuragarri izango duzue argitalpen hori bera baita bertsio digitalean ere. Nola ez, Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu bertso horiek guztiak.

Irunero aldizkariarekin hasitako elkarlana oraindik lehenagokoa da. 6. ikasturtez jarraian, Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso jarriek argia ikusiko dute hilero. Iruneroren kasuan, hilabete hasieran argitaratuko da elkarlanaren emaitza, eta kasu honetan ere paperezko edizioan zein bertsio digitalean egongo da ikusgai. Ikasturtea urria hasieran hasi eta ekainean amaituko da, eta Iruneroko sorta guztiak ere Irunabarren webgunera ekarriko ditugu.

Horretaz gain, osagarri modura, idatzitako sorta hauek musikatzen direnean ere eskuragarri izango dituzue webguneko argitalpenetan zein Ivoox-eko gure kanalean (harpidetu zaitezte!). Gero eta gehiago zarete elkarlan hauetako bertso-sortaren bat musikatzera animatu zaretenak. Ikasturte honetan ere animatuko bazinate plazer handiz jasoko genituzke zuek musikatu eta kantatutako bertso-sortak irunabar@gmail.com helbidean.

Hona hemen pasa den ikasturtean argitaratu eta musikatutako bertso-sorta pare bat:

  • “Bizitzako gauzarik onenak doan”, Aitor Errazkin Vicentek 2022ko maiatzean Iruneron argitaratu eta Aitorrek berak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu

  • “Bidasoa”, Adrian Arruti Bernadetek 2022ko otsailean Bidasoko Hitzan argitaratu eta Peio Etxeberriak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu

2022-2023 ikasturteko izen emateak zabalik

Kaixo, bertsozale:

Iraila bete-betean gaude eta segituan hasiko da ikasturte berria. Txingudiko bertso-eskolan izena eman nahi baduzu, oraintxe duzu aukera, hastear baita 2022-2023 ikasturtea.
Galdera edo zalantzarik baldin baduzu, irunabar@gmail.com posta helbidera idatz dezakezu lasai asko, edo taldeetako arduradunen baten telefono zenbakira hots egin.

TALDEAK:

1.- GAZTETXOEN taldea: astelehenetan, 17:00-18:00; Bidasoko AEK Irungo Euskaltegian. Harremanetarako: (0033) 617 57 33 99 -Irati-.

2.- HASTAPENAK I taldea: Gazte zein helduentzat. Astezkenetan, 20:00-21:30. Harremanetarako: (0034) 685 72 75 39 -Aitor-.

3.- HASTAPENAK II taldea: Gazte zein helduentzat. Eguna eta ordua zehazteke. Harremanetarako: (0034) 638 32 69 70 -Adrian-.

4.- BAT-BATEAN taldea: ostegunero, 19:30-21:30; Hondarribiko Jaizubia auzoko auzo-elkartean. Harremanetarako: (0034) 690 06 58 26 -Abel-.

5.- BERTSO TAILERRA: astearteetan, 19:00-20:30; Hondarribiko Muara elkartean. Harremanetarako: (0034) 638 32 69 70 -Adrian-.

Bertso-jartzaileen I. topaketa

Kaixo, lagun:

6 ikasturte badira Irunabarren ekimenez Irunero eta Hitza tokiko hedabideetan bertso-sortak argitaratzen ditugula. 2022-2023 ikasturteari begira ere asmo hori bera dugu, dagoeneko hitzartu baitugu nork idatziko duen hitz-emana dugun 19 bertso-sortetatik bakoitza.

Hala eta guztiz ere, ikasturtetik ikasturterako martxak erakutsi digu ez dela lan samurra izaten bertsoak idazteko konpromisoari helduko dion jendea topatzen. Izan ere, sarritan, estu hartzen gaitu bertsoak idazteko lan bakartiak, eta gaur arte, behintzat, ez dugu espaziorik izan egiteko horrek berekin dakartzan zailtasunei buruz hitz egiteko eta zailtasun horiei berei aurre egiten saiatzeko, ez bada bertso-eskolaren batean gaiari berariaz heldu zaion aldi bakanetan.

Hori dela eta, ikasturte honetan “Bertso-jartzaileen I. topaketa” antolatu dugu, bertso idazteko jardunari gure bakardadean heltzen jarraitu ordez, elkartu eta jardunari modu kolektiboan erreparatzen hastea guztion mesedetan izan daitekeela sinetsita: bertso idazten ari izan baina utzita daudenen itzulera ahalbidetzeko; ari garenok trebatu eta lasaiago, errazago, babestuago ari gaitezen; eta etorkizunean bertso-idazten abiatu nahi dutenek aurrekook izan ez genuen abiapuntua izan dezaten.

Gisa horretako ekimenak aurrerabidea izan dezakeela erabat sinetsita gaude. Uste berekoa bazara, zatoz, parte hartu eta bide egin dezagun elkarrekin. 2022ko irailaren 17an izango da, larunbatarekin, Irungo AEK euskaltegiaren egoitzan, goizeko 10:00etan hasi (9:30ean lehen kaferako aukera inguruko tabernaren batean) eta 13:30ak bitarte. Antolaketa kontuak errazteko, adieraz iezaguzu etorriko zaren, faborez, irunabar@gmail.com helbidera edo 675005894 zenbakira idatzita, irailaren 10a baino lehen.

Eskerrik asko aldez aurretik eta bertan elkar ikusiko dugulakoan, jaso agur beroa,

Post Navigation