Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “apirila, 2016”

Maiatzaren 5ean, Kabigorriko bertso-gaua

Hilaren bostean izango da 2016ko maiatzeko bertso gaua. Beti bezala, 19:30etatik aurrera, Peña kaleko lehendabizikoan. Honako honetan, bertso jarriak Abel Zabala irundarrak kantatuko ditu, eta oholtza gainean Urko Casado astigartarra, Manu Goiogana irundarra, eta Lesakatik Manolo Arozena eta Juan Mari Lopez izango ditugu (Goizuetako eta Oiartzungo semeak, azken bi hauek, baina Lesakara ezkonduak eta aspaldi luzean bertan bizi direnak). Lau bertsolari hauei gaiak jartzen Karlos Aizpurua oiartzuarra ariko da. Punta-puntakoa maiatzeko bertso-gaua ere, beraz!

Gogoan izan saioa eta gero Kabigorrik bertan afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaintzen digula denoi.

This slideshow requires JavaScript.

TXINGUDI – GOIERRI ELKARTRUKEA ETA BERTSOTRUK EGITASMOAREN AMAIERA; BI KRONIKA BATEAN

Apirilaren 16an hartu genituen Txingudi taldekook goierritarrak gurean, Irunabarrek (Irungo bertsoaren bilgunea), Antxeta Irratiak eta EKTk (Bidasoako Kultur Elkartea) elkarlanean antolatutako bertso-bazkarian. EKT elkartean antolatu genituen otordua eta saioa bera, eta Antxeta Irratiak bere 15. urteurrena dela eta programatutako urte osoko egitarauaren barnean txertatu genuen ekimena.

Eguerdiko 13:00etarako hasi zen jendea EKTra biltzen, ordurako elkartea girotzen hasiak baitziren Aritz Erasun eta Aitziber Arruabarrena trikitilariak.

60 bazkaltiarretik gora bildu zen azkenerako, eta 14:00ak jota hasi ginen bazkaltzen, Antxeta Irratiko, Irunabarreko eta EKTko bozeramaile banak ongi etorria egin eta Bertsotruk ekimenaren zein elkarte antolatzaileen arteko elkarlanaren berri eman eta segidan. 16:30ak pasatxo ekin zion lanari Abel Zabala irundarrak, saiorako gaiak prestatu eta egunean bertan saioa gidatzeko ardura hartua zuen Irunabarreko kideak, eta Goierri eta Txingudi taldeen izenean kantuan hastear ziren bertsolariak aurkeztu zizkien entzuleei: Mikel Tapia, Ane Beloki eta Odei Lopez Goierritik, eta Urko Casado, Manu Goiogana eta Aitor Errazkin Txinguditik.

Saio gustagarri askoa egin zuten bertsolariek, eta entzulearen txaloak eta irriak lortu zituzten, ez gutxitan. Gaiei dagokienean, bertsolariek umoretik jo zezaten prestatua zituen Zabalak, eta hala egin zuten bertsolariek, aukera izan zuten guztietan. Bertsolariek ofizio bana burutzeko aukera izan zuten, eta, gainerakoan, hiru, lau eta sei lagunen artean burutu beharreko ariketei egin zieten aurre. Ia ordu eta hiru laurdeneko saioa eta gero, bertsolariak, antolatzaileak eta entzuleak, denak gustura. Lagun zahar eta berriak agurtu, elkartea jaso, erratza pasa, kontuak egin eta argiak itzali genituen, neke eta nahigabe punttuaz, baina datorren urtean berriz ere “Bertsotruk” berpiztuko dugun esperantzarekin.

Irunabarretik esker bereziak eman nahi dizkiegu Bertsotruk egitasmoak iraun duen bitartean laguntza eskaini diguten lagun guzti-guztiei eta saioetara hurbildu diren entzule guztiei, eta bereziki Joxeja Zabalo jarraitzaile sutsu eta eragile nekaezinari eta Julen Zelaieta bertsolari beratar prestuari. Biba zuek!

This slideshow requires JavaScript.

Azken bertso-trukea!!! Txingudi-Goierri (2016-04-16)

IMG-20160406-WA0000Txingudiko taldeak Txingudi-Goierri bertso-trukea antulatuta amaitutzat joko du, aurtengoz, behinik behin, bere Bertsotruk-a. Azken saioa izango da, beraz, gure eskualdeko bertso eskolakoontzat. Horiek horrela, Antxeta Irratia eta EKT gehitu zaizkigu saio honen antolaketan, eta luxua da hori guretzat; bertsolaritza herrian hedatzen laguntzen, eskualdeko irratia eta Bidasoako EKT izango ditugu, beraz; eta saioaren berri ematen laguntza ematen, gainera, beste hainbat eta hainbat lagun. Zer gehiago eska dezakegu guk? Pozik gaude, bistan da; eskerrik asko guztioi.

Antxeta Irratiko lagunek kartelaren diseinuaren, sarreren salmentaren eta antolakuntza mailako beste hamaika konturen ardura hartu dute (Antxeta Irratiaren proiektuak 15 urte bete ditu aurten, eta ekitaldiz josi nahi izan dute urtea; tartean, bertso-bazkari hau bera); EKT-k elkartearen egoitza bera eskaini du saioa antolatzeko, eta otorduaz eta zerbitzua antolatzeaz arduratuko da, besteak beste. Irunabarrekook bazkal osteko bertso saioren kargu egin gara gehienbat, baina baita EKT-ko zein Antxetako eragileekin elkarlana sustatzeaz ere.

Eskualde mailako elkarteen arteko elkarlan horrek gutxitan eman du emaitza txarrik gurean, eta horrek konfiantza ematen digu eskutik lanean dihardugun hiru elkarteoi. Izan ere, aski ongi dakigu gure ardura dela goierritarrak gurean eroso eta gustura senti daitezen, etxean bezala, eta etxean bezala senti daitezen nahi dugu, bistan da, saioa-entzun asmoz gerturatuko diren bazkaltiar guztiak ere.

Ez da helburu makala, baina gure aldetik daukagun guztia ematera goaz, eta hori beti izan dugu jendearen esker ona jasotzeko berme.

Anima zaitezte guztiok bertso-bazkari honetan parte hartzera. Jakingarri guztiak kartelean dituzue. Eta kontuan izan, bazkaria 14:00etan hastekoa bada ere, 13:00etik aurrera izango dela zabalik EKTko taberna, eta trikitilariak izango direla zain, zuei guztioi harrera egiteko. SARRERAK, Irungo Sunbilla eta Hazia eta Hondarribiko Itxaropena tabernetan salgai, 15 €an!

Goza dezagun!

 

Joxe Mari Lopetegiri buruzko HITZALDIA (2016-04-13)

lopetegiTxingudiko Bertso Eskolako Bertso-tailerrak HITZALDIA antolatu du Joxe Mari Lopetegiri buruz, datorren asteazken honetarako (2016-04-13), Oiasso Irungo Erromatar Museoan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Joxan Elosegi idazle eta itzultzaile irundarrak emango du hitzaldia. Izan ere, berak idatzia da Joxe Mari Lopetegi, Errepublikanoen bertsolaria liburua (Paper Hotsak, 2004).

Bertso-tailerra lanean, Joxe Mari Lopetegi gogoan

joxe mari lopetegi ixeritaTxingudiko Bertso Eskolako Bertso-tailerreko kideak Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundarra zenaren bizitza eta bertsogintza aztertzen aritu dira 2015eko urritik hona, eta jarduera multzo interesgarria prestatu dute, hura nor izan zen herritar guztioi azaltzeko asmoz.

Apirilaren 9an, larunbatarekin, Bertso-tailerreko kideek Irungo Udal Liburutegian prentsaurreko bat ematea zuten helburu, baina post hau argitaratutako unean horretarako baimenaren berririk ez dutenez oraindik, hedabideei prentsa ohar bat bidalita konformatu beharko dutela dirudi.

Jakin dugunez, prentsaurreko horretan eman nahi zuten ikasturte osoan zehar egindako lanaren berri, eta Joxe Mari Lopetegi bertsolaria ezagutarazteko osatu duten egitaraua herriari aurkeztu, bide batez.

Post honen bidez, beraz, jakinarazi nahi dizuegu Bertso-tailerreko kideek prestatutako ekimen guztien berri jarriko dugula Irunabarreko blog honetan.

Erne egon, beraz, laster hasiko baikara jarduera guztiei buruzko berri ematen.

Bien bitartean, ongi izan.

IRUNABAR, Irungo bertsoaren bilgunea
Talde eragilea.

Post Navigation