Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “EKT”

Bertso-bazkari musikatua, azaroaren 26an, EKTn.

img-20161113-wa0001Betti-Gotti Euskara-Kultur Elkarteak bertso-bazkari musikatua antolatu du azaroaren 26rako, EKTn (Larretxipi, 12). Bertsolariak Egoitz Zelaia, Maialen Akizu, Arkaitz Oiarzabal “Xamoa”  eta Beñat Gaztelumendi izango dira. Gaiak jartzen, Haritz Casabal arituko da, eta musikari lanetan, Antton Aranburu eta Gari Otamendi.

14:00etatik aurrera izango da bazkaria, eta 18 € balio du sarrera-txartel bakoitzak. Txartelak lortzeko, onena,  EKTko WhatsApp taldea erabili edo Betti-Gottiko antolatzaileekin hartu-emanetan jartzea:

  • EKTko WhatsApp taldea: 688 69 73 62
  • 609 890 830 edo bettigotti@hotmail.com (Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00tara)

Txartelak lortzeko beste bide batzuk:

Menuaren berri ez dugu oraindik, baina guztiok dakizue jakin, goxoa jateaz gainera, ez zaretela goseak geratuko.

Bertso-saioari dagokionez, aurrekari argia duzue IRUNABARek urria hasieran Kabigorrin antolatutako saioa.

Bertso-bazkari musikatu hau IRUNGO EUSKARAREN EGUNAK herri-ekimenaren barruan kokatua dago. Irungo hainbat elkarte eta eragilek osatzen duen egitasmo irekia da Euskararen Egunak delakoa, eta euskararen normalizazio prozesuan eta herriaren berreuskalduntze bidean eragin nahi duten guztiei zabalduta dago.

ANIMA ZAITEZTE!

 

TXINGUDI – GOIERRI ELKARTRUKEA ETA BERTSOTRUK EGITASMOAREN AMAIERA; BI KRONIKA BATEAN

Apirilaren 16an hartu genituen Txingudi taldekook goierritarrak gurean, Irunabarrek (Irungo bertsoaren bilgunea), Antxeta Irratiak eta EKTk (Bidasoako Kultur Elkartea) elkarlanean antolatutako bertso-bazkarian. EKT elkartean antolatu genituen otordua eta saioa bera, eta Antxeta Irratiak bere 15. urteurrena dela eta programatutako urte osoko egitarauaren barnean txertatu genuen ekimena.

Eguerdiko 13:00etarako hasi zen jendea EKTra biltzen, ordurako elkartea girotzen hasiak baitziren Aritz Erasun eta Aitziber Arruabarrena trikitilariak.

60 bazkaltiarretik gora bildu zen azkenerako, eta 14:00ak jota hasi ginen bazkaltzen, Antxeta Irratiko, Irunabarreko eta EKTko bozeramaile banak ongi etorria egin eta Bertsotruk ekimenaren zein elkarte antolatzaileen arteko elkarlanaren berri eman eta segidan. 16:30ak pasatxo ekin zion lanari Abel Zabala irundarrak, saiorako gaiak prestatu eta egunean bertan saioa gidatzeko ardura hartua zuen Irunabarreko kideak, eta Goierri eta Txingudi taldeen izenean kantuan hastear ziren bertsolariak aurkeztu zizkien entzuleei: Mikel Tapia, Ane Beloki eta Odei Lopez Goierritik, eta Urko Casado, Manu Goiogana eta Aitor Errazkin Txinguditik.

Saio gustagarri askoa egin zuten bertsolariek, eta entzulearen txaloak eta irriak lortu zituzten, ez gutxitan. Gaiei dagokienean, bertsolariek umoretik jo zezaten prestatua zituen Zabalak, eta hala egin zuten bertsolariek, aukera izan zuten guztietan. Bertsolariek ofizio bana burutzeko aukera izan zuten, eta, gainerakoan, hiru, lau eta sei lagunen artean burutu beharreko ariketei egin zieten aurre. Ia ordu eta hiru laurdeneko saioa eta gero, bertsolariak, antolatzaileak eta entzuleak, denak gustura. Lagun zahar eta berriak agurtu, elkartea jaso, erratza pasa, kontuak egin eta argiak itzali genituen, neke eta nahigabe punttuaz, baina datorren urtean berriz ere “Bertsotruk” berpiztuko dugun esperantzarekin.

Irunabarretik esker bereziak eman nahi dizkiegu Bertsotruk egitasmoak iraun duen bitartean laguntza eskaini diguten lagun guzti-guztiei eta saioetara hurbildu diren entzule guztiei, eta bereziki Joxeja Zabalo jarraitzaile sutsu eta eragile nekaezinari eta Julen Zelaieta bertsolari beratar prestuari. Biba zuek!

This slideshow requires JavaScript.

Azken bertso-trukea!!! Txingudi-Goierri (2016-04-16)

IMG-20160406-WA0000Txingudiko taldeak Txingudi-Goierri bertso-trukea antulatuta amaitutzat joko du, aurtengoz, behinik behin, bere Bertsotruk-a. Azken saioa izango da, beraz, gure eskualdeko bertso eskolakoontzat. Horiek horrela, Antxeta Irratia eta EKT gehitu zaizkigu saio honen antolaketan, eta luxua da hori guretzat; bertsolaritza herrian hedatzen laguntzen, eskualdeko irratia eta Bidasoako EKT izango ditugu, beraz; eta saioaren berri ematen laguntza ematen, gainera, beste hainbat eta hainbat lagun. Zer gehiago eska dezakegu guk? Pozik gaude, bistan da; eskerrik asko guztioi.

Antxeta Irratiko lagunek kartelaren diseinuaren, sarreren salmentaren eta antolakuntza mailako beste hamaika konturen ardura hartu dute (Antxeta Irratiaren proiektuak 15 urte bete ditu aurten, eta ekitaldiz josi nahi izan dute urtea; tartean, bertso-bazkari hau bera); EKT-k elkartearen egoitza bera eskaini du saioa antolatzeko, eta otorduaz eta zerbitzua antolatzeaz arduratuko da, besteak beste. Irunabarrekook bazkal osteko bertso saioren kargu egin gara gehienbat, baina baita EKT-ko zein Antxetako eragileekin elkarlana sustatzeaz ere.

Eskualde mailako elkarteen arteko elkarlan horrek gutxitan eman du emaitza txarrik gurean, eta horrek konfiantza ematen digu eskutik lanean dihardugun hiru elkarteoi. Izan ere, aski ongi dakigu gure ardura dela goierritarrak gurean eroso eta gustura senti daitezen, etxean bezala, eta etxean bezala senti daitezen nahi dugu, bistan da, saioa-entzun asmoz gerturatuko diren bazkaltiar guztiak ere.

Ez da helburu makala, baina gure aldetik daukagun guztia ematera goaz, eta hori beti izan dugu jendearen esker ona jasotzeko berme.

Anima zaitezte guztiok bertso-bazkari honetan parte hartzera. Jakingarri guztiak kartelean dituzue. Eta kontuan izan, bazkaria 14:00etan hastekoa bada ere, 13:00etik aurrera izango dela zabalik EKTko taberna, eta trikitilariak izango direla zain, zuei guztioi harrera egiteko. SARRERAK, Irungo Sunbilla eta Hazia eta Hondarribiko Itxaropena tabernetan salgai, 15 €an!

Goza dezagun!

 

Korrikaren aldeko bertso-afaria ederki asko joan zen

Joan den martxoaren 14ean bertso-afaria antolatu genuen, Korrika 19 zela eta, Irungo AEKrekin eta Bidasoako EKTrekin elkarlanean. Bikain afaldu genuen bertara bildutako 60 lagun inguruk, sukaldari eta zerbitzari boluntarioen lanari esker. Afalondoan, omenaldia eskaini zien Irungo AEKk Brasil gozodendako Koldo eta Xoleri, erretiroa hartu berritan, urtetan egindako lana eskertzeko. Lore sorta, Ainara Maiaren olerkia, Egoitz Zelaiaren bertsoak eta bertaratutako guztion txaloak eta esker ona etxeratu zituen bikoteak. Ondoren, bertso saio ederraz gozatzeko parada izan genuen Iñigo Ugarte, Egoitz Zelaia, Gotzon Aizpiolea eta Abel Zabalaren bertsoei esker.

Hona larunbatean bildutako hainbat irudi:

This slideshow requires JavaScript.

UNAI ITURRIAGA ETA MIREN AMURIZA

Datorren azaroaren 16an, larunbatarekin, bertso afaria EKT elkartean, Miren Amuriza eta Unai Iturriagarekin.

Sarrerak 18 euroan eskuragarri Sunbilla, Migel eta Hazia ostatuetan, edo 696 01 11 75 telefono zenbakira deituta. Sarrerak erosteko azken eguna, azaroaren 13a, asteazkena.

Anima zaitezte! Afaria mundiala izango da eta bertso saioa zer esanik ez!

bertsoafaria_kartela2013

Post Navigation