Azken bertso-trukea!!! Txingudi-Goierri (2016-04-16)
Txingudiko taldeak Txingudi-Goierri bertso-trukea antulatuta amaitutzat joko du, aurtengoz, behinik behin, bere Bertsotruk-a. Azken saioa izango da, beraz, gure eskualdeko bertso eskolakoontzat. Horiek horrela, Antxeta Irratia eta EKT gehitu zaizkigu saio honen antolaketan, eta luxua da hori guretzat; bertsolaritza herrian hedatzen laguntzen, eskualdeko irratia eta Bidasoako EKT izango ditugu, beraz; eta saioaren berri ematen laguntza ematen, gainera, beste hainbat eta hainbat lagun. Zer gehiago eska dezakegu guk? Pozik gaude, bistan da; eskerrik asko guztioi.
Antxeta Irratiko lagunek kartelaren diseinuaren, sarreren salmentaren eta antolakuntza mailako beste hamaika konturen ardura hartu dute (Antxeta Irratiaren proiektuak 15 urte bete ditu aurten, eta ekitaldiz josi nahi izan dute urtea; tartean, bertso-bazkari hau bera); EKT-k elkartearen egoitza bera eskaini du saioa antolatzeko, eta otorduaz eta zerbitzua antolatzeaz arduratuko da, besteak beste. Irunabarrekook bazkal osteko bertso saioren kargu egin gara gehienbat, baina baita EKT-ko zein Antxetako eragileekin elkarlana sustatzeaz ere.
Eskualde mailako elkarteen arteko elkarlan horrek gutxitan eman du emaitza txarrik gurean, eta horrek konfiantza ematen digu eskutik lanean dihardugun hiru elkarteoi. Izan ere, aski ongi dakigu gure ardura dela goierritarrak gurean eroso eta gustura senti daitezen, etxean bezala, eta etxean bezala senti daitezen nahi dugu, bistan da, saioa-entzun asmoz gerturatuko diren bazkaltiar guztiak ere.
Ez da helburu makala, baina gure aldetik daukagun guztia ematera goaz, eta hori beti izan dugu jendearen esker ona jasotzeko berme.
Anima zaitezte guztiok bertso-bazkari honetan parte hartzera. Jakingarri guztiak kartelean dituzue. Eta kontuan izan, bazkaria 14:00etan hastekoa bada ere, 13:00etik aurrera izango dela zabalik EKTko taberna, eta trikitilariak izango direla zain, zuei guztioi harrera egiteko. SARRERAK, Irungo Sunbilla eta Hazia eta Hondarribiko Itxaropena tabernetan salgai, 15 €an!
Goza dezagun!