Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Arkaitz Oiarzabal “Xamoa””

Irungo Euskal Jiran kantuan, aurtengoan Urdanibia plazan bertan eta Urdanibia Berri-Anakan barrena

Aurtengo abuztuaren 4an Euskal Jiraren 40. edizioa ospatu dute, eta bertso kantuan jardun ziren Txingudiko bertso eskolako eta haren jirako hainbat lagun. Plazako saioan, eguerdiko 12:00ak aldera, Arkaitz Oiarzabal “Xamoa”, Egoitz Zelaia eta Abel Zabala aritu ziren kantuan, eta aurten estreinakoz, bestalde, Manu Goiogana eta Aitor Errazkin Auntxa Trikitixa Eskolako kideekin batera aritu ziren, goizeko 11:00-13:00ak bitarte Urdanibia Berriko Eihera Plazatik hasi eta Anakaraino; hauek ere Urdanibia plazako oholtzan eman zioten euren saioari errematea, 13:30ak aldera.

 

Saioa izan zen abuztuaren 1ean Hendaiako Sasikon

Bertso saioa antolatu zuten Hendaiako Sasiko gaztetxekoek abuztuaren 1ean, eta bertan Txingudiko bertso eskolako 2 kide aritu ziren kantari, Adrian Arruti irundarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra, Arkaitz Oiarzabal “Xamoa” oiartzuarrarekin eta Izarne Zelaia donostiarrarekin batera. Gai-emaile lanekin Oneka Jauregi arduratu zen.

 

Otsailak 1ean, ostegunarekin, bertso gaua Kabigorrin.

Otsailaren 1ean, arratsaldeko 19:30etatik aurrera Manex Agirre aramaioarra, Xabier Sukia oriotarra, Maider Arregi oñatiarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra ariko dira bertsotan, Kabigorrin, nola ez,  Arkaitz Oiarzabal “Xamoa” oiartzuarraren esanetara guztiak. Bertso jarrien ardura Arkaitz Oiarzabal “Xamoak” berak hartuko du.

Gogoan izan saioa eta gero afaltzen edo mokadu bat egiten geratzeko aukera ezin hobea eskaintzen duela Kabigorrik.

 

Azaroko Kabigorriko bertso gaua, hilaren 9an izango da

Hilaren 9an izango da Kabigorriko azaroko bertso-gaua, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, ohitura dugun moduan. Mikel Garmendia irundarrak jarritako bertsoekin emango diogu hasiera saioari, eta segidan izango ditugu bat-bateko bertso lanean murgilduta Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” oiartzuarra, Jokin Bergara eibartarra, Patxi Castillo beratarra eta Aitor Errazkin irundarra. Azaroko saioan hirugarren irundar baten aginduetara arituko dira bertsolariak: Adrian Arrutirenetara, hain zuzen ere, saiorako gaiak prestatzeko eta egunean bertan aurkezle lanak egiteko ardura izango duena.

Gure aldetik besterik ez. Anima zaitezte saioaz gozatzera, eta oroitu Kabigorrik aukera paregabea eskaintzen digula saioa eta gero mokadu bat egitera geratzeko ere.

Ongi izan eta sarri arte.

Moskuko jaietako bertso saioak

Irunabarrek Moskuko jaiekin bat egin izan du beti, eta baita azken urteetan bertso-saioen antolakuntzak esku-kolpe bat eman ere. Aurtengoan, honakoak prestatu ditugu jaietako antolatzaileekin elkarlanean:

ABUZTUAK 19, LARUNBATA

Herri-bazkaria eta gero, bertso-poteoa. Bertsolariak: MANU GOIOGANA eta ENEKO ABASOLO “ABARKAS”.

ABUZTUAK 20, IGANDEA

Bertso-saioa. Arratsaldeko 19:00etan, Urdanibia plaza inguruan. Bertsolariak: IGOR ELORTZA, UNAI ITURRIAGA, ARKAITZ OIARZABAL “XAMOA” eta EGOITZ ZELAIA. Gai-emalea: ADRIAN ARRUTI.

 

Txingudiko Bertso-Eskolako gaztetxoenak Hendaiako Euskararen Hilabetean

Atzo (2017-03-10) Txingudiko Bertso-Eskolako gaztetxoen taldeko lau kidek parte hartu zuten Hendaiako Udalak antolatutako Euskararen Hilabetean. Arkaitz Oiartzabal irakasleak lagunduta joan ziren June Caro, Uxue Muguruza, Hai Trieu Alzaga eta Osane Amiano, eta Hendaiako Herriko Etxean bildu zirenentzat aritu ziren bertsotan.

This slideshow requires JavaScript.

Hilaren 3an, martxoko bertso gaua, Kabigorrin!

Hilaren 3an izango da martxoko bertso gaua, Irungo Peña karrikako Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, ohitura dugun bezala. Martxoko zitan Egoitz Zelaia hendaiarra, Arkaitz Oiarzabal “Xamoa” oiartzuarra, Mailaen Akizu urretxuarra eta Manex Mujika donostiarra ariko dira bertsotan, guztiak ere Gotzon Aizpiolea irundarraren aginduetara, azken honek hartu baitu martxoko saioko gaiak egin eta saioa aurkezteko ardura. Bertso jarriei dagokienez, Urko Casadorenak entzun ahal izango ditugu, Hendaian bizi, Txingudiko bertso eskolan ari eta Irunabarreko kide dugun lagun astigartarrarenak, hain zuzen ere.

Ikusten duzuen gisan, ordu eta erdi goxo eta entretenigarria igarotzeko osagai guztiak pronto ditugu, honakoan ere. Beraz, badakizue, gerturatu eta eman gozatua zuen zentzuei.

This slideshow requires JavaScript.

Kabigorriko ostegunetako bertso gauak: urteko azkena, abenduaren 4an

Abenduaren 4an izango da hurrengo Kabigorriko bertso gaua, hileko lehen ostegunarekin batera, ohitura den moduan. Honako honetan, Abel Zabala irundarrak, Iraitz Mateo eta Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” oiartzuarrek eta  Egoitz Zelaia hendaiarrak kantatuko dute (azken hau, saiora ezin etorriko den Aitor Albisturren ordezko gisa), Exteban Martiarena oiartzuarraren esanetara. Saioa arratsaldeko 19:30etan hasiko da Zuhaitz Olazabal irundarraren bertso jarriekin. Segidan, bat-bateko saioa osatuko dute arestian aipatu lau bertsolariek, eta saioa eta gero, dakizuen bezala, afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaintzen du Kabigorrik, beraz, aprobetxatu.

Hilabete honetako saioa, gainera, Irungo “Euskararen Egunak” herri ekimenaren egitarauan txertaturik doa, eta halakoetan egin ohi dugun gisan, tratamendu berezia emango diegu jan-edan kontuei. Badakizue zertaz ari garen, ezta?
Tira, bada; aitzakiarik ez da urteko azken bertso gauari uko egiteko.
Bertan izango gaituzue zain.

This slideshow requires JavaScript.

Moskuko jaietako bertso saioetako argazkiak

Aurten Moskuko Jaietako bertso saioetan Irunabarreko hainbat kide aritu dira bertsotan eta antolakuntza lanetan. Hona larunbateko bertso-triki-poteoak eta igandeko bertso saioak utzi dizkiguten hainbat irudi.

This slideshow requires JavaScript.

Moskuko Jaiak 2014 (abuztuaren 14tik, 17ra) bertsoz lepo

Gaur hasi dira Moskuko jaiak, eta egitarau betea eskainiko digute igandera bitarte. Bertsoari dagokionean, bertso-triki-poteoa izango da larunbat honetan, abuztuak 16, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, herri bazkariaren ondotik. Arkaitz Oiarzabal “Xamoa” oiartzuarra, Egoitz Zelaia hendaiarra eta Aitor Errazkin irundarra ariko dira bertsotan.

Igandean, aldiz, bertso jaialdia izango da eguerdiko 12:00etatik aurrera. Bertan, Haritz Casabal pasaitarra, Julen Zelaieta beratarra eta Gotzon Aizpiolea irundarra ariko dira bertsotan; laugarren bertsolari bat ere izango da oholtzan, baina oraindik ez da nor izango den zehaztu. Gaiak jartzeaz Egoitz Zelaia hendaiarra arduratuko da.

moskuko jaiak 2014

Post Navigation