Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “abendua, 2022”

“Erregina hil zitzaieneko”. Xabier Isasi Balanzategiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

ERREGINA HIL ZITZAIENEKO

Egilea: Xabier Isasi Balanzategi

Doinua: Euskal Herriko lur maite hartan

Hemen jaitsi dezakezu

1
Bertsoak jarri nahi dugunean
gaia bilatu beharko
Gaia bilatzen non abiatu
nola eta norentzako
Aski ezagun bada hobeto
ezaguna denerako
Elisabete Bigarrenari
jarri nahi diodalako
sinestarazi digute haien
ERREGINA HIL DELAKO

2
Londresen jaio, Ingalaterran
zainetan odol urdina
alemaniar jatorri eta
umetan nazi egina
Windsor deitura hautatu zuten
hori da gauza jakina
aita hiltzean, ustekabean
erreginaren zina
askatasuna gertu daukate
HIL DELAKO ERREGINA

3
Ingalaterra Eskoziako
Commonwealth Galeseko
Mundu erdia bere menean
Erreginak agintzeko
Zenbat pertsona eduki zuen
haren esklabo antzeko
badaezpada armada zuen
beti prest gerrarako
haien mundua zalantzan dago
ERREGINA HIL DELAKO

4
Itzal handiko agintaria
nonahi zuen eragina
Asian eta Afrikan ere
boterez ase ezina
Itxuraz bazen andre txiki bat
alaia kaskarina
herriak berriz sufritzen zuen
ankerkeriaren mina
askatasuna gertu daukate
HIL DELAKO ERREGINA

5
Zein mundu klase eraiki dugu
zeinentzat eta nolako?
Pertsona batek izan dezake
mundua bere meneko?
Ez gara gauza gure burua
guk berez gobernatzeko
egoki bizi gintezke denok
ez errege eta ez jainko
askatasuna gertu daukate
ERREGINA HIL DELAKO

6
Hamar egunez hiletaz bete
handikien purpurina
negar antzeko ikuskizuna
bakan batzuen samina
joan den mendeko mundu astuna
egingo zaigu arina
amaitu baita behin betirako
agintaritza gordina
mundu hobea izan daiteke
HIL DELAKO ERREGINA

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-abenduak23/

Jarraian bertso-sorta entzungai Peio Etxeberriak musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

Muarako lehenbiziko bertso-gaua [2023-01-06]

Kaixo, bertsozale:

Kabigorriko bertso-gauak bukatuta Irunabarren “jendaurrekotasuna” bukatu zela uste zenuen? Bada, oso oker zeunden.

2023a hastearekin batera egitasmo berria heldu da. Txingudiko bertso-eskoletako Bertso-tailerrak, Hondarribiko Muararekin elkarlanean, Muarako bertso-gauak Bertso-poteo estatikoak izena duen plaza sortu du eta ikasturteko hileko lehenbiziko ostiraletan izango dira saioak.

Lehenbiziko saioan, etxeko Irati Alcantarilla urruñarra arituko da kantuan. Berekin batera arituko dira Emaitz Murua oreretarra eta baita Josu Ibarguren oiartzuarra ere. Bertso-saioa 19:30ean hasiko da.

Gogoan izan Muarak afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan,

anima zaitezte!

Bortziritako Bertso Eskolaren XXIII. taldekako lehiaketan kantuan

Bortzirietako Bertso Eskolak gonbidatuta joan ginen Irunabarren jirako hainbat lagun XXIII. taldekako lehiaketara kantura, eta sekulako harrera egin ziguten bortziritarrek. Horra bidasotarrentzat ondutako bertsoak, esate baterako; behin baino gehiagotan kantatu genituen denok elkarrekin, baita Arrano Elkartean jokatu zen finalean ere.

Irun badaukazu zerbait

Hondarribiko kresala

Irun badaukazu zerbait

Aiako harrien itzala

Irun badaukazu zerbait

Biriatuko magala

Irun badaukazu zerbait

Plaiaundi ta Sindikala

Irun badaukazu zerbait

Bidasoa ospitala

Irun badaukazu zerbait

Bortziriko kapitala?

Irun badaukazu zerbait

Irunabar mundiala

ta bihar egunsentiak

bertsotan erna zaitzala

Bortziriko bertso eskolan

gabon bueltako epela

hogeita hiru aldi dira

taldeka biltzen garela

bertso onenaren saria

Kottorentzako txapela

koplak trikitixarekin

kale ixkiñan kartzela

oparia oroigarri

ta kanta bat gai bezela

Arranoko afaria

bertsozaleen hotela

irri algara ta malko

emozioen koktela

gazteak zarete eta

gozatu dezazuela

Eskerrik asko Kataku, Zialdo, Antoiu eta Arrano; eskerrik asko Bortziriak!

Igauri Lopetegi eta Aitor Tatiegi Txingudi ikastolan bertsotan

Urteak dira Txingudi Ikastolako Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasle eta irakasleek bertso-saioa antolatzen dutela, Euskararen Egunaren jiran, beti ere. Aurtengoan Igauri Lopetegi irundarra eta Aitor Tatiegi oñatiarra deitu zituzten, eta oso giro ederrean joan omen zen saioa. Eskerrik beroenak Amaia Amostegiri, bidalitako argazkiengatik.

Bejondeizuela guztioi, eta gure arteko harremanari eta elkarlanari dagokionez, urte askotarako izan dadila!

Datorren larunbatean, abenduak 10, Bortziritan izango gara

Bortziritako bertso eskolak beren “Bertso Eskolaren XXIII. Taldekako Lehiaketa”-n parte hartzera gonbidatu gaitu. Taldetxoa batu eta parte hartzera joatekoak gara. Plazer baduzue, Berako Katakun izango gara, esan bezala, abenduaren 10ean, larunbatarekin, eguerditik aurrera.

“50 urte”. Abel Zabala Elizazuren bertsoak, Iruneron.

50 URTE

Egilea: Abel Zabala Elizazu
Doinua: Kazkazurik jarriak

1-
Sorta hau idazteko
hartua dut beta
buruari emanda
makina bat buelta
adinaren gaineko
nire hausnarketa
berrogeita hamar urte
bete ditut eta.

2-
Jaiotzak haurtzaroa
dakar parez-pare
zenbat momentu eder
nintzela nerabe
bat bestearen atzetik
zenbakiek alde!
Urteak joan zaizkit
konturatu gabe.

3-
Sasoiko sentitzen naiz
badaukat indarra
baina hain da lausoa
adinaren marra
linbo batean nago
ai zer zoritxarra
za(ha)rrentzat gaztea naiz
gazteentzat zaharra.

4-
”Zahartzen ari zara
ta goiari eutsi!”
hori gezurra dala
nola erakutsi
zalantzari tarte bat
nahi nioke utzi
zenbat da urte asko?
zenbat urte gutxi?

5-
Galdera potoloa
dugu alafede!
Nork bere erantzuna
egin behar bere
aktiboa izatea
beti da mesede
zenbait ederki daude
laurogeikin ere.

6-
Denboraren joanak
dakar desgastea
eta ezinezkoa
hori saihestea
baina izpiritua
badugu askea
ezin ahal da bihurtu
zaharra gaztea?

7-
Hogei eta laurogei
ez direnez berdin
mirari haundirikan
ezin leike egin
buruari ahal dela
egoki eragin
gorputza hein berean
emendatu dadin.

8-
Berrogeita hamar urte
berdin mende erdi
ongi bizitzekotan
ez dira gehiegi!
Nik zortea izan dut
argi gera bedi
baina gehiago batzen
nahiko nuke segi. (Bis)

Iturria: https://irunero.eus/50-urte/

Jarraian bertso-sorta entzungai Peio Etxeberriak musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

Azken Kabigorriko Bertso-Gaueko argazki bilduma [2022-12-01]

Kaixo, bertsozale.
Hainbeste saioren ondoren, abenduaren lehenean egin genuen proiektu handi honen azken saioa. Jarraian gauak emandako zenbait irudi.

Post Navigation