Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “abendua, 2023”

Bertso bazkari musikatua Katean [2024-01-20]

Kaixo, bertsozale:
2024ko Korrika Irundik hasiko dela-eta, Bidasoko AEK eta eskualdeko gainontzeko euskara eta kultura eragileak martxoaren 14ra bitarteko asteak girotzeko lanetan hasi gara.
Testuinguru horrekin, Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko hainbat kidek eta inguru hurbileko lagunek osatu duten halako “bertso-banda”-ren saioa antolatu dute Katea-Landetxako auzo elkartearekin batera. Bertso bazkari musikatua izango da. Bertsolariak (Adrian Arruti, Abel Zabala, Aitor Errazkin eta Manu Goiogana), musikariak (Iban Clemente, Beñat Elosegi, Rafa Rodrigo eta Maddi Sanz), eta guzti horien artean, lokailu lanetan, gai jartzailea (Gotzon Aizpiolea). Horixe da antolatutako menua. Ilbeltzaren 20an izango da, eguerdiko 14:00etan, auzo elkartean. Jatekoa Larrea, hurbileko elikadurak prestatuko du eta sarrerak 15 euroan eskuratu ahal dira, honezkero, Hazia, Depor, Aranaztarra, Nuevo, Otazpi eta Itzala tabernetan (aukera beganoa ere egongo da. Hala nahi izanez gero, idatzi 747425434 telefono zenbakira).

Animatu zaitez!

Bertan behera utzi behar izan dugu abenduaren 15eko bertso-afaria

Eskerrik asko izena emana zenutenei eta oraindik horretarako asmoz zeundeten guztioi; eta barka eragozpenak, otoi, baina saioa bertan behera utzi behar izan dugu. Ea hurrengo batean!

Bertso festa berezia Irunen abenduaren 15ean; izena emateko azken eguna, abenduak 12.

Bertso festa berezia izanen da Irunen abenduaren 15ean, Bidasoako EKT elkartean, Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunearen eskutik. 

Arratsaldeko 19:00etan hasiko da bertso festa horretako lehen ekitaldi nagusia, Ombuaren Itzala film proiektuaren aurkezpena eginen baitu Patxi Bisquert zinema aktore eta zuzendari ezagunak. Bertsozale askok dagoeneko jakinen duen bezala, Pedro Mari Otaño bertsolari handiaren bizitza eta bertso gogoangarriak aurkeztuko ditu Ombuaren Itzala filmak. Ez gara, zoritxarrez, horren ohituak gure bertsolari handien eta gure bertso ondare paregabearen gaineko filmak ikusten, eta haren osagarri garrantzitsu batez gozatzeko aukera ederra eskainiko digu, zalantzarik gabe, Patxi Bisquertek zuzenduriko proiektuak. 

Badu, gainera, proiektu horrek, halako berezitasuna, aukera emanen baitigu bertsozale eta, oro har, euskaldun guztioi bere partaide izateko. Crowdfunding deitzen diote orain batzuek, baina auzolana aipatzen du bete-betean Patxi Bisquertek. Izan ere, hamarna euroan, 30.000 zinema sarrera saldu nahi dituzte aurrez Ombuaren Itzala filmaren egileek, proiektuaren geroa eta herri nortasuna ziurtatzeko. Aukera ederra gu guztiok film proiektuaren partaide bilakatzeko.

Arratseko 21:00etan hasiko da bertso festako bigarren ekitaldi nagusia, bertso-afari berezia. Pedro Mari Otaño (Zizurkil, 1857 – Rosario, Argentina, 1910) bertsolari eta poeta handiaren obra abiapuntutzat harturik, bertso emanaldi berezia prestatu du Irunabar, Irungo Bertsoaren Bilguneak afalondorako, XIX. mende bukaera eta XX. mende hasiera bitarteko urteetan esana eta izana izan zuten bertsolari batzuen bertsoak kantatzeko. Otañoren bertsoekin batean, ez da Joxe Manuel Lujanbio Txirrita ospetsuarenik faltako (Hernani, 1860 – Errenteria, 1936), eta egokiera izanen dugu, era berean, irundarrok Joxe Mari Lopetegi  gogoangarriaren (Irun, 1875 – Arrueta, Nafarroa Beherea, 1943) bertsoak berritzeko. 

Jakina den bezala, hiru aldiz hartu zuen Otañok Ameriketarako bidea, eta azkenekoaren ondoan ez zen Euskal Herrira itzuli. Halatan, Argentinan izan zen garai hartako beste bertsolari garrantzitsu baten kantuak ekarri nahi izan ditu Irunabarrek, eta horra Joxe Mendiaga bertsolari apartaren lanak (Aldude, Nafarroa Beherea, 1845 – Montevideo, 1937). Harremanak izan zituzten Otañok eta Mendiagak Ameriketan, Rosario aldean eta Montevideon bizi izanagatik.

Irunabarren eskutik, bertsolari handi hauen bertsoak ezagutzeko eta kantatzeko aukera izanen dugu abenduaren 15ean, ostiralez, Bidasoako EKT elkartean prestatuko den bertso-afari goxoan. Prezioa: 20 euro. Izena emateko telefonoa (whatsapp): 685727539.

Jakin ezazue, bestalde, bertso festa honek lekua egina duela gaurgero Korrika Kulturalaren agendan. Ongi dakizuen bezala, Irun izango da XXIII. Korrikaren abiapuntu, 2024 martxoaren 14an.

“Berdea berdea ote”. Andoni Zelaia Otañoren bertsoak, Iruneron.

BERDEA BERDEA OTE

Egilea: Andoni Zelaia Otaño
Doinua: Iskin hontatik idazten dizut

Hemen jaitsi dezakezu

1
Aran soinpeko Fun Chang jakintsu
berdea omen neutroa,
gauza guztien zergatiari
filosofi handikoa,
baikorrak honat ezkorrak harat
eta erdian erdikoa,
mundu guztian ezaguna da
txinatarrentzat jainkoa.

2
Zalantza gabe esango nuen
berdea dela baikorra,
naturak berez jantzi ohi du
unibertso emankorra,
udaberriro esnatu arren
hain da mundu aldakorra,
ahaztu gabe lurra dugula
gure bigarren zilborra

3
Betaurrekoak berdeak jantzi
berdea gatibu dugu,
gaur berdeari apologia
egitea da helburu,
berdekeriak txiste berdeak
txiste matxistak seguru,
taberna hartan egon ondoren
ia bi oren inguru.

4
Berdeak ziran guardia-zibilak
berdeak ninya dordoka,
martxa berdea Marokotikan
matxinada ate joka,
politikoak erakundeak
berdetzearen erronka,
punta gabeko korapiloa
ezkutatzen duen soka.

5
Zenbat ekintza berdez apaindu
aldaketaren lekuko,
pentsamendua ideiaz jantzi
lagun eta lagun hurko,
beste mundu bat posible dela
nork ez luke amestuko,
kontsumoari heldu ezean
ezer ez da aldatuko.

6
Muskerrak eta aza buruek
berdetzen dute ortua,
erle munduak erakusten du
naturaren jo puntua,
berari esker argi pixka bat
kandela jarri piztua,
gizaldietan ez bedi eten
gure harreman estua.

7
Arkaitzerreka erraustegia
hemen bertatik bertara,
ura urdina berdea grisa
kolorez aldatu bada,
Europan denik eraikinetan
seguruenen gisara,
saldu ziguten zorpetu ere
isiltasun hau zer da ba.

8
Nuklearrekin trantsizioan
ari dira eragiten,
energiaren berriztatzeko
kate begiak berpizten,
garbia eta berdea zer den
ez da samurra jakiten,
kameleoiez jantzita ere
ez du berdea egiten.

Iturria: https://irunero.eus/berdea-berdea-ote/

Jarraian bertso-sorta entzungai Makalok musikatu eta kantatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

“Ibaitik itsasora”. Igauri Lopetegi Amostegiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

IBAITIK ITSASORA

Egilea: Igauri Lopetegi Amostegi

Doinua: Kubako gerrarena

Hemen jaitsi dezakezu

Bertso berriak jarri nahian, bai,
baina jartzekotan zeri?
Nik ezin diot hitzik eskaini
honi ez beste ezeri.
Nahiz eta suerta dakidakeen
esplikatzea zailegi,
beste ezertaz hitz egitea
gaur egun ez da zilegi.

Mendebaldetik kontrolaezin
zen ekialde hurbila.
Galtzada baten bila zebilen
kapitalaren gurpila.
Han Palestina hautatu zuten
bidea izan zedila,
besteren etxe zena ibiliz
euren interesen bila.

II. Mundu Gerra pasata,
Europan hitz hauek saldu:
“Lur sakratuan bizi nahi badu
inork aukera orain du.
Holokaustoko zauri guztiak
baietz han ongi orbaindu!”
Naziek sortu kaltea, eta
palestinarrek ordaindu.

Sionismoa babestuz joan zen
hara kolono bailara,
Israel sortuz, estatu on bat,
Europakoen mailara,
NATOrentzako base berri bat
bere interesetara.
Armada duen estatu baino
Estatudun armada da.

Harrezkeroztik palestinarrek
abiaturik borroka,
eurek hil arte inor hiltzeak
ez zuen asko inporta.
Biolentoa da orain ibaia
gainezka, harro, dator ta,
ta inork ez du aipatzen hura
estutzen duen arroka.

Palestinaren ta Israelen
artean dago ataka
Ta negoziatu dezaten askok
ematen dute matraka.
Negoziaketan negoziorik ez
duenak ezer ez dauka,
noiztik aritzen dira hizketan
lepoa eta ezpata?

Mendebaldeko biztanle asko
nahiz eta gaiaz kezkatu,
eta bakean bizi daitezen
estatu bana eskatu,
Sionistei esan zitzaien
sortzeko, ba, bi estatu!
Baina, gero lur zati bakarra
ere ez zuten askatu.

Ondo babestu izanagatik
Israelgo potentzia,
Espainiako presidentea
ezkerrak du hautetsia.
Ez naiz hasiko hemen salatzen
zer den inkoherentzia,
norberak jasan beharrekoa
da norbere kontzientzia.

Hamaika mila hildako dira,
egunetik egun gora.
Hemendik ere bultzatu ezik
ezin iritsi inora.
Oh, Palestina, lur zanpatua,
inoiz libre izango da,
Mendebaldeko kateetatik
ta ibaitik itsasora.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-azaroak24/

Jarraian bertso-sorta entzungai Peio Etxeberriak musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

Post Navigation