Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “maiatza, 2023”

«”Pequeña Velocidad”, galdera ikur handia». Aitor Errazkin Vicenteren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

“PEQUEÑA VELOCIDAD”, GALDERA IKUR HANDIA

Egilea: Aitor Errazkin Vicente

Doinua: Zeruari begira

Hemen jaitsi dezakezu

1.- “Pequeña Velocidad”
pabiloi bitxia
pasaeran frankotan
nahiz eta ikusia
eskolatik gutxitxo
dator ikasia
bere baitan dagoen
historia guzia

2.- Kontzentrazio-esparru
kontuak nazien
istorioak zirela
sinetsita nintzen
baina Irunen ere
gauzak nola diren…
baten faltan bospasei
izan omen ziren!

3.- Bideratu zituzten
hamaika preso han
ez zirenak postura
oso erosoan
frogak oraindik zutik
dirau Bidasoan
horrek baino ez omen
Gipuzkoa osoan

4.- Argazkiak badira
noski ikusteko
keinu faxistak eta
eriak tarteko
nahiz txuri-beltzak izan
horitu antzeko
aski dira edozein
lotsagorritzeko

5.- Ez zaio inoiz jarri
izandu arreta
beti apartatuta
zeuden lau pareta
balioz hustu eta
goroldioz beteta
memoriaz oroitzeaz
ahaztu ginen eta

6.- Estatu Espainolaren
eskuetan luzaro
Udalarenetara
berriki igaro
eta orain airean
galdera bat dago:
luzituko ote duen
gaur baino gehiago

7.- Udalak proiektu bat
baitu hor barrena
Via-Irun izena
jarri ziotena
horra ekin aurretik
aitortu zutena:
eraitsi nahi zutela
zutik dagoena

8.- Nicolas Gerendiain
eta Kepa Ordoki
taldeek adierazi
dute publikoki
han lekiokeela
eskaini egoki
memoriari behar
bezainbeste toki.

9.- Udalak pasarela
nahi du bideratu
eta memorialistek
ez dute ukatu
Gainera museo bat
noiztik da bekatu?
Ezin al dira biak
bakarrera batu?

10.- Trenez elkar litezke
Madril, Paris, Irun
baina nondik gatozen
ahantzi ez dakigun
iraganak zeregin
bat ezarri zigun:
Ea geroarekin
uztartzen dakigun…

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-aitor-errazkin/

Jarraian bertso-sorta entzungai Makalok musikatu eta kantatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

“Gerra txikiak”. Zuhaitz Olazabal Susperreguiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

GERRA TXIKIAK

Egilea: Zuhaitz Olazabal Susperregui

Doinua: Naparruatik ardo karraio A

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Zein polita den hiru umeren
begietako dirdira
baina itsustu daitekeena
adi jarrita begira.
Eguneroko bizitzan dauden
gertakarien harira
irabazteko zailenak beti
gerra txikienak dira.

2)
Gurean behintzat ohiko dira
purrusta eta protesta
denon oihuez etxea dugu
dezibelioz gainezka.
Ingurukoek hala diote:
horren arraroa ez da!
Beraz, nahi dugun lasaitasuna
ezinezkoa da, ezta?

3)
Ez, ez eta ez izaten dugu
erantzun ohikoena,
uste al dute modu horretan
lortuko dutela dena?
Baina eurengan nork ernatu du
errebeldiaren sena
jada zainetan baitaramate
kontra egitearena?

4)
Otorduetan ere liskarrak
jakiekin egunero,
dutxa garaian euren aldetik
borondaterik balego!
Negar zotinka hasten zaizkigu
lotara esan ezkero
umeak bizi poza direla
salduko digute gero.

5)
Aratz handia dugunez dena
egin nahi du bere kasa,
Izarrek dio bera ez dela
guk uste bezain eskasa.
Zazpi eta bost urte dituzte,
sakon hartzen dut arnasa…
handiusteko ume hauekin
asmatzen ez da erraza.

6)
Iraitzek bere jolas berria
behingoz albora dezala,
bi urterekin eskalatzea
noiztik dugu ba normala!
Besotik helduz, entzun maitea
jaitsi hortik berehala
baina zergatik begiratzen dit
behiak trenari bezala?

7)
Nahiz sarri dantzan jartzen gaituzten
despistatzen garenean
bizitza eder egiten duten
gauzak dira azkenean.
Gerra txikiez kexatu arren
ongi gaude gehienean
elkar goxatuz eta gozatuz
aukera sortzen denean.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-3/

Jarraian bertso-sorta entzungai Makalok musikatu eta kantatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

“Erreferenteak matematiketan”. Manu Goiogana Bengoetxearen bertsoak, Iruneron.

ERREFERENTEAK MATEMATIKETAN

Egilea: Manu Goiogana Bengoetxea
Doinua: Zazpiak oihal batetik

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Erreferente bat izateak
egiten digu mesede:
Pitagoras, Gauss, Euler, … badira
gizonen hamaika lege.
Emakumeek ez zuten arren
merezi beste botere,
erreferente asko badaude
matematiketan ere.

2)
Hipatiak zer ekarri ote
zuen Alexandriara?
Aurrerapauso asko aljebra
eta astronomiara.
Irakaskuntzan ere zabaldu
zuen bere lan ilara,
ezagutzen den lehen emakume
matematikaria da.

3)
Agnesik egin zuen lotura,
gaztea zela artean,
aljebra eta ekuazio
diferentzialen artean;
noski, kalkulu dibulgazio
lanak egin bitartean.
Behar du toki diferentzial bat
gaur egungo jendartean.

4)
Kovaleskaiak egindakoez
ote gara jakitunak?
Cauchy-ren lan bat hobetu zuen
Sofiaren erantzunak,
definituta utzi zituen
Saturnoren eraztunak.
Biak, izenak eta lorpenak,
izan bitez ezagunak!

5)
Emmy Noetherren lana aljebra
abstraktuan aitzindari;
Teorema bat badu berea
zabaldua munduari.
Emakumea zenez igaro
arren zailtasun ugari,
pasio handiz bizitza eman
zion matematikari.

6)
Katherine Johnson famatu zuen
bere NASAko karrerak
orbitetako mekaniketan
zenez erreferente bat.
Ilargirako ibilbidea
kalkulatu zuen berak;
ea gai garen aireratzeko
orain bere ibilerak.

7)
Ikertu eta zabaldu ditu
ipini arte ulergai
geometria, topologia
eta beste hamaika gai.
Marta Machoren bizitza bera
dagoenez zientziaz blai,
matematika bultzatuz dabil,
berdintasuna ere bai.

8)
Mary Somerville zein Sophie Germain,
Mirzakhani ere berdin,
matematika landu zutenak
hori baitzuten atsegin.
Etiketetaz ahaztu eta
ilusioa jaregin:
lehen baziren, orain badira, …
zuk zer nahi zenuke egin?

Iturria: https://irunero.eus/erreferenteak-matematiketan/

Muarako bosgarren bertso-gaua [2023-05-05]

Kaixo, bertsozale:

Lehen lau saioak egin ditugu eta primerakoak izan dira. Bosgarren saioaren atarian gaude honezkero. Maiatzaren 5an izango da. Bertan ariko da kantuan Txingudiko Bertso-Eskoletako Karlos Aizpurua Etxarte oiartzuarra. Harekin batera Haira Aizpurua Ibargarai saratarra eta Patxi Iriart Hiribarren hiriburuarra izango ditugu. Bertso-saioa 19:30ean hasiko da.

Gogoan izan Muarak afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan,

anima zaitezte!

Post Navigation