Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “abendua, 2017”

2018ko lehendabiziko bertso gaua urtarrilaren 4ean

Urtarrilaren 4ean izango da urteko lehendabiziko bertso gaua, eta bertan ariko dira Iñaki Zelaia, Julen Zelaieta, Aimar Karrika, Andoni Zelaia eta Abel Zabala. Gaiak jartzen Aitor Errazkin ariko da, eta bat-bateko saioaren aurreko bertso jarriak, aldiz, Adrian Arrutiren eskutik helduko zaizkigu.

Gogoan izan saioa eta gero afaltzeko aukera paregabea eskaintzen digula Kabigorrik. Bertan elkar ikusiko dugulakoan, urte berri on denoi.

Egoitz Zelaia eta Aitor Errazkin, Hondarribian, euskararen nazioarteko egunean

Blaganek eta Hondarribiko Udalak elkarlanean antolatutako egitarauari bertsotan eman zioten hasiera Aitor Errazkin eta Egoitz Zelaiak Itsas Etxea aretoan.

“Egun garrantzitsua gaurkoa, azken hilabeteetan argazkien mosaikoa osatzen ibili gara “itxeki euskarari” leloarekin, eta gaur izan da lan horren aurkezpena, nazioarteko euskararen egunarekin bat eginda. Jende asko hurbildu da Itsas Etxera antolatu dugun ekitaldian parte hartzera. Lehenengo zatian Udaletxeko zinegotziek mezua irakurri dute eta “Euskara munduan, besteen ahotan” dokumentala ikusi dugu. Ondoren Aitor Errazkin eta Egoitz Zelaia bertsolariek bigarren zatiari hasiera eman diote, San Jose Ikastetxeko eta Ama Guadalupekoa ikastetxeko ikasleek prestatutako bideoak ikusi ditugu, Talaiako DBHko ikasleek “beti euskaraz cup song” abestu dute eta Talaia batxilergoko ikasleek musika emanaldia eskaini digute. Momentu horretan mosaikoa osatzeko jaso ditugun argazki guztiak banan bana pantailan ikusteko aukera izan dugu, guztira 700 argazki jaso dira! Lastima denak mosaikoan sartu ezin izana! Bidalitako argazki guztiak kontuan hartuz sarien zozketa bat egin da, eta abestien bidez saioa bukatu dugu. Ondoren, kalejiran, mosaikoa jarrita dagoen lekuraino hurbildu gara eta han abestuz ekitaldia amaitutzat eman da.” (Blagan, 2017)

Manu Goiogana Bengoetxearen “Zure ordenean” bertso sorta, Iruneron.

2017-2018 ikasturtean abiatutako elkarlana medio, hilabetero bertso sorta bat idazten du Irunabarren bueltako lagunen batek Iruneron argitaratzeko, hamabostean behin Irunen euskara hutsean argitaratzen den hamabostekarirako, hain justu ere. Abenduan, Manu Goiogana Bengoetxearen txanda izan da: “Zure ordenean“.

Abenduko Kabigorriko bertso-gaua, musikatua (2017-12-14)

Abenduko Kabigorriko bertso gaua hilaren 14an izango da, behin abenduko zubia pasata, ostegunarekin, eta arratsaldeko 19:30etatik aurrera, beti bezala.

Bertso saio musikatua izango da, eta bertsotan Beñat Gaztelumendi (Añorga), Alaia Martin (Oiartzun), Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein) eta Manu Goiogana (Irun) ariko dira; guztiak Haritz Casabalen (Pasai Antxo) aginduetara eta Antton Aranburu eta Beñat Urteaga musikarien erritmora.

Gogoan izan Kabigorrik afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaintzen duela. Plazer baduzue, bertan ikusiko dugu elkar.

Post Navigation