Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Hondarribiko Udala”

XANTI ZABALA “Lexo” bertsolariaren aldeko kantaldi-omenaldia [2019-03-16, Hondarribian]

Tania Lozano Irundarrak eginiko kartela. Erretratuaren egilea, Arantxa Arratibel.

Kantaldi formatuan egingo dio omenaldia Txingudiko bertso eskolak Xanti Zabala “Lexo” bertsolari handia zenari. Martxoaren 16an izango da emanaldia, Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean, eta dohainik izango da sarrera.

Gaztetan ekin zion Lexok bertso lanari, eta hainbat sariketa eta txapelketatan hartu zuen parte. Zepai Saria irabazitakoa, 1967ko Gipuzkoako finalean ere kantatu zuen, besteak beste. Eta bertso jarritan ere sekulako altxorra, animaleko ondarea utzita zendu zen Xanti, 2012ko martxoan. Bere obra idatziaren zati handi bat txukun asko jasota dago Udaberriz izeneko Auspoa bildumako 325. liburukian, eta baita bat-batean kantatutako hainbat bertso ere, liburuak KDa baitakar barruan. Liburuaren koordinazio lanak eta iruzkinak Nikolas Aldaik eginak dira, eta Pello Esnalen hitzaurrea darama. Liburu horretatik beretik hautatu dituzte bertso tailerreko kideek kantaldian kantatuko dituzten bertso-sorta guztiak, hautaketa egitea galanki kosta bazaie ere.

Donostiako hainbat lagunekin bildu ohi zen Xanti bere zaletasunik handiena zuenari eusteko, eta 2008 eta 2012 urteen bitartean Txingudiko bertso eskolara ere etortzen hasi zen, bat-bateko taldean aritzera. Abel Zabala, Xantiren seme gazteena, Txingudiko bertso eskolako kide da, eta Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko eragile. Aita-semeek makina bat bertso kantatu zituzten elkarrekin, beraz, denbora tarte horretan. Baina bertso eskolako kide guztiekin zuen Xantik hartu-eman bikaina, eta hortik bertso eskolako kideek kantaldiari aitortzen dioten garrantzia. Bertsolaria omenduko dute, obrari aitortza egin, baina batez ere, berak idatzitako bertsoak mimoz musikatu eta kantatuz oroitu nahi dute laguna.

Orain hiru urte, 2016ko urriaren 22an, hain zuzen ere, Joxe Mari Lopetegiren aldeko kantaldi omenaldia antolatu zuten Txingudiko bertso eskolako bertso tailerreko kideek. Eta kantaldi harekiko lanak amaitu bezain laster ekin zioten Xanti Zabala “Lexo”ren aldekoa antolatzeari. Bertso tailerreko lagunek Lopetegi omendu zuteneko hainbat kantari eta musikariren laguntza jasoko dute honakoan ere: Auntxa Trikitixa Eskolako irakasle eta ikasleak, Irungo eta Hondarribiko Musika Eskoletako hainbat irakasle eta ikasle, eta beste hainbat musikari, kantari, bertsolari eta lagun.

40 lagun ingururen artean burutuko dituzte emanaldiko oholtza gaineko lanak. Eta Joxan Elosegi idazle eta itzultzaileak hartuko du bertso sortei buruzko iruzkinak egin eta kantaldia aurkezteko ardura. Bertso tailerreko kideek emanaldi hunkigarri bezain ederra espero dute. Ziur daude egindako bertso-sorten hautaketarekin, eta oso pozik kantari, musikari eta lagunek bertsoak musikatzeko eta oholtzaratzeko egiten ari diren lanarekin. Martxoaren 16a iristeko irrikitan daude dagoeneko bertso eskolako kideak, eta gonbidapena egin nahi diete eskualdeko bertsozale guztiei kantaldia entzutera Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumera etor daitezen, ezustez betetako kantaldia izango delako.

Bertso Tailerreko kideek Txingudiko Mugaz Gaindiko Partzuergoaren eta Hondarribiko Udalaren laguntza jaso du kantaldia aurrera ateratzeko.

Egoitz Zelaia eta Aitor Errazkin, Hondarribian, euskararen nazioarteko egunean

Blaganek eta Hondarribiko Udalak elkarlanean antolatutako egitarauari bertsotan eman zioten hasiera Aitor Errazkin eta Egoitz Zelaiak Itsas Etxea aretoan.

“Egun garrantzitsua gaurkoa, azken hilabeteetan argazkien mosaikoa osatzen ibili gara “itxeki euskarari” leloarekin, eta gaur izan da lan horren aurkezpena, nazioarteko euskararen egunarekin bat eginda. Jende asko hurbildu da Itsas Etxera antolatu dugun ekitaldian parte hartzera. Lehenengo zatian Udaletxeko zinegotziek mezua irakurri dute eta “Euskara munduan, besteen ahotan” dokumentala ikusi dugu. Ondoren Aitor Errazkin eta Egoitz Zelaia bertsolariek bigarren zatiari hasiera eman diote, San Jose Ikastetxeko eta Ama Guadalupekoa ikastetxeko ikasleek prestatutako bideoak ikusi ditugu, Talaiako DBHko ikasleek “beti euskaraz cup song” abestu dute eta Talaia batxilergoko ikasleek musika emanaldia eskaini digute. Momentu horretan mosaikoa osatzeko jaso ditugun argazki guztiak banan bana pantailan ikusteko aukera izan dugu, guztira 700 argazki jaso dira! Lastima denak mosaikoan sartu ezin izana! Bidalitako argazki guztiak kontuan hartuz sarien zozketa bat egin da, eta abestien bidez saioa bukatu dugu. Ondoren, kalejiran, mosaikoa jarrita dagoen lekuraino hurbildu gara eta han abestuz ekitaldia amaitutzat eman da.” (Blagan, 2017)

Post Navigation