Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “urria, 2013”

Landetxako XX. Aste Kulturalean kantari

Abel Zabala eta Aitor Errazkin Landetxan bertso kantari aritu ziren, 2013ko urriaren 5ean. Eguerdian, auzotarrek Landetxako lehendabiziko Auzo Elkarteko kideak omendu zituzten, eta Aitorrek eta Abelek saioa hiruna bertsorekin hasi bazuten ere, antolakuntzakoen eskariz eten egin behar izan zuten, ari zuen euri zaparrada medio. Hala ere, Landetxako Auzo Elkartean deituta zegoen auzo-bazkarian eman ahal izan zioten jarraipena saioari gero.

2013-10-05_landetxa_2

‘Itsasturiak’ Hendaiako ‘Mendi Zolan’ aretoan

Pasa den Iralilaren 13an, Hendaian, “Itsasturiak” izeneko erakusketaren irekiera ekitaldia burutu zen Mendi Zolan erakusgelan.

“Itsasturiak” euskal arrantzale, portu eta itsas langileen bizimoduari buruzko erakusketa izaki, aurkezpen ekitaldian ez zen euskal kulturaren erakusgarri diren dantza, kantu eta bertsorik falta izan. Antolatzaileek Txingudiko bertso eskolatik bertsolaririk joango ote zen galdetu zutenean, Gotzon Aizpioleak hasiera-hasieratik azaldu zuen lanerako prestutasuna, eta hona egunerako prestatu zituen bertsoak. Ederrak benetan:

ITSASTURIAK

Zokoa eta Donibaneko
portua da sorburua,
kresal usainez, elkarlanean
sortutako ingurua.
Itsasoaren alde guztiak
biltzea zen helburua,
lana du ardatz, “Itsasturiak”
berezko izenburua.
Ikus dezagun, ikas dezagun
itsasturien mundua.

Arrantza ontzi, bilketa sare
nahiz portu antolaketa,
urte luzetan osatu duten
argazki erakusketa,
familiaren bizimoduak
behar du bere arreta,
itsasoari lotu zirenen
hamarnaka eleketa …
Guztia dago altxor honetan
behar bezala gordeta.

Baña altxorrak ezin du bere
bidea bertan amaitu,
itsasturien mundua behar
du erakusten jarraitu
jendeak entzun ditzan emazte
gizon hauen mila aipu,
itsas jendeak bizi duena
gizarteagan sustraitu.
Goza dezagun bere sarean
harrapatuko baigaitu.

Azpiko bideoan, azken bertsoa kantatu zueneko bideo zatia:

Post Navigation