Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “bertso saioa”

Aurten ere Gibeletako aiton-amonekin

Aurten ere, Euskararen Nazioarteko Eguna medio, deia jaso genuen Gibeletako eguneko etxera joan eta bertso-saioa egiteko. Iñigo Ugarte eta Manu Goiogana bertaratu ziren bertsotara, iaz bezalaxe. Aurtengoan, baina, bertsolarien azken agurrekin “kantuak” amaitu baziren ere, “kontuek” ez zuten etenik izan. Izan ere, Aitziber Martiarenak eta bertako entzuleen artean ziren lau amonak (Lourdesek, Mª Luisak, Ferminak eta Paulak) egun hartako kronika osatzeari ekin zioten eta bidali egin digute; irakurtzea merezi duen kronika, ezbairik gabe. Gibeletako eguneko etxeko monitorea da Aitziber, eta bertako aiton-amonekin hainbat ekintza dinamizatzen jarduten du. Bejondeizula, Aitziber; besarkada handi bat, mila esker eta urte askoan!

This slideshow requires JavaScript.

GIBELETAKO EGUNEKO ETXETIK JASOTAKO KRONIKA, EUSKARAREN EGUNEKO BERTSO SAIOARI BURUZ:

Euskararen Eguna ospatzeko bertso saioa modu polita iruditu zitzaien aitona-amonei.

Paulak Manu bertsolaria ezagutzen zuen bere bizilaguna eta ia-ia familiakoa baita.

Fermina guztiz txundituta geratu zen: “No se el vasco pero me encantó y me sorprendió como leían el papel con la palabra escrita y enseguida echaban un verso. En la plaza de mi pueblo, en Idiazabal, durante las fiestas solía haber bertsolaris, y me gustaba ir aunque no entendiese.

Mª Luisa berriz, bertsolari familiakoa dugu; bere Aitona Juan Ignacio Riverak, Oiartzungo jaietan abestu ohi zuen. Aitona-amonek gazteleratik euskarara itzultzeko lana egin behar izan zuten bertsolariei hitz solteak eman aurretik. Eta horretan, Mª Luisa oso abil ikusi genuen, adibidez, palvoron/auxkeia edo crisis/mixeria.

Paula aspaldidanik oso bertsozalea dugu; ez du inoiz hutsik egiten Uztailaren 1eko Irungo Baserritar egunean egiten den bertso kantaldira. Gogoan du oraindik, Albisturreko Baxerri bertsolaria kartzelara eraman zutela Francoren garaian euskaraz abesteagatik.

Lourdesek, nahiz eta aitortu ez dela oso bertsozalea, oso gustura egon zela aipatu digu. Gogoratuz, irribarrea ahoan zuela, polboroi eta Rajoy hitzekin burututako bertsoa: aurten polboroi asko jateko aukera handirik ez dugula izango Rajoyri esker murrizten doazen pentsioekin.

Lauei –Lourdes, Mª Luisa, Fermina eta Paulari— bertsolari ezagunen izenak aipatzerakoan, honako hauek etorri zaizkie burura lehenbailehen: Lizaso, Egaña, Txirrita, Peñagarikano eta Lujanbio. Bertsolaritza txapelketaren finala gertu dugun honetan, Paulak argi du Maialen Lujanbio irabaztea gustatuko zitzaiola, emakumeak ere bertso munduan paper polita egin dezaketela erakusteko.

Hurrengo urtean, Euskararen Eguna ospatzeko ez dute zalantzarik izan lau emakumeek: “Etor daitezela berriz ere, guri arratsalde entretenigarri bat igarotzera”.

Gibeletako eguneko etxeko Lourdesek, Mª Luisak, Ferminak, Paulak eta Aitziber monitoreak ondutako testua.

OSTEGUNETAKO KABIGORRIKO BERTSO-GAUAK (abendua)

Kaixo, bertsozale:

Azaroa ere joan zaigu, eta abenduan sartzearekin batera Kabigorriko ostegunetako bertso-gaua dakorkigu, hilabeteko lehen ostegunean Kabigorri ostatuan, urritik hona ohitura bilakatu dugun moduan.

Abenduko zita hilaren 5ean izango da, 19:30etan. Bertan, Manu Goiogana, Julen Zelaieta, Ioar Tainta eta Haritz Casabal bertsolariak ariko dira kantuan Zuhaitz Olazabalen aginduetara.

Oraingo honetan, bertso-saio hau, Irungo hainbat elkartek Euskararen Nazioarteko Egunaren harira antolaturiko Euskararen Egunak herri ekimenaren programazio barruan txertaturik doa.

Gogoratu: Abenduaren 5ean, Irungo Kabigorri ostatuan, BERTSO-SAIOA 19:30etatik aurrera.

Manu Goiogana, Julen Zelaieta, Ioar Tainta eta Haritz Casabal izango dira gurekin!

A! Eta saio ostean… Ezustekoak!

Irunen ere Euskaraz bizi nahi dugulako, anima zaitezte! Bertan elkar ikusiko dugulakoan, jaso ezazue agur bero bat.

Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Landetxako XX. Aste Kulturalean kantari

Abel Zabala eta Aitor Errazkin Landetxan bertso kantari aritu ziren, 2013ko urriaren 5ean. Eguerdian, auzotarrek Landetxako lehendabiziko Auzo Elkarteko kideak omendu zituzten, eta Aitorrek eta Abelek saioa hiruna bertsorekin hasi bazuten ere, antolakuntzakoen eskariz eten egin behar izan zuten, ari zuen euri zaparrada medio. Hala ere, Landetxako Auzo Elkartean deituta zegoen auzo-bazkarian eman ahal izan zioten jarraipena saioari gero.

2013-10-05_landetxa_2

Kabigorriko ostegunetako bertso-gauak

Hitz hauen bidez abian jarri dugun proiektu baten berri ematea da helburua; Kabigorri elkarteak, eta Irunabar Irungo bertsoaren bilguneak, elkar-lanean burutuko duten proiektu bat da aurkeztu nahi dizueguna, pretentsio handirik gabekoa, baina, gure bailaran bertsogintza eta euskalgintzari bultzada handia eman nahi diona.

Urte osoan zehar eta hilabeteko lehen ostegunetan Kabigorri ostatuan bertso-saio bat egingo da, non eskualde honetako eta inguruko eskualdeetako jendeak parte hartuko duen. Saioak doanik izango dira, eta 19:30etan izango dute hasiera ordua.

Honen bestez gomitatu nahi zaituztegu proiektu honi hasiera emango dion lehen saiora, Urriaren 3a, osteguna, arratsaldeko 19:30 etan Kabigorri Ostatuan, Irunen;

Bertsolariak Abel Zabala (Irun), Eneritz Zabaleta (Baiona), Eneko Fernandez (Lesaka), eta Alaia Martin (Oiartzun) izango dira, eta gai-jartzaile lanak Egoitz Zelaiak egingo ditu.

Bertan elkartuko garelakoan besarkada bana!

Moskuko jaietan ere bertsotan

Gaur hasiko dira Moskuko Jaiak. Hemen dituzue jaietako kartela eta egitaraua, ekintzez gainezka. Parte hartzera animatu eta ongi pasa!

MOSKUKO JAIAK 2013 - KARTELA

Bertsoei dagokienean, larunbatean, abuztuak 17, BERTSO-TRIKI-POTEOA izango da eta igandean, hilak 18, eguerdiko hamabietan, BERTSO SAIOA Uxue Alberdi, Fredi Paia, Hodei Barroso eta Manu Goiogana bertsolariekin.

MOSKUKO JAIAK 2013:

ASTEAZKENA 14
19.00 paseo historikoa auzotik MERTXE TRANTXEren eskutik
20.30 jai haiserako pregoia IÑAKIren eskutik
20.50 AMAIA LAINONen poesia KAXA
21.30 kontzertua: THE BIG BAND THEORY

OSTEGUNA 15
16.00 mus txapelketa
17.00 haur jolasak
18.30 haurrentzako txokolatada
21.30 Jam Session-a plazan

OSTIRALA 16
17.00 arropa eta artisau azoka herrikoia
19.00 joko ez olinpikoak: txingak……sari ikusgarriekin
20.30 kontzertua: CAPSULA · MATXURA · MUSHROOM CAFFEINE

LARUNBATA 17
10.00 pala txapelketaren finalerdi eta finala frontoian
13.00 euskal dantzak KEMEN dantza taldearen eskutik
14.00 bazkari herrikoia
17.00 bertsotrikipoteoa auzoko tabernetatik 
19.00 BONBERENEAKO TXARANGA
21.30 kontzertua: ZAKILLERS · LAS CULEBRAS · JOSEBA IRAZOKI

IGANDEA 18
12.00 bertsolariak: UXUE ALBERDI – ODEI BARROSO – FREDI PAIA – MANU GOIOGANA
17.00 sardinada eta brotxeta bejetak
17.30 joko ez olinpikoak: toka, zaku lasterketa…sari ikusgarriekin
20.00 kontzertua; AINARA LEGARDON kabigorrin
22.00 kontzertua: ESTORNUDO NUKLEAR txosnan

Post Navigation