Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “martxoa, 2022”

“1945 maiatzak 8”. Andoni Zelaia Otañoren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

1945 MAIATZAK 8

Doinua: Baneza eta banitu
Egilea: Andoni Zelaia Otaño

1
Historia oroimena
dugu ezkutu onena,
nola galtzailearena,
edo nagusitu dena,
lehengo mendean berrogeita bost
maiatzak zortzigarrena,
bigarren mundu gerra handia
jarri zioten izena,
ardatza deitu nazi frenteak
bere egunik latzena,
beste aldetik aliatuak
gailendu ziran azkena. (err)

2
Alemania nazia,
Italiari josia,
Japoniak nahi Asia,
jadanik gerra hasia,
Errumania Hungaria eta
Bulgaria ere nahasia,
naziak eta faxistak batuz
frankistak erein hazia,
arrazismoa diktaduraren
atzerakoien hesia,
historiaren lotsa dirade
utzitako herentzia. (err)

3
Aliatuen ordua,
elkar hartzeko modua,
ertz askotatik landua,
bideratzera hedua,
nazien kontra nazien alde
hola zegoen mundua,
aldaketaren bulkada dator
alde baten helburua,
sobietarrak une zailetan
ez zuten galdu burua,
apirilaren hogeita bosta
Berlingo azken gudua. (err)

4
Gerrak dakarren kaltea,
fusila eta tankea,
gupida gabe kolpea,
hartu eta ematea,
sobietarrak garaitu zuten
Berlin nazien frentea,
Hitlerrek bere buruaz egin
porrota errematea,
errenditzea sinatu eta
bake bidea hastea,
geroztik gerra hotza da gure
askatasun silbestrea. (err)

5
Nazio batuen giltza,
hartu eta eman hitza,
sorreran zuen baldintza,
gaur zuzen ote dabiltza?
berriz gatazkak ekiditeko
zilborrestea balitza,
hainbeste miloi zibil hiltzeak
seta krudelen ekintza,
errua nori, hari egotzi
ez du aldatzen emaitza,
zein luzea den sufrimendua
eta zein motza bizitza. (err)

6
Ehun nazioen bueltan,
Afrika Asia ketan,
Europa Ameriketan,
altxa ziraden armetan,
konkista bidez bizi zirenak
menpeko kolonietan,
askatasuna egun batean
lortuko zuten ustetan,
bakoitzak bere herrian bizi
nahi zuelako benetan,
nazio asko aurkitzen dira
gatibu bere lurretan. (err)

7
Zauri zaharrak ixteko,
itun idatzi hitzeko,
urrutira iristeko,
sarri elkar irensteko,
justiziaren bi aurpegiak
labankada eta bosteko,
armagintzaren industria da
ileak tente jartzeko,
boteretsuen lagun isila
erabakiak hartzeko,
bake garaiak kudeatuaz
gerra berriak pizteko. (err)

8
O.T.A.N eta G7-a,
lohiaz alfonbra azpia,
segurtasun aitzakia,
bide lagun sarraskia,
mundu guztiko epaile omen
ongia eta gaizkia,
demokrazia bakea gerra
diktadura monarkia,
gure buruak defendatzea
ez garela zenbakia,
herri xeheak ezin du jasan
lobby-entzat errukia. (err)

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-andoni-zelaia-otano/

“Bidasoari”. Adrian Arruti Bernadeten bertsoak, Bidasoko Hitzan.

BIDASOARI

Doinua: Trumoia ortzi beltzean hoska
Egilea: Adrian Arruti Bernadet

1
Txingudin duzu fluxu lausoa,
sarri pausatu arte pausoa,
batzen dituzu baso nafarra
eta Kantauri itsasoa. (Err.)
Nola azaldu ahal nizuke
erdi aldatuta soa
Bidasoa, Bidasoa…
Nolatan zaren konponbidea
nahi dutenen arazoa. (Err.)

2
Sostengu falta duzu, sostengu.
Zenbat eskaini; hainbeste kendu,
hainbat arazo larri zuregan
ez al dira nabarmendu? (Err.)
Nik zurekiko dudan maitasun
hau nahiko nuke mantendu,
baina zenbat sufrimendu!
Gizakiaren esku hartzeak
maitasun hori zailtzen du. (Err.)

3
Poligonoek duten tamaina
batuta ia zerorri haina…
Zure luzean nabarmena da
kutsaduraren orbaina. (Err.)
Eskualdeko aberastasun
handiena zara, baina
zer tratu-txar, alajaina!
Garestiegi duzu geroa
hain merke bada oraina. (Err.)

4
Bailara bakar, baina hau mauka:
bi estaturen artean gauzka!
Gure arteko harreman hitsak
erruz gogaiturik nauka! (Err.)
Bi kulturaren arteko talken
eraginez elkar zaunka…
Txingudik horixe dauka;
zure albotan lubakiratu
gaituzte elkarren aurka. (Err.)

5
Inposaketak hainbeste dohain…
Ni, behintzat, ez naiz jasateko lain.
Zu ezizenez Muga deitzea
ez al da ba aski irain? (Err.)
Zure trazaren eraginpean
Euskal Herrian zer orbain!
Ohartu gaitezen orain
zuri ezarri dizuten zama
ez dugula nahi gure gain. (Err.)

6
Zure zubiak diren asuna
bizi dutenek zenbat marruma!
Bizkarroi asko sartu zaizkizu;
Migranteentzat zer trauma! (Err.)
Checkpoint artean bihurtu dute
pasa nahi duen laguna
guztiaren erruduna.
Ederra zara; ez da, ordea,
gertatzen ari zaizuna. (Err.)

7
Pasabide hain arriskutsurik…
Hainbeste hilotz dauzka Txingudik,
bai ote duzu zure luzean
odolik gabeko urik? (Err.)
Zein erru dauka Nafarroak? Zein
Gipuzkoak? Zein Lapurdik?
Zure uretan galdurik
errukirik ez daukazu, baina
inork ez al du errurik? (Err.)

8
Ingurumena ingurunean,
migrantearen ihes xumean
edo herri bat hiru zatitan
bereizi duten gunean… (Err.)
Iraun dezagun hau amaituko
baita etorkizunean;
zulorik ilunenean
argia piztu dezakegula   
sinesten dugun unean. (Err.)

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-bertso-sorta-irunabar/

Peio Etxeberriak musikatu du. Jarraian entzungai:

Hemen jaitsi dezakezu

“Bikote harremanari”. Jon Luzuriaga Iurramendiren bertsoak, Iruneron.

BIKOTE HARREMANARI

Doinua: Haizea dator ifarraldetik
Egilea: Jon Luzuriaga Iurramendi

1
Bikote ginen jaio aurretik
hori gure iragana,
hala izaten jarraitzen dugu
eta ez bat erdibana;
arintasuna izan da sarri
beste batzuetan zama,
norberarenak ditugu noski
izena eta izana.
Sentimenduei hitzak jartzea
zaila izan ohi den lana,
esango dudan moduan bizi
dut bikote harremana.

2
Iraganaren gazi-gozoak,
ziur naiz etorkizuna,
amaren sabel eta bularra,
sehaskako maitasuna,
ume ginela jolas-borrokak,
gelako iluntasuna,
barre algarak, momentu latzek
daukaten isiltasuna,
zorionaren aparra eta
minaren gordintasuna,
ezin zenbatu zenbat izan den
elkarbanatu duguna.

3
Azaltzen zaila izan daiteken
konexioren bat bada:
gertutasuna transmititzen dit
nahiz egon distantziara,
inoiz herrenka nabilenean
nire makulu bera da,
airean hegan hasi denean
gonbidatu nau bertara,
baztertzen ere badaki ondo
nahiz inoiz ez egin traba;
uztarri bera erabiltzeko
jaioak izan al gara?

4
Ahaztu egin zait komentatzea
bikitako bat naizena;
bada mito bat bai ezaguna
laranja erdiarena,
nahiz horrelako gauzetarako
sarri falta sinesmena
bada ezpada aipatuko dut
ea betetzen den dena:
munduratzeko aukeraren bat
izango banu hurrena,
berbera nahiko nuke izatea
ondoan jaioko dena.

Iturria: https://irunero.eus/bikote-harremanari/

Entzungai:

Hemen jaitsi dezakezu

Post Navigation