Txingudiko Lore-Jokoen baitan egitarau zabala antolatu dute egunotan. Ekitaldien artean, larunbatean, urriaren 10ean, bertso-jaialdia izango da Irunen.
Saioa 18:30ean hasiko da, Istillaga plazan, eta kantuan ariko dira Manu Goiogana Bengoetxea eta Igauri Lopetegi Amostegi irundarrak. Aiora Fagoaga Iza irundarra izango da gai-jartzailea. Bertan, Hendaiako hainbat bertso-eskolako kidek ere egingo dute bertsotan.
Bertara gerturatu eta arratsaldeko bertsoez gozatzeko gonbita luzatzen dizuegu.
2026ko Hondarbiko Gazte Egunean egindako omenaldian kantatuak
1) 24 urteko Irungo gazte bat ta 24 urteko Irungo beste bat hizketan ginelako izan dut uste bat, nola kontatzen zidan istori triste bat, bizia bera galdu zuen desastre bat:
2) “76 ta Irailak 8. 50 urte ez dira, ba, gutxi! Eskolan ez dizute inoiz erakutsi, gaurkoa ez dezazun hain garbi ikusi, baina nik ondo dakit ta kontatzen utzi.
3) Alardea bukatu, manifa bat hasi Pertur egin zuten ta desagerrarazi. Guardia Zibilak giro nahasi hura nahasi. Amnistia! egiten genula garraxi, bizitzak egin zidan ahotik ihesi.
4) “Hemen Zabala hil zuten” paretan ageri, nahiz ta hiltzen ahal zuten beste bat, beste bi… Heriotza jartzeko aurpegiz aurpegi, bala hark bizkarrean eman zidan neri, apuntatuta hemen gauden guztieri.
5) Cabacas hil ta inor ez kartzelara joan, bat galdua barrabil bat desalojoan, Gasteizen pelotazo batek jo ahoan… Ni bezelako asko oraindik dago han. Dei nazazue Josu guztiak gogoan!”
6) Zabalak memoria nahi balu zabaldu, bere ahotik guk geuk beharko azaldu. Gu gazte bat, beste bat guzti bat gara gu, ta Hondarbiyan Gu horrek Josu izena du. Dagonan aurka egin beharra daukagu!
Hemen dituzue ikusgai Igauri Lopetegik omenaldian kantatutako bertsoak Jon Aperribaik saxofoiaren lagunduta:
EUGENIren TXOKOA – EuTxo bertsozale, euskaltzale, artista, kirolari eta hainbat ekintzaileren topagune kuttun bilakatu da azkenaldian. Oraingo honetan, Txingudiko bertso-eskolako hiru kide izan dira Eugeniren gonbidatu bereziak: Igauri Lopetegi Amostegi eta Manu Goiogana Bengoetxea irundarrak eta Jon Luzuriaga Iurramendi Ikaztegietarra. Bertan, beren bertso-ibilbideaz, langintzez eta bizitzako hainbat pasartez hitz egiteko aukera izan dute.
Eskerrik asko, bihotz-bihotzez, Eugeni Alzibar Etxeberria, zure etxeko ateak horrela zabaltzeagatik!
Gaintxurizketako Antxillastegin jokatu zen ostiralean Metaberso, Gaintxurizketako Bertso Txapelketaren lehen edizioa, giro ederrean eta auzotarren erantzun beroarekin. Bertso saioaren aurretik, 20:30ean, afari autogestionatua egin zuten bertaratutakoek, eta 22:30ean ekin zioten saioari.
Zortzi bertsolari aritu ziren kantuan: Inge Mitxelena oreretarra, Egiar Otegi Torres oiartzuarra, Igauri Lopetegi Amostegi irundarra, Jon Luzuriaga Iurramendi ikaztegietarra, Manu Goiogana Bengoetxea irundarra, Karlos Aizpurua Etxarte oiartzuarra, Jon Altuna Iza «Oxan» hernaniarra eta Mikel Lujanbio «Xapo» hernaniarra. Epaile lanetan Zuhaitz OlazabalSusperregui eta Abel Zabala Elizazu aritu ziren, eta Iñigo Ugarte Azurmendik gidatu zuen saioa.
Bertsolarien jarduna arretaz eta gustura jarraitu zuen bildutako jendeak, eta gauaren amaieran Manu Goiogana Bengoetxea izan zen lehen edizioko txapelduna.
Lehen aldia izanagatik, ekimenak harrera oso ona izan zuen Antxillastegin. Saioa amaituta, auzokideen artean iritzi nagusia argia izan zen: errepikatzeko moduko ekimena da. Lehen edizioak, beraz, hurrengo baterako atea zabalik utzi du.
Bertsolariek amaierako agurretan egin bezala, hemendik ere eskerrak eman nahi dizkiogu Iñigo Ugarte Azurmendiri, ekimena aurrera ateratzeko egindako lan guztiagatik eta bertsolariak hain goxo hartu eta zaintzeagatik.
2026 honetan ere Moskuko Jaiak egongo dira eta aurten ere, egitarau zabal eta aberats baten baitan, bertso-saioa antolatu du Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneak, Moskuko Jai Batzordeko kideekin elkarlanean.
Bertso-saioa, igandean izango da, abuztuaren 16an. Plazan izango da, arratsaldeko 17:30ean. Oinatz Mitxelena gai-jartzailearen esanetara ariko dira kantuan Irantzu Idoate hazpandarra, Igauri Lopetegi irundarra, Jon Luzuriaga ikaztegietarra eta Ekhiñe Zapiain beratarra.
Txingudi A taldeak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako final-erdietako saioa izan zuen maiatzaren 16an, arratsaldeko 17:00etan, Tolosako Bonberenean, Zumarraga-Urretxu 1 taldearen aurka.
Saio bizia, parekatua eta maila altukoa entzun ahal izan zuten bertaratu zirenek. Igauri Lopetegi Amostegi, Manu Goiogana Bengoetxea eta Jon Luzuriaga Iurramendi izan ziren Irungo taldea ordezkatu zutenak. Manex Mantxola Urrate, Mikel Iturriotz Etxaniz eta Antton Fernandez Lasa, berriz, Goierriko taldean kantuan aritu zirenak. Epai mahaia Aitor Errazkin Vicente, Jon Mendizabal eta Iñigo Legorburuk osatu zuten. Leire Akizu Bidegain aritu zen gai jartzen.
Azkenean, estu-estu Zumarraga-Urretxu 1 taldeak lortu zuen Gipuzkoako Herriarteko Taldekako Txapelketako finalean kantatzeko txartela. Saioa eta gero, Bonberenean bertan afaltzeko aukera izan zuten, bertako lagunen eskutik. Eskerrik asko egindako harrera eta tratu goxoarengatik!
Honenbestez, finalaren atarian agur esan behar izan dio Irungo Txingudi A taldeak Gipuzkoako Herriarteko Taldekako Txapelketari. Ibilbide luze eta oparoa egin dute, beraz bejondeizuela eta zorionak!
Hemen dituzue ikusgai saioko bi taldeen hasierako agurrak eta hainbat argazki:
Dagoeneko amaierara iristen ari da Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa. Hernaniko final-laurdenetako saioan nagusi irten ondoren, Zumarraga-Urretxu taldearekin ariko da Txingudi A taldea finalerdietan.
Aipatutako saioa maiatzaren 16an, larunbatean, izango da eta 17:00etan emango zaio hasiera. Bertsotan “Txingudi A” taldeko Igauri Lopetegi Amostegi, Manu Goiogana Bengoetxea eta Jon Luzuriaga Iurramendi eta “Zumarraga-Urretxu” taldeko Manex Mantxola Urrate, Mikel Iturriotz Etxaniz eta Antton Fernandez Lasa ariko dira; gai jartzen, Jon Cia Insausti eta Leire Akizu Bidegain; epaile lanetan, berriz, Aitor Errazkin Vicente eta Jon Mendizabal.
Tolosako Bonberenean jokatuko den saiorako sarrera eskuratu beharra dago. Horretarako bertsosarrerak.eus atarian duzue aukera, eta bestela, saioa hasi aurretik, txarteldegian.
Bertan elkar ikusiko dugulakoan, larunbatera arte!
Txingudi A taldeak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako final-laurdenetako saioa izan zuen apirilaren 24an, arratsaldeko 19:00etan, Hernaniko Milagrosan, bertako Hernani taldearen aurka.
Azkenean, estu-estu, eta talde bien artean oso saio ederra osatu ondotik, Txingudi A taldeak Txapelketan aurrera egitea hobetsi zuten epaileek. Zorionak Igauri, Jon eta Manu! Eta zorte on aurrerantzean!
Saio ostean bertaratu zirenek mokadutxoa egiteko aukera eduki zuten Hernaniko bertso-eskolaren eskutik. Mila esker egindako harreragatik eta hartutako lanarengatik!!
Maiatzaren 16an izango du finalerdietako saioa Txingudi A taldeak, Tolosako Bonberenean, 18:00etan hasita. Bertan, Zumarraga-Urretxu 1 taldekoekin ariko dira kantuan Irunabarreko kideak. Bertan ikusiko dugu elkar!
Dagoeneko amaierako fasean murgildua da Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa. Donostia-Oarso-Bidasoa bailarako saioetan nagusi irten ondoren, Buruntzaldeako irabazle izan zen Hernani taldearekin ariko da Txingudi A taldea final-laurdenetan.
Aipatutako saioa apirilaren 24an, ostiralean, izango da eta 19:00etan emango zaio hasiera. Bertsotan “Txingudi A” taldeko Igauri Lopetegi Amostegi, Manu Goiogana Bengoetxea eta Jon Luzuriaga Iurramendi eta “Hernani” taldeko Ekain Tolaretxipi Errazti, Unai Agirre Goia eta Eñaut Martikorena Lizaso ariko dira; gai jartzen, Jon Cia Insausti eta Markel Oiarzabal; epaile lanetan, berriz, Aitor Errazkin Vicente eta Ainara Azpiazu Aduriz “Axpi”.
Hernaniko Milagrosa aretoan jokatuko den saiorako sarrera eskuratu beharra dago. Horretarako bertsosarrerak.eus atarian duzue aukera, eta bestela, saioa hasi aurretik txarteldegian.