Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “ekaina, 2020”

“Mugaz bestaldeko biztanleak”. Egoitz Zelaia Perezen bertsoak, Oarso-Bisoaldeko Hitzan

Mugaz bestaldeko biztanleak

Doinua: ‘Seteko hondartza’, (Supplique pour être enterré à la plage de Sète, Georges Brassens)
Egilea: Egoitz Zelaia Perez

1)
Mugak irekita lau hil eta gero
Bidarte, Biarritz, Angeluko edo
Hendaiako hondartzara
pasatu zaitezke, eta lasai, beraz,
hemendik goitiko dena duzu erraz…
Berriro herri bat gara.

2)
Ahaleginduko naiz azaltzen, ea, e…
errealitate duzuna EAE
zabiltza jainko gisara
mugaz bestaldean begiratzen ari
zatzaizkiona, maiz, zure zilborrari,
zu, (h)egozentrista zara.

3)
Mugaz bestaldeko biztanle zarena
ikastola-kume, euskaldun zaharrena,
eraikitzaile, eraikin;
hemen batzuei min zerk eragin dien,
edo Frantziako politikarien
zazpi izen ezetz jakin.

4)
Ezagun zaizkizu, Tapia, Ortuzar.
Sanchez, Iglesias, dituzu lagun zahar,
Casado ere, behar bada.
Jakitatez ia dena dakizuna
aipatzerakoan lurraldetasuna
zertaz ari ote zara?

5)
Esaldi luzea bezain barrokoa,
zure berriaren egunerokoa,
Espainian zentsatuta.
Zu, kazetaria, a zer irakaspen!
ustez zabiltzana euskaraz idazten
espainolez pentsatuta.

6)
Lore esperantzan dagoen aihenak,
alde honetako jendarte gehienak,
garuna dauka lehertzeko;
espainol hutsala, edo berezkoa,
bihurtu baituzu derrigorrezkoa
EITB ulertzeko.

7)
Asimilazio bateko partaide
ahantzia duzu zein duzun ahaide.
Ez ote da xelebrea?
Lehen pentsatuta badakizu gero
ez dela han bizi hemen egunero
ikusten dudan jendea.

8)
Iritzi emaile edo bertsolari,
izan langile soil edo agintari
erantzulea zara zu.
Beraz, mugaz muga mugatutakoa
beste aldekoa edo aurkakoa
zaren hautatu ezazu.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/egoitz-zelaia-perez-mugaz-bestaldeko-biztanleak/

“Poeta eta Moriko”, Iruneron. Xabier Isasi Balanzategiren bertsoak.

Poeta eta Moriko

Doinua: ‘Zazpiak ohial batetik
Egilea: Xabier Isasi Balanzategi

1
Hondarribiko Asturiagan
harkaitzak eta arteak
berrogeita hamar polizi zeuden
fusilak balaz beteak
Santurtzi eta Arrasateko
Roke, Jose Luis gazteak
haiek gogoan ez du etenik
oroimenaren kateak

2
Hirurogeita hamalaugarren
egin zituen urteak
maiatzak hogei egun eta gau
lautan goia jo mareak
Santurtzi eta Arrasateko
Roke, Jose Luis gazteak
haiek gogoan ez du etenik
oroimenaren kateak

3
Donibanetik itsasoratu
hiru eskifaikideak:
poliziaren salataria
eta bi militanteak
Santurtzi eta Arrasateko
Roke, Jose Luis gazteak
haiek gogoan ez du etenik
oroimenaren kateak

4
Iheslariak iparraldean
han bizi ziren gordeak
errefuxiatu kartila zuten
bazekien gendarmeak
Santurtzi eta Arrasateko
Roke, Jose Luis gazteak
haiek gogoan ez du etenik
oroimenaren kateak

5
Roke maitea kontuz ibili
esan zion emazteak
beldurrez bizi ziren artean
militanteen senideak
Santurtzi eta Arrasateko
Roke, Jose Luis gazteak
haiek gogoan ez du etenik
oroimenaren kateak

6
Ugari ziren guardia zibilen
erasoen albisteak
faxistek eta militar askok
erasokor aldarteak
Santurtzi eta Arrasateko
Roke, Jose Luis gazteak
haiek gogoan ez du etenik
oroimenaren kateak

7
Nori ireki bazizkioten
haien etxeko ateak
Zer gertatzen zen ez zekitela
zeintzuk zitezkeen kalteak
Santurtzi eta Arrasateko
Roke, Jose Luis gazteak
haiek gogoan ez du etenik
oroimenaren kateak

8
Cocolisoren bihotz ustela
onak gazteen usteak
berak hilketa prestatu zuen
hiltzaile ziren besteak
Santurtzi eta Arrasateko
Roke, Jose Luis gazteak
haiek gogoan ez du etenik
oroimenaren kateak

9
Heriotzara zihoazela
hala beharko suerteak
nahiz uste zuten haiek zirela
borrokalari askeak
Santurtzi eta Arrasateko
Roke, Jose Luis gazteak
haiek gogoan ez du etenik
oroimenaren kateak

10
Lehorreratuz, zabaldu ziren
infernuaren ateak
tirokatuta zauri eta hil
garondon bala kolpeak
Santurtzi eta Arrasateko
Roke, Jose Luis gazteak
haiek gogoan ez du etenik
oroimenaren kateak

11
Asturiaga estali zuen
hiltzaileen tiro-keak
horrela bertan piztu zituzten
GAL erasoen suteak
Santurtzi eta Arrasateko
Roke, Jose Luis gazteak
haiek gogoan ez du etenik
oroimenaren kateak

12
Gogoramena ez du hil behar
diktaduraren tankeak
hil ziren baina gugan dauzkate
oroimenaren etxeak
santurtziar ta arrasatear
bi gazte abertzaleak
gazte haiei zor dizkiegu gaur
guztion libertateak

Iturria: https://irunero.eus/poeta-eta-moriko/

Post Navigation