Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Kabigorri”

Bailarako hedabideekin elkarlanean, beste ikasturte batez

Irunabarren helburuetako bat bertsoa inguruko hainbat txokotara helaraztea ere badenez, badira zenbait ikasturte bailarako hedabideekin elkarlanean ari garela.

Hasi berri dugun 2020/21 hau bigarren ikasturtea dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Irailean hasi eta ekaina bitarte, hilero, eta hilabeteko azken ostiraletan, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek bertso-jarriak argitaratuko ditu aipatutako aldizkariko papereko edizioan, eta egun gutxi batzuk igaro ondoren, eskuragarri izango duzue argitalpen hori bera baita bertsio digitalean ere. Nola ez, Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu bertso horiek guztiak.

Irunero aldizkariarekin hasitako elkarlana oraindik lehenagokoa da. 4. ikasturtez jarraian, Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso jarriek argia ikusiko dute hilero. Iruneroren kasuan, hilabeteko lehen aldizkarian argitaratuko da elkarlanaren emaitza, eta kasu honetan ere paperezko edizioan zein bertsio digitalean egongo da ikusgai. Ikasturtea urria hasieran hasi eta ekainean amaituko da, eta Iruneroko sorta guztiak ere Irunabarren webgunera ekarriko ditugu.

Azkenik, Antxeta Irratitik zabaltzen den “Kabitik” irratsaioa aipatu behar dugu. Beñat Elosegik eta Gotzon Aizpioleak gidatutako irratsaioa da, eta Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan izurritearen aurretik hilero antolatzen genituen bertso-gauen laburpena eskaintzen zuen. 2020-2021 ikasturtean bertso-saio horiek antolatzeko aukerarik baldin badugu, “Kabitik” irratsaioak ere bide egingo du, eta ekarriko ditugu webgunera.

Apirileko bertso gaua [2019-04-06]

Kaixo bertsozale:
Badoa ikasturtea aurrera, eta badator apirileko Kabigorriko bertso-gaua ere. Apirilaren 4an izango da, 19:30ean hasita.
Atxikitako kartelean ikus dezakezuen bezala, Nahikari Gabilondo zarauztarra, Aitor Errazkin irundarra, Iñigo Izagirre itziartarra eta Oier Aizpurua zarauztarra ariko dira bertsotan.  Egoitz Zelaia hendaiarrak egingo ditu gai-jartzaile lanak, eta Ekaitza Irastorzaren eskutik helduko zaizkigu hileko bertso jarriak.
Gogoan izan Kabigorrik afaltzeko aukera bikaina eskaintzen digula.
Anima zaitezte!

“Bertsozaleen topaleku bilakatu da Kabigorri” (Irunero, 2018-03-01)

Irunabarrek eta Kabigorrik duela 5 urte elkarlanean abiatutako “bertso-gauei” buruzko erreportajea argitaratu du Irunerok.

https://irunero.eus/wp-content/uploads/2018/03/2-1.jpg

Naroa Mentaberri (Kabigorri) eta Egoitz Zelaia (Irunabar)

Kabigorriko martxoko bertso gaua [2018-03-01]

Martxoaren 1ean izango da hurrengo bertso gaua. Honako honetan, Maialen Akizu urretxuarra, Aitor Sarriegi beasaindarra, Izarne Zelaia donostiarra eta Aitor Errazkin irundarra ariko dira kantuan, Mikel Garcia kazetari irundarraren esanetara. Saioa 19:30etan hasiko da. Lehenik, Txingudiko bertso eskolako bertso tailerreko kideek bertso jarriak kantatuko dituzte, eta ondoren hasiko da bat-bateko saioa.Orain bost urte Kabigorrik eta Irunabarrek bertso-gauak antolatzeari ekin genionetik, 42. saioa izango da martxoko hau. Eta 45.a izango da ikasturte honi amaiera emango dion ekaineko saioa. Martxoko lehen hamabostaldiko Irunero aldizkariaren zenbakiak emango digu xehe-xehe, erreportaje zabal baten bidez, elkarlan honen inguruko informazioa.

Gogoan izan saioa amaitutakoan bertan afaltzeko aukera paregabea eskaintzen digula Kabigorrik.

Anima zaitezte!

Urteko lehendabiziko bertso gaua 2015-01-08

2015eko urtarrilaren 8an izango da Kabigorriko hurrengo ostegunetako bertso-gaua, urteko lehendabizikoa.

Urko Casado astigartarra, Julen Zelaieta beratarra, Jon Martin oiartzuarra eta Nerea Ibarzabal markinarra ariko dira bertsotan, Karlos Aizpurua gai jartzaile oiartzuarraren aginduetara. Bertso idatziak Beñat Elosegi irundarrak jarriak izango dira.

Anima zaitezte, eta gogoan izan, zaio ostean afaltzeko aukera ezin hobea eskaintzen digula Kabigorrik. Ez aukerarik galdu!

This slideshow requires JavaScript.

Ostegunetako Kabigorriko bertso gauak (otsailak 6)

Kaixo, denoi.

Gainean dugu dagoeneko otsaileko Kabigorriko bertso gaua. Otsailaren 6an izango da, Peña kaleko 1 zenbakian dagoen Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan, arratsaldeko 19:30etatik aurrera.

Honakoan Aitzol Barandiaran, Amaia Elizagoien, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” eta Iñigo Ugarte bertsolariak ariko dira kantuan. Gai-jartzaile lanetan Egoitz Zelaia ariko da.

Gogoan izan saio ostean afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaintzen duela Kabigorrik. Aprobetxa dezagun!

This slideshow requires JavaScript.

Ostegunetako Kabigorriko bertso gauak (2014ko urtarrila)

Urte berri on, denoi.

2014a ongi hasteko, hona aurtengo Kabigorriko lehen bertso-gauaren berri, urtarrilaren 9an ospatuko duguna, ostegunarekin.

Arratsaldeko 19:30etatik aurrera izango da saioa, Irungo Kabigorri ostatuan (Mosku), eta bertan Beñat Gaztelumendi (Añorga), Unai Gaztelumendi (Añorga), Amaia Elizagoien (Oronoz-Mugaire) eta Urko Casado (Astigarraga-Hendaia) ariko dira bertsotan. Gai-jartzaile lanetan, Aitor Errazkin irundarra.

This slideshow requires JavaScript.

Bestalde, jakin ‘Gure berts(i)oa – irundarrak bertso kantari’ diskoa Kabigorrin bertan ere izango duzuela salgai, besteak beste. Alerik nahi izanez gero, barran eskatu; 10€ balio du eta disko bikoitza da.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan, izan ongi.

Kabigorriko ostegunetako bertso-gauak

Hitz hauen bidez abian jarri dugun proiektu baten berri ematea da helburua; Kabigorri elkarteak, eta Irunabar Irungo bertsoaren bilguneak, elkar-lanean burutuko duten proiektu bat da aurkeztu nahi dizueguna, pretentsio handirik gabekoa, baina, gure bailaran bertsogintza eta euskalgintzari bultzada handia eman nahi diona.

Urte osoan zehar eta hilabeteko lehen ostegunetan Kabigorri ostatuan bertso-saio bat egingo da, non eskualde honetako eta inguruko eskualdeetako jendeak parte hartuko duen. Saioak doanik izango dira, eta 19:30etan izango dute hasiera ordua.

Honen bestez gomitatu nahi zaituztegu proiektu honi hasiera emango dion lehen saiora, Urriaren 3a, osteguna, arratsaldeko 19:30 etan Kabigorri Ostatuan, Irunen;

Bertsolariak Abel Zabala (Irun), Eneritz Zabaleta (Baiona), Eneko Fernandez (Lesaka), eta Alaia Martin (Oiartzun) izango dira, eta gai-jartzaile lanak Egoitz Zelaiak egingo ditu.

Bertan elkartuko garelakoan besarkada bana!

Post Navigation