Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Gipuzkoako Herriarteko Taldekako Txapelketa 2026”

Txingudi A taldea aurrera, Gipuzkoako Herriarteko Taldekako Txapelketan.

Txingudi A taldeak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako final-laurdenetako saioa izan zuen apirilaren 24an, arratsaldeko 19:00etan, Hernaniko Milagrosan, bertako Hernani taldearen aurka.

Azkenean, estu-estu, eta talde bien artean oso saio ederra osatu ondotik, Txingudi A taldeak Txapelketan aurrera egitea hobetsi zuten epaileek. Zorionak Igauri, Jon eta Manu! Eta zorte on aurrerantzean!

Saio ostean bertaratu zirenek mokadutxoa egiteko aukera eduki zuten Hernaniko bertso-eskolaren eskutik. Mila esker egindako harreragatik eta hartutako lanarengatik!!

Maiatzaren 16an izango du finalerdietako saioa Txingudi A taldeak, Tolosako Bonberenean, 18:00etan hasita. Bertan, Zumarraga-Urretxu 1 taldekoekin ariko dira kantuan Irunabarreko kideak. Bertan ikusiko dugu elkar!

M-28, egun betea Donostian eta Añorgan. Txingudi A taldea aurrera, Gipuzkoako Herriarteko Taldekako Txapelketan.

Txingudi A taldeak Gipuzkoako Herriarteko Taldekako Txapelketako saioa izan zuen martxoaren 28an, goizeko 11:00etan, Donostiako Guardetxean, bertako Bilintxi taldearen aurka.

Horren ondotik, Balantxa donostiarren eta Basandrik oiartzuarren arteko norgehiagoka izan zen, 12:30ean hasita, eta Balantxakoek egin zuten aurrera. Saio eder askoak izan ziren goizeko biak ala biak. Bertsolari guzti guztiek kantatu zituzten ale gogoangarriak.

Horiek horrela, Balantxa eta Txingudi A taldeek egin zuten aurrera, eta arratsaldeko 19:30ean Añorgako zineman jokatzekoa zen “Eskualdeko” finalerako sailkatu. Finalean, estu-estu, eta talde bien artean oso saio ederra osatu ondotik, Txingudi A taldeak Txapelketan aurrera egitea hobetsi zuten epaileek. Zorionak Igauri, Jon eta Manu! Eta zorte on aurrerantzean!

Eskerrik asko bihotz-bihotzez Txapelketa honen lehendabiziko fasean zehar talde guziek zuon herrietan egin diguzuen harreragatik, eta bereziki, Bilintxi eta Balantxakoei; inor gutxi izan da orain arte gurekin zuek bezain eskuzabal. Eskerrik asko beste behin ere eta sarri arte; laster izango dugu elkarren berri.

Eta amaitzeko, eskerrik asko zeuri ere, Abel, egun guztian zehar argazkiak biltzen aritzeagatik. Bejondeizula.

Giro polita atzo Kabigorrin, Txingudi A eta Xenpelar taldeek eskainitako bertso-saioan

Gipuzkoako Herriarteko Taldekako Txapelketa dela eta, bertso-saioa izan zen atzo Kabigorrin. Txingudi A eta Xenpelar taldeko bertsolariak aritu ziren buruz buru, Jon Cia gai-jartzailearen agindupean. Eskerrik asko gerturatu zineten guztioi, eta esker mila bihotzez, beste behin ere, Kabigorriko bazkide eta langileoi. Maider Ugarte eta Uxue Kriado arduratu ziren saioko irudiak biltzeaz, eta Xabi Maiak ere bidali dizkigu bereak. Eskerrik beroenak, zuoi hiruroi ere.

Haritz Casabalek, Aitzol Astigarragak eta Aitor Errazkinek egin zituzten epaile lanak, eta haien erabakiaren arabera, Txingudi A izan zen garaile.

Post Navigation