“Irakurri nahiko genituzkeenak”. Jon Luzuriaga Iurramediren bertsoak, Iruneron.
IRAKURRI NAHIKO GENITUZKEENAK
Egilea: Jon Luzuriaga Iurramendi
Doinua: Nagusi jauna hauxe da lana A
Hemen jaitsi dezakezu1)
Joan etorri, hasi bukatu;
bizitzak mugimendua du tratu.
Adibidetzat gara bikaina
kimu berriak badatoz baina
adar zaharrari
susmoa hartu nion aspaldi
ez ote zaigun lehortzen ari?
2)
Gure Andoni, maisutan maisu
boligrafoa bukatu al zaizu?
Bertso-jartzaile askorengandik
irten beharko dira oraindik
bertso dezente
ikusi arte harro zein tente
Euskal Herria independente.
3)
Doinu berriaz, musikaz apain
Idatzi beharra dut dator orain.
Gairik ez eta Rafael hara
hau egiteko gai baldin bada
pentsatu, hemen,
gustuko gaia badu, bederen,
zer egiteko kapaz ote den.
4)
Ai, zeinen bertso zoragarriak
trenaren gainbeherari jarriak!
Nahi al diozu heldu Andoni
jarri dizudan erronka honi?:
Ezetz halako
bi sorta sortu argitarako
AHTa irteterako.
5)
Idatzi gabe zenbat denbora?
Aspaldiko, zer egingo zaio ba…
Lasai, Gotzon, ez kezkarik izan
ze bizikletan ibili gisan
sortak idazten
ideiak bertsoz adierazten
inoiz ere ez omen da ahazten!
6)
Euskal Herria, gure habia,
nola den horren herri dantzaria
txoko bakoitzak bere ohitura
Aiorak esan zigun modura.
Poz esperantzan
jarrai bezate etxean, plazan…
bi oinek eta arkatzek dantzan!
7)
Gerra txikiak ze alde duen,
Zuhaitz, bikain deskribatu zenuen!
Gerra osteak dakar ordena,
beraz, ez esan zure sormena
joan zaizunik…
Iritsi bada bake itunik
nola izan den jakin nahi dut nik!
8)
Maskarak jarri maskarak kendu
Maddik zail dena erraz egiten du.
Sentipen, mezu eta aldarri
gordin askotan, umorez sarri…
Sortetan gorde
dituzu txukun eta dotore
inauteriek beste kolore.
9)
Hamar bat bertso ikaragarri
Urkok Aiako Harriari jarri,
muxarrek ere letrarik letra
buruz ikasi dituzte eta!
Baina akabo!
Geroztik ezer gutxi gehiago
eta Jaizkibel jeloskor dago.
10)
Bertso-sorta hau ere heldu da
gogoratu agur epiko hura.
Silveira, Mikel Goñi, Montero,
Hertzainak, Fermin, La Polla gero…
Gaude agian
berragerpenen belaunaldian…
Beraz, zergatik zu ez, Adrian?
11)
Bertso-jartzaile gelditu lasai
nik ez nizun presiorik sartu nahi.
Ekarpen latza eginagatik
beste bertso-sorta bat haatik,
mira zorrotzez
jartzeko baldin bazaude gosez
irakurriko dizugu pozez!
