Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “urria, 2016”

BERTSOTRUK 2016-2017; ZARAUTZ – TXINGUDI (2016-10-21), lehen saioa.

bertsotruk_2016_2017Irailaren 17an Portugaleten izan zen Manu Goiogana bertso-eskolako kide eta Irunabarreko eragilea, Bertso Eskolen Egunean, hantxe izan baitzen ikasturte honetako Bertsotruk dinamikaren aurpezna. Txingudiko taldeari Algortako Bertsolari Eskolarekin eta Zarauzko bertso-eskolarekin bina saio egitea egokitu zaio. Saioak joan-etorrikoak direnez, etxean bi antolatu beharko ditugu, iaz bezalaxe.

Honezkero izan dugu lehen zita edo elkarretaratzea, Zarautzen, 2016ko urriaren 21ean izan zen. Giro ederrean joan ziren saioa eta arratsa. Hona argazki batzuk.

This slideshow requires JavaScript.

 

Ederra joan zen “Joxe Mari Lopetegiren iturritik bertsotan” kantaldia

Urriaren 22ko kantaldia eta gero hainbat eta hainbat ikus-entzulek azaldu digu kantaldiarekiko oniritzia. Antolatzaile eta parte-hartzaileen iritziz, Irungo kontserbatorioko areto nagusiko oholtzan jardun zuten guztien arteko elkarlanari eta elkar-hartzeari zor zaio hori. Herritik abiatutako egitasmoa izan da “Joxe Mari Lopetegiren iturritik bertsotan” kantaldia, herriari eskaini beste asmorik gabe gauzatua. Bejondaiela parte-hartzaile guztiei, eta ez dadila azkena izan. Kantaldiko bideoa editatu bitartean, kantaldiko eta entsaguren bateko argazki gutxi batzuk.

This slideshow requires JavaScript.

JOXE MARI LOPETEGIREN ITURRITIK BERTSOTAN – Emanaldi musikatua

426216390_122046

Tania Lozano irundarrak eginiko kartela.

Datorren larunbatean izango da, urriak 22an, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Irungo Udal Kontserbatorioan: JOXE MARI LOPETEGIREN ITURRITIK BERTSOTAN emanaldi musikatua.

Joan den ikasturtean sekulako lana burutu zuen Txingudiko Bertso Eskolako bertso-tailerrak Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundarraren izena eta obra zabaltzen: hitzaldia, Lopetegi kalerik-kale, Wikipediako sarrera osatzea… Eta beste hainbat sakoneko lan, etorkizunean emango dutenak bere fruitua, edo Joxe Marik esango lukeen bezala, alorta. Baina Lopetegiren bertsogintzan oinarritutako emanaldi musikatua edo kantaldia ezin izan zuten burutu, eta sekulakoa prestatu dute 2016-2017 ikasturteari ekiteko.

Bertso-tailerreko kideek Iñaki Aranaga “Auntxa”ri aipatu zioten kantaldia egiteko asmoa zutela, eta pozarren onartu zuen honek bertso-eskolakoen proposamena. Musikariak eta bertsolariak koordinatzeaz arduratu da lehen egunetik, eta ilusioz eta gogoz dihardu proiektuan lanean, jaialdi egunean, besteak beste, musikari eta soinu-teknikari lanak egingo dituen Aranagak. Antxeta Irratiak bildu ditu Aranagaren jaialdiaren inguruko azalpenak.

Jende ugarik hartuko du parte jaialdian. Bertso-eskolako hainbat kidek, Auntxa Trikitixa Eskolako ikasleek, Udal kontserbatorioko irakasle eta ikasleek, eskualdeko hainbat abeslari, lagun eta musikarik, eta, antolatzaileei poz berezia eman dien parte-hartzea: Eloi eta Igauri Lopetegi, Joxe Mari zenaren iloba eta hereniloba. Horrez gainera, Joxan Elosegi jaialdiko bertso-sorta guztien testuingurua zehazteaz arduratuko da, entzuleak ahalik eta etekin handiena atera dakien Lopetegiren bertsoei. Izan ere, 2004. urtean “Joxe Mari Lopetegi, errepublikaren bertsolaria” (Paper Hotsak, 2004) liburua idatzi zuen Elosegik; bera da, inongo dudarik gabe, Lopetegiren lana gehien aztertu eta ezagutzen duen pertsona.

Amaitzeko, post honetara gehitu nahi izan ditugu azken asteetan jaialdiari buruz komunikabideetan eta prentsan azaldu diren hainbat berriren loturak.

Joxe Mari Lopetegi bertsolari errepublikarraren iturritik kantari – Argia

Joxe Mari Lopetegi bertsolariaren omenezko kantaldia egingo dute hilaren 22an – Bidasoako Hitza

Xabier Bengoetxea eta Aitor Errazkini elkarrizketa, Info7 Irratian (2016-10-12)

Antxeta Irratiak bildu ditu Aranagaren jaialdiaren inguruko azalpenak.

Joxe Mari Lopetegiren bertso kantaldia Irunen – bertsoa.com

Oraingoz, besterik ez. Urriaren 22an, arratsaldeko 18:00eta Irungo Udal Kontserbatorioan elkar ikusiko dugulakoan, ordura arte, eta ongi bizi!

 

2015-2016 ikasturteko Kabigorriko bertso-gauetako bertso sortak

Hemen dituzue irakurtzeko moduan 2015-2016 ikasturtean Kabigorriko berts-gauetako bat-bateko saioen aurretik Irunabarreko hainbat kide eta lagunek ondu eta kantatutako bertso-sortak.

http://issuu.com/irunabarirungobertsoarenbilgunea/docs/kabigorriko_bertso_sortak_2015-2016?e=26461396/39283552

//e.issuu.com/embed.html#26461396/39283552

Badatoz Kabigorriko bertso-gauak!!! 2016-10-06: KA2SHOW

2016-2017 ikasturtean ere, eta laugarren urtez jarraian, Kabigorriko bertso-gauak izango ditugu urrian hasi eta ekaina bitarte. Antolatzaileak, aurreko edizioetan bezalaxe, Irunabar (Irungo bertsoaren bilgunea) eta Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoa izango dira. Urriko saioa, hilaren 6an izango da, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Kabigorrin. Lehendabizikoa saio honetarako “Ka2show” saio berezia izango dugu (“Bershow” ezagunaren bertsio moldatua).

Saioaren gidaritzan eta gai jartzaile lanetan Haritz Casabal pasaitarra ariko da. Bertsolariak Maialen Akizu urretxuarra, Beñat Gaztelumendi añorgarra, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” oiartzuarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra izango dira. Musikari lanetan, aldiz, Antton Aranburuk, Gari Otamendik eta Beñat Urteagak osatutako hirukoa.

Anima zaitezte! Eta gogoan izan Kabigorrik saio ostean modadutxo bat egiteko eskaintzen duen aukera paregabea.

This slideshow requires JavaScript.

 

Post Navigation