Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “abuztua, 2022”

Moskuko jaiak 2022

Kaixo, bertsozale:

Pasa diren bi urteetan ezin izan da Moskuko jairik antolatu, aurten, baina, izurritearen aurreko ohiturari heldu eta auzoko jaiei berrekin diegu. 2022ko Moskuko jaietan ere, egitarau zabal eta aberats baten baitan, bi bertso-saio antolatu ditu Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneak, Moskuko jai batzordeko kideekin elkarlanean: bertso-poteoa eta bertso-saioa.

Abuztuaren 13an, larunbatean, izango da lehena, herri-bazkariaren aurretik, eguerdiko 12:30ean, Larragane tabernatik abiatuta. Maddi Ane Txoperena lesakarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra ariko dira auzoko tabernetan barrena kantuan.

Bertso-saioa, berriz, astelehenean izango da, abuztuaren 15ean. Plazan izango da, eguerdiko 12:00etan. Alaia Martin oiartzuarra, Aitor Sarriegi beasaindarra, Ekhiñe Zapiain beratarra eta Adrian Arruti irundarra ariko dira kantuan Egoitz Zelaia hendaiarraren esanetara.

2022-2023 ikasturteko izen emateak zabalik

Kaixo, bertsozale:

Uda bete-betean gaude eta heldu den ikasturtea gerturatzen ari da gutxinaka. Txingudiko bertso-eskolak, azken urteetan bezalaxe, udazkenean hasiko ditu ikastaroak eta, haietako batean izena eman nahi baduzu, aukera zabalik duzu honezkero.


Ikastaroen gaineko galdera edo zalantzarik baldin baduzu, edo lehenengo aldiz aurrera urratsa eman eta izena eman nahi baduzu, irunabar@gmail.com posta helbidera idatz dezakezu lasai asko.

TALDEAK:

1.- GAZTETXOEN taldea: gaztetxoenak bertsolaritzaren munduan murgilarazten dituen taldea da.

2.- BAT-BATEAN I taldea: bat-batean aritzen diren bertsolariek bertsoa teknikoki lantzeko taldea da.

3.- BAT-BATEKORAKO HASTAPENAK taldea: nerabe, gazte eta helduak bertsolaritzaren muduan murgiltzen dituen taldea da.

4.- BAT-BATEAN II taldea: bat-batean jarduteko taldea da.

5.- BERTSO TAILERRA: bertsolaritza ardatz, proiektu ezberdinak sortzen eta burutzen dituen taldea da.

Post Navigation