Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “azaroa, 2021”

“Zorionak, Joxan!”. Aitor Errazkin Vicenteren bertso-sorta.

ZORIONAK, JOXAN!

Doinua: Esmeraldazko Eire gorritua
Egilea: Aitor Errazkin Vicente

1.- Zure itzulpena juzgatu dute
aurtengo Euskadi Sari
“Nik kantatu eta dantza egiten du
mendiak” lanaren kari
luma dantzatuz jartzen duenak
gure hizkuntza kantari
erdal sorkuntzak bihur ditzake
euskaldunontzat opari.

2.- Filologo eta historia zale
behin idazten ikasia
ordutik langai izan dituzu
testua eta orrazia
berriki jaso duzun aitortzak
orain badu garrantzia
baina ez zara lan horietan
atzo goizean hasia

3.- Euskaraz ari izan zaizkigu
Asterix eta Obelix
Diderot, Taylor, Queneau, Depestre zein
Solá bera hitz eta pitz
Nothomb bi bider gozatu dugu
eta Flem, berriz, lau aldiz
orain guztien faltan geundeke
zugatik izan ez balitz.

4.- Uste liteke beste norbaitek
ere itzul zitzakeela
eta nik behintzat ez dut esango
hori ez denik horrela
baina sumatu dugunok zure
ezaguera itzela
ongi dakigu hobeto gutxik
itzuliko zituela.

5.- Urtetan zehar pilatu duzu
laudorio uholdea:
“arretatsu”, “fin”, “natural”, “jori”
“estilista dotorea”…
Hemen inortxo ere ez dago
adar idorrik gabea
horiengatik saririk ez da
inon ematen ordea.

6.- Erronka zale sutsua dena
ez da ibiltzen iheska
zuk horretatik ere baduzu
zailtasunik bada, festa!
Idazlearen esan-minetan
itzultzailearen kezka
baina halako etsaminetan
zure parekorik ez da.

7.- Itzulpengintza ez ezik beste
hainbat lan ederren jabe
artikulu, hitz-joko, liburu
egunkariko zutabe…
Gainerakook behar neurrian
ohartuta ote gaude
zenbat eginda zauden gaurgero
gure hizkuntzaren alde?

8.- Biak aurkitu daitezke zugan
jakintza eta jakin-mina
bata lanaren emaitza duzu
bestea ase ezina
euskal ahozko eta idatzizko
tradiziorako grina
beti itzuli izan diguzu
puntako testu egina.

9.- Irundar batek goren mailara
goitzen duenero Irun
zein puntaraino den garrantzitsu
ez dakit ote dakigun
hori txoritxo batek aspaldi
belarrira esan zigun
atera hortik kontuak honek
zer poza ematen digun!

10.- Bertso bidean aise heldu naiz
ez naiz ari eta bortxan
gezurrik ez dut bat bera ere
sartu behar izan poltsan
sorta zintzoa eskribitu dut
zure lorpenen aitortzan
azkena ez da txikia izan
eta zorionak, Joxan!

Hemen ere topa dezakezu (abenduaren 3tik aurrera):
https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-irungo-bertsoaren-bilgunea-abenduak3/

Entzungai:

Hemen jaitsi dezakezu

IV. Bertso Mendaria bertan behera [2021-11-24]

Kaixo, bertsozale:

Pasa den urriaren 25ean iragarri genuen IV. Bertso Mendaria egingo genuela, baina bertan behera utziko dugu.

Egun dauzkagun baldintzak ez dira egokienak, eta izurritearen enegarren zabalkundea dugun honetan, ezin dugu bete beharreko segurtasun neurririk bermatu. Beraz, tamalez, IV. Bertso Mendariari egoerak uzten digunean ekingo diogu.

Bertso Mendaria bertan behera utzi badugu ere, Irabazi asmorik gabeko I bertso paper sarian parte hartu duten bertsolariekiko zorretan gaude. Horregatik, sorta azaroaren 23a baino lehen aurkeztu duten kideekin aurreikusitakoari eutsiko diogu, beti ere, modu xume eta seguruan. Beraz, orain hilabete iragarri bezala, ostiral honetan, azaroaren 26an, arratsaldeko 19:30ean hasita, sorta aurkeztu duten bertsolariekin batera burutuko dugu ekitaldia.

Besterik gabe, eskerrak eman nahi dizkiegu bertso paper sarian parte hartu duzuen bertsolari guztiei eta, era berean, barkamena eskatu nahi diegu gurekin batera IV. Bertso Mendarian parte hartzeko asmoa zuten gainontzeko lagun guztiei.

Aurki elkar ikusiko dugulakoan,

osasuna.


Txingudiko Bertso Eskolako Bertso Tailerra

“Eta, bitartean, ni zain”. Iker Altuna Albisuren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

ETA, BITARTEAN, NI ZAIN

Doinua: Gure aurreko guraso zaharrak
Egilea: Iker Altuna Albisu

1)
Iraganean gertatu denak

nahiz garbiro erakutsi
nondik ez joan, nik okertzeko
behar izaten dut gutxi.
Mugikorrean murgildu eta
zenbaki hori ikusi
bezain agudo, egonezina
da neure baitan nagusi.
Saiatu, behintzat, ni saiatzen naiz,
baina ezin diot eutsi.

2)
SMS bat idatzi dizut:
Ni orain noa plazara”;
letra bakoitza idatzi eta
ezinegona latza da.
Nire bizitza hutsa denean,
basamortua, Sahara,
izan ohi zara nire argia
eta nire ugazaba.
Nahiz eta jakin oker noala,
indartsuegia zara.

3)
Betiko plaza horretan, beraz”,
denak segitzen du berdin,
hori besterik ez nuen behar
etxetik atera nendin.
Neure burua ongi aditzen
nahiz eta egin ahalegin
piloa, ez dut askotan lortzen;
badut nahikoa zeregin.
Zure sirena-oihu horiei
ezin diet muzin egin.

4)
Oinez segitu eta gainditu
dut barneko gurutzada;
sendoegia da, alegia,
zu ikusteko bultzada.
Etorbideak eta bideak
hartu ditut sigi-saga;
auto artean, laster batean,
zeharkatu dut galtzada.
Baina ez zara inon ageri,
non arraio gorde zara?

5)
Nahiz eta jakin ohikoa dela,
lekuko da iragana,
ez etortzeak mina eman dit,
sartu didazu labana.
Nahiz eta jakin horrelakoa
dela gure harremana,
zu lasai egon, laztua baitut
dagoeneko orbana.
Zu ez bazatoz niregana, ni
joango naiz zuregana.

6)
Kale guztiak miatu ditut,

aurrera eta atzera;
xake tauletan ibiltzen diren
dorre azkarren antzera.
Baina ez zaitut inon aurkitzen,
joan ote zara etxera?
Azkenerako etsi egin dut,
banoa barra ertzera.
Etorri, arren, nire barruan
dudan hutsa betetzera!

7)
Bizi honetan maiz pasatzen da,

begiratu urrutiko
intxaurrei eta lau besterik ez
dira izaten txikito!
Nolanahi ere, zer egingo dut?”
eta segidan txupito
zenbait barrura eraman ditut,
alkoholean ito, kito!
Etorri nire ondora ala
alde egizu betiko!

8)
Bi ordu edo pasatu dira,
azkenean tabernazain
batek kalera bota egin nau,
garrasika hainbat irain.
Pareta baten kontra jarri naiz,
benetan sekula bezain
pentsakor nago, guzti-guztia
ulertu dezaket orain:
mundu zikin hau aurrera doa
eta, bitartean, ni zain.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/irunabar-bertso-sorta-iker-altuna/

“Azaroa ate joka”. Egoitz Zelaia Perezen bertsoak, Iruneron.

AZAROA ATE JOKA

Doinua: Azaroa ate joka
Egilea: Egoitz Zelaia Perez

1)
Azaroa ate joka
ari da axolagabe
iparraldeko haizea
sartzen hasi da herabe.
Azken aldian lanera
noala, presarik gabe,
Dunbarriak, goizean goiz,
izan ditut parez pare…
Egunsentiak sekula
baino ederrago daude.

2)
Marea gora. Etxetik
usain daiteke kresala
lainoak metatu dira
marrazten argi-itzala.
Nik ikusteko moduan
utzi du gutun-azala.
Arratsaldez ikusi dut
poteatzen genbiltzala
pena edaten ardoa
izanen balitz bezala.

3)
Begiratzen du herriko
zure argazkietara
behar bada zu bilatzen,
zu aurkitzen, behar bada…
Aietetik hona nola
aldatu den begirada.
Tarteka entzuten diot:
arras erraz ohitu gara
bake asmorik gabeko
bake garai honetara”.

4)
Begiak nahigabetuak
eta bozean dardara
burua ezin altxatu
darama azken bolada.
Noizbehinka perfilatzen du
irri baten ingerada.
Lau hormen artean preso
duenarentzat alaba,
nonbait, bizitza laburra
eta pena luzea da.

5)
Hurbilketei begiratuz
bada aski datu dantza
zurrumurruei ematen
ari zaie egiantza
mugimenduak daudela
eta badu konfiantza
burumakur dabil baina
ez du guztiz galdu, antza,
noizbait etxera sartuko
zarenaren esperantza.

6)
Bederen nahiko zintugun
hemendik ahalik hurbilen.
Urte eta erdi pasa
ez zaituela ediren
hurrengoa noiz ote den
ez dakit oso argi den
amarekin joateko
ideiarekin nenbilen
ea bisitak lehen bai lehen
lehenera itzultzen diren.

Hemendik jaitsi dezakezu


Iturria: https://irunero.eus/azaroa-ate-joka/

Post Navigation