Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “ekaina, 2026”

“Muga”. Abel Zabala Elizazuren bertsoak, Iruneron.

MUGA

Egilea: Abel Zabala Elizazu
Doinua: Itsasoa laino dago I-A

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Nahiz eduki hainbat duda
gainditu dut abentura
jolasteko hitza “MUGA”
aldi hontan tokatu da
jolasteko hitza “MUGA”
asmatuko al nuen ba!

2)
MUGALARI zein MUGAZAIN
berdin lehen berdin orain
bista jarriz elkarrengain
nor egoten da noren zain?
Bista jarriz elkarrengain
elkar zaintzen dute bikain.

3)
MUGAZAIN zein MUGALARI
biak daude adi adi
ibili behar bai da argi
aurre hartu sorpresari
ibili behar bai da argi
gain hartzeko besteari.

4)
Euskararen aldarria
nahiz eta ez den berria
behin ta berriz jazarria
egoera da larria
behin ta berriz jazarria
jar dezagun MUGARRIA.

5)
Diruaren merkatua
jarduera MUGATUA
aberatsek gidatua
behartsua zanpatua
aberatsek gidatua
badago non banatua.

6)
Palestina, Libano_Iran
suntsituak ta JOMUGAN
mundu hontako tesituran
terrorezko pelikulan
mundu hontako tesituran
bakerik ez HORTZIMUGAN

7)
Adimena zein jakintza
berrasmatuz badabiltza
eta hauxe da emaitza
hortik ez al dator gaitza?
eta hauxe da emaitza
bihurtu da MUGAGAITZA

8)
 Zortzi bertso orotara
hau zen nire harrikada
zenbat buelta, zenbat traba
tolestu ezin metrikara
zenbat buelta zenbat traba
iritsi naiz HELMUGARA.

Iturria: https://irunero.eus/muga/

“Txakur bedeinkatuak”. Beñat Elosegi Ortiz de Zarateren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

TXAKUR BEDEINKATUAK

Egilea: Beñat Elosegi Ortiz de Zarate

Doinua: Zer buruzbide bihotz gabe

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Umeak baino txakur gehiago
ditugulako dut kezka,
jaso gabeko kakak direla
ixkinetan pixa festa,
belardietan ezin ibili
ez mutil eta ez neska,
hainbat jarrera desegokiek
egin digute gainezka,
maskoten jabe askoren aurka
egin behar dut protesta. (Bir)

2)
Pit-bull lotua ez da urruntzen
askea saltoka bizkor,
nik ez dut deusen kulparik baina
nigana jostari dator,
beldurrak seko ni irentsi nau,
zakurrak, berriz, hortxe hor;
ez zaizkit zertan gustatu behar
eta salatzera nator.
Dena den, horra, bistakoa da,
zerk paseatzen duen nor. (Bir)

3)
Bigarreneko zakur zaunkak
burusoileraino nauka,
jakin nahi nuke zer ote duen
etxe osoaren aurka.
Norberak soilik behar duenez
bizitzako xenda hauta,
bakardadea ezkutatzeko
agian maskota dauka;
txakurrek inor epaitu gabe
egiten baitute zaunka. (Bir)

4)
Orga batean faraoi legez
soinean jantzita xira,
pet_fashionak mugarik ez du
denok modari begira,
txorakeria hasi da eta
honek badakar segida,
gurtu ditzagun, hementxe datoz
jainko berriak herrira;
Irun bihurtzen hasia zaigu
lau hankekoen neurrira. (Bir)

5)
Auzoko bati eman zioten
artzain-txakur bat, gaztea,
paseatzeko prestatu nintzen
ez baitzen beti askea.
Mendi bidean otu zitzaion
espaloia marraztea,
hortxe hasi zen sormena eta
arte guztien nahastea,
zipaiotegi parean utzi
zuen kriston borrastea.
(Badaezpada pentsatu nuen
uzta jasotzen hastea.)

6)
Abere baino, jabe askoren
portaera txarren aurka
protesta eta purrustadaka
etsipenean galduta,
pertsonala den borrokan nabil
azkenaldian sartuta,
nahiz benetako sentimenduak
ezin ditudan ezkuta:
txakur gehienak maite baititut
bi hankekoak kenduta. (Bir)

7)
Leku askotan, Irunen ere,
hain da arazo haundia,
kale, terraza, parke, zein plaza,
gainezka dago mendia,
zaunkari oro jainkotu eta
zerutzat dute hiria.
Nire mezua zentzuduna da,
zintzoa eta garbia:
-Zuon txakurrak ez dira behiak,
eta hau ez da India!!! (Bir)

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-6/

Post Navigation