Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “urria, 2021”

Irabazi asmorik gabeko I. Bertso paper saria eta IV. Bertso Mendaria > 2021eko azaroaren 26an

Txingudiko Bertso Eskolako Bertso-tailerrak laugarrenez antolatu du Bertso Mendaria azaroaren 26rako, ostiralarekin eta 19:30ean hasi eta 22:30ak bitarte.

Joan den ikasturteetan antolatutakoren batera azaldu zenak badaki zertan den kontua: Muara Elkartearen ateak, barra (pintxo eta guzti) eta mikrofonoak guztiontzat zabalik.

Oraingoan, baina, bada berrikuntzarik; Irabazi asmorik gabeko I. Bertso paper saria.

Sari honen helburu behinena, bailarako bertso sortzaileak bertsoa protagonista den inguruan batzea da. Horrek ez du, inondik inora ere, beste edonongo sortzailerik baztertzen; edonork hartu dezake parte sari honetan.

Bertso paperak aurkeztu ahala, antolakuntzak denak batu eta azaroaren 26an, Hondarribiako Muara Elkartean, ikusgai jarriko ditu. Sortzaile bakoitzak, sorta igorri bezala, aipatutako data horretan Muaran aurkeztu eta bere sorkuntza kantatzeko konpromezua hartuko du.

Parte hartzaileek, egunean bertan antolatzaileek markatutako sistemaren arabera, sorta bakoitza kantatu ahala ebaluatu beharko dute. Egileak ezingo du bere sorta baloratu.

Aurkeztutako sorta bakoitza elkarteko paretetan egongo da eskegita gainontzekoek irakurri ahal izateko.

Saria egongo da… edo ez!

Jarraian, zeinbait irizpide:

Bertsoekiko:

– Maila bat eta bakarra.

– Norbanakoak zein talde batek egin ditzake.

– Nahi adina bertso paper aurkez daitezke.

– Gutxienez 3 eta gehienez 5 bertsoko sortak.

– Gai, doinu eta neurri librean*.

– *Kopla formatuan bada, gutxienez 6 eta gehienez 10 kopla.

Nola helarazi:

– PDF formatuan.

– txingudikobertsotailerra@gmail.com helbide elektronikora.

– Urriaren 26tik azaroaren 23ra bitarteko edozein egun eta ordutan.

Azaroaren 26an, ostiralarekin, arratsaldeko 19:30ean, Hondarribiako Muara Elkartean ikusiko dugu elkar! Animatu zaitezte parte hartzera! Ederki pasako dugu!

Adrian Arruti eta Irati Alcantarilla, Txingudiko Bertso Eskoletako irakasleak “Txingudi Online”-en ikasturte berriari buruz

Irunabarrek kudeatzen dituen Txingudiko Bertso Eskoletan, hasi berri dugu 2021/22 ikasturtea. Ikasturte honetako eskaintzaren berri eman genuen aurreko batean, eta izen ematea zabalik dago.
Ikasturte berriaren harira, Adrian Arruti eta Irati Alcantarilla irakasleak elkarrizketatu dituzte Txingudi Online-en. Gogoratu maila ezberdinetako taldeak daudela, eta bertsotan trebatzeko gogoa izatea dela izena emateko baldintza bakarra.
Hementxe duzue elkarrizketa. Animatu eta zatoz bertso-eskolara!

Iturria: https://txingudionline.com/ikasturte-berria-txingudiko-bertso-eskolan-bidasoako-ahotsak/

“Bidasoa”. Abel Zabala Elizazuren bertsoak, Iruneron.

BIDASOA

Doinua: Ia gureak egin du
Egilea: Abel Zabala Elizazu

1-Bidasoa dut kantugai
bere zubi bere ibai (Bis)
izango ote naiz gai?
saiatu behar dut, bai!
azaleratzen egia
dagoena, alegia.

2-Munduan migrante asko
ez direnak bizi bapo (Bis)
sorterritik eskapo
gerra dagoelako
edo gosea bestela
errealitate krudela.

3-Eta iristean hona
zein gustu txarreko broma (Bis)
zubirik ez, da horma
parez-pare dagona
eta hori nola pasa
ez da batere erraza

4-Bi zubi bi pasabide
hainbat polizia kide (Bis)
aizazu adiskide!
muga ez dago libre!
jendeak dion bezala
beltza baduzu azala.

5-Askok ez dakigu nola
gainditzen duten kontrola (Bis)
zortearen tonbola
aurrez-aurre dagola
behin ta berriro saiatuz
sarri helburua lortuz.

6-Egunaren arabera
ez daukate zorte bera (Bis)
ez bada ongi atera
animoak gainbehera,
horren da bat-batekoa
hartzen den kankatekoa

7-Desesperazioaren
ondorioak zein diren (Bis)
bertan jauzi ondoren
frustrazioari men
edozer egiteko gai
uretaratzeko ere bai.

8-Igeri ez dakienak
izan ditzake problemak (Bis)
sortzen diren eszenak
itsusiak gehienak
zenbat momentu kritiko
ta azkenerako ito

9-Bat ez ote da gehiegi
eta dagoeneko bi (Bis)
hain krudela da hori
Bidasoa hilobi
ezin dugu bilakatu:
irtenbide bat topatu!

10-Arduradunei kritika
hau lotsagarria baita (Bis)
non da zuen etika?
Aldatu politika
gizatasunik badago
ez dadin hil bat gehiago!

Iturria: https://irunero.eus/bidasoa/

Jaitsi audioa

Post Navigation