Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Irabazi asmorik gabeko bertso paper saria”

Irabazi asmorik gabeko I. Bertso paper saria. Aitor Errazkinek aurkeztutako sortak jaso zituen bozka gehien.

Kaixo, bertsozale:

Pasa den azaroaren 26an, ostiralarekin, burutu genuen Irabazi asmorik gabeko I. Bertso paper sariaren ekitaldia. Hondarribiako Muara elkartean batu ginen sorta aurkeztu zuten zortzi lagunekin batera. Denera, 10 sorta kantatu zituzten sortzaileek eta, ondotik, parte hartzaileek Aitor Errazkin Vicentek aurkeztutako BI GOI BILERA: GLASGOW eta HONDARRIBIA sorta deliberatu zuten onena.

Aurkeztutako sorta guztiekin, txostena osatu dugu. Jarraian duzue eskuragarri.

Irabazi asmorik gabeko I. Bertso paper saria eta IV. Bertso Mendaria > 2021eko azaroaren 26an

Txingudiko Bertso Eskolako Bertso-tailerrak laugarrenez antolatu du Bertso Mendaria azaroaren 26rako, ostiralarekin eta 19:30ean hasi eta 22:30ak bitarte.

Joan den ikasturteetan antolatutakoren batera azaldu zenak badaki zertan den kontua: Muara Elkartearen ateak, barra (pintxo eta guzti) eta mikrofonoak guztiontzat zabalik.

Oraingoan, baina, bada berrikuntzarik; Irabazi asmorik gabeko I. Bertso paper saria.

Sari honen helburu behinena, bailarako bertso sortzaileak bertsoa protagonista den inguruan batzea da. Horrek ez du, inondik inora ere, beste edonongo sortzailerik baztertzen; edonork hartu dezake parte sari honetan.

Bertso paperak aurkeztu ahala, antolakuntzak denak batu eta azaroaren 26an, Hondarribiako Muara Elkartean, ikusgai jarriko ditu. Sortzaile bakoitzak, sorta igorri bezala, aipatutako data horretan Muaran aurkeztu eta bere sorkuntza kantatzeko konpromezua hartuko du.

Parte hartzaileek, egunean bertan antolatzaileek markatutako sistemaren arabera, sorta bakoitza kantatu ahala ebaluatu beharko dute. Egileak ezingo du bere sorta baloratu.

Aurkeztutako sorta bakoitza elkarteko paretetan egongo da eskegita gainontzekoek irakurri ahal izateko.

Saria egongo da… edo ez!

Jarraian, zeinbait irizpide:

Bertsoekiko:

– Maila bat eta bakarra.

– Norbanakoak zein talde batek egin ditzake.

– Nahi adina bertso paper aurkez daitezke.

– Gutxienez 3 eta gehienez 5 bertsoko sortak.

– Gai, doinu eta neurri librean*.

– *Kopla formatuan bada, gutxienez 6 eta gehienez 10 kopla.

Nola helarazi:

– PDF formatuan.

– txingudikobertsotailerra@gmail.com helbide elektronikora.

– Urriaren 26tik azaroaren 23ra bitarteko edozein egun eta ordutan.

Azaroaren 26an, ostiralarekin, arratsaldeko 19:30ean, Hondarribiako Muara Elkartean ikusiko dugu elkar! Animatu zaitezte parte hartzera! Ederki pasako dugu!

Post Navigation