Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “otsaila, 2014”

Ostegunetako Kabigorriko bertso gauak (martxoak 6)

Urteko hilabeterik motzenari agur esateko tenorea heldu eta ate joka dugu martxoa. Hilabete berria hastear den honetan, datorren Ostegunetako Kabigorriko bertso gauaren berri eman behar dizuegu. Martxoaren 6an izango da, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Peña kaleko Kabigorri Ateneoko tabernan. Patxi Castillo beratarra, Jokin Uranga azpeitiarra, Miren Artetxe hendaiarra eta Aitor Errazkin irundarra ariko dira bertsotan, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa”ren aginduetara.

Gogoan izan saio ostean afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaintzen duela Kabigorrik. Aprobetxa dezagun!

This slideshow requires JavaScript.

Irungo eskolarteko I. bertso-paper lehiaketa

Idatz itzazu bi bertso nahi duzun neurri eta doinuan post honetara ekarri ditugun lau argazkietatik bat gaitzat hartuta. Doinuaren izena zehaztea ezinbestekoa da. Ondoren, bidal iezazkiguzu bertsoak irunabar@gmail.com helbide elektronikora, argi eta garbi adieraziz zein diren zure izen-abizenak, eskola eta maila.

4 argazkiak_irungo eskolarteko lehenengo bertso paper lehiaketaAnima zaitezte, sari politak baitaude irabazleentzat!

Oinarriak:

Txingudi Ikastolako bertso tailerrak

Lan eskerga egiten ari da Haitzol Olaiz irakasle oiartzuarra Txingudi Ikastolako bertso tailerretan. Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan talde bana ateratzea lortu du eta bistan da gogor bezain gustura ari direla lanean.

Zorionak denoi!

‘Tabernaren epelean hilero puntuka’

Azken postean Mikel Garcia kazetari irundarrak bere Jendartean blogean idatzitako artikulu baten berri eman genizuen. Honako honetan, aldiz, Argia aldizkariaren 2401. zenbakian (2014-02-02) argitaratutakoa eskaini nahi dizuegu, labetik atera berritan: “Tabernaren epelean hilero puntuka”.

Mikelen hitzak probestuko ditugu otsailaren 6an, hileko lehen ostegunarekin, Kabigorrin topatuko duzunaren berri emateko: “Hilabeteko lehen ostegunean, hitzordua du Bidasoaldeko bertsozaleak: lagun giroan, eserita nahiz zutik, barraren aldamenean edo mahaian jesarrita, ordu eta erdi inguruko saioaz goza dezake Kabigorri tabernan (Irungo Mosku auzoan). Barreak, txaloak, garagardo tragoak eta doinu arin nahiz sakonak nagusi dira hilero, …”

Bejondaikela, Mikel, eta mila esker beste behin ere.

Post Navigation