Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Egoitz Zelaia”

Azken Kabigorriko Bertso-Gaueko argazki bilduma [2022-12-01]

Kaixo, bertsozale.
Hainbeste saioren ondoren, abenduaren lehenean egin genuen proiektu handi honen azken saioa. Jarraian gauak emandako zenbait irudi.

Moskuko jaiak 2022

Kaixo, bertsozale:

Pasa diren bi urteetan ezin izan da Moskuko jairik antolatu, aurten, baina, izurritearen aurreko ohiturari heldu eta auzoko jaiei berrekin diegu. 2022ko Moskuko jaietan ere, egitarau zabal eta aberats baten baitan, bi bertso-saio antolatu ditu Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneak, Moskuko jai batzordeko kideekin elkarlanean: bertso-poteoa eta bertso-saioa.

Abuztuaren 13an, larunbatean, izango da lehena, herri-bazkariaren aurretik, eguerdiko 12:30ean, Larragane tabernatik abiatuta. Maddi Ane Txoperena lesakarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra ariko dira auzoko tabernetan barrena kantuan.

Bertso-saioa, berriz, astelehenean izango da, abuztuaren 15ean. Plazan izango da, eguerdiko 12:00etan. Alaia Martin oiartzuarra, Aitor Sarriegi beasaindarra, Ekhiñe Zapiain beratarra eta Adrian Arruti irundarra ariko dira kantuan Egoitz Zelaia hendaiarraren esanetara.

Euskal Jirako bertso-saioa

Aurten Egoitz Zelaia, Sustrai Colina eta Anjel Mari Peñagarikano arituko dira bertsotan, abuztuaren 6an, Urdanibia plazan, eguerdiko 12:15etik aurrera.

Aurtengo Euskal Jiraren kartela. Informazio gehiago: http://www.irungoeuskaljira.com

Bertso-saio musikatua Landetxa-Kateako jaietan

Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko hainbat kidek eta inguru hurbileko lagunek osatu duten halako “bertso-banda”-ren saioa izan da aurtengo Kateako jaietan: Bertsolariak (Adrian Arruti, Abel Zabala, Egoitz Zelaia eta Aitor Errazkin), musikariak (Maddi Sanz, Rafa Rodrigo, Iker Eizagirre eta Beñat Elosegi), eta guzti horien artean, lokailu lanetan, gai jartzailea (Gotzon Aizpiolea). 2022ko maiatzaren 22an izan zen saioa, eguerdiko 12:30etatik 14:00etara bitarte, auzoko frontoian. Hainbat lagunek bidalitako argazkiak segidan. Eskerrik asko zinez Aitor Martinez, Iñigo Gebara, Edurne Mendia, Aratz Altzaga, Gotzon, eta Maddiren “jarraitzaileei”, saioko argazkiak egin eta guri bidaltzeagatik.

Loratze eguna larunbatean [2022-05-14]

Kaixo, bertsozale:

Datorren larunbatean, maiatzaren 14an, Loratze eguna antolatu du Irungo Sortuk. Alderdiak izan duen kongresuaren ondotik, herriko kideek osatu duten egitura berriaren ekimena da. Gainera, Haziaren irekiera berriarekin uztartu dute. Egun osoko egitaraua antolatu dute: goizean, hitzaldia egongo da Hazian, eguerdian, bertso-poteoa, ondoren, bazkaria, arratsaldean, kontzertua, eta, gauean, pintxada. Irunabarreko Egoitz Zelaia eta Adrian Arruti arituko dira bertso-poteoan, eta eguerdiko 13:00ean abiatuko dira Haziatik.

Korrika egunean Bertso-saio musikatua [2022-04-09]

Kaixo, bertsozale:

Pasa den astean iragarri bezala, Korrika Irundik pasa den eguna girotzeko egitarau luzea antolatu dute Bidasoko Aek euskaltegiak eta Zizta[KA]k. Tartean, Bertso-saio musikatua. Egoitz Zelaiaren zuzendaritzapean aritu dira musikan, Maddi Sanz (harpa), Beñat Elosegi (mandolina), Iker Eizagirre “Xufi” (gitarra elektrikoa), Rafa Rodrigo (gitarra akustikoa) eta Iban Clemente (baxua). Aitor Errazkin, Urko Casado, Iñigo Ugarte, Abel Zabala eta Adrian Arruti izan dira kantuan. Eguraldia eta entzuleak bidelagun, iluntze bikaina izan da eta horren adierazle, ondoko argazki bilduma.

“Azaroa ate joka”. Egoitz Zelaia Perezen bertsoak, Iruneron.

AZAROA ATE JOKA

Doinua: Azaroa ate joka
Egilea: Egoitz Zelaia Perez

1)
Azaroa ate joka
ari da axolagabe
iparraldeko haizea
sartzen hasi da herabe.
Azken aldian lanera
noala, presarik gabe,
Dunbarriak, goizean goiz,
izan ditut parez pare…
Egunsentiak sekula
baino ederrago daude.

2)
Marea gora. Etxetik
usain daiteke kresala
lainoak metatu dira
marrazten argi-itzala.
Nik ikusteko moduan
utzi du gutun-azala.
Arratsaldez ikusi dut
poteatzen genbiltzala
pena edaten ardoa
izanen balitz bezala.

3)
Begiratzen du herriko
zure argazkietara
behar bada zu bilatzen,
zu aurkitzen, behar bada…
Aietetik hona nola
aldatu den begirada.
Tarteka entzuten diot:
arras erraz ohitu gara
bake asmorik gabeko
bake garai honetara”.

4)
Begiak nahigabetuak
eta bozean dardara
burua ezin altxatu
darama azken bolada.
Noizbehinka perfilatzen du
irri baten ingerada.
Lau hormen artean preso
duenarentzat alaba,
nonbait, bizitza laburra
eta pena luzea da.

5)
Hurbilketei begiratuz
bada aski datu dantza
zurrumurruei ematen
ari zaie egiantza
mugimenduak daudela
eta badu konfiantza
burumakur dabil baina
ez du guztiz galdu, antza,
noizbait etxera sartuko
zarenaren esperantza.

6)
Bederen nahiko zintugun
hemendik ahalik hurbilen.
Urte eta erdi pasa
ez zaituela ediren
hurrengoa noiz ote den
ez dakit oso argi den
amarekin joateko
ideiarekin nenbilen
ea bisitak lehen bai lehen
lehenera itzultzen diren.

Hemendik jaitsi dezakezu


Iturria: https://irunero.eus/azaroa-ate-joka/

“Frantziako Konstituzio Kontseiluaren ebazpenaren harira”. Egoitz Zelaia Perezen bertsoak, Iruneron.

FRANTZIAKO KONSTITUZIO KONTSEILUAREN EBAZPENAREN HARIRA

Doinua: Nik zonbat pertsu alde
Egilea: Egoitz Zelaia Perez

1.
Champs-Élysées -tik heldu
berri da herrira
ume batzuk jolasten
dabiltzan tokira.
Hark ere jolastu nahi
luke, baina tira,
ez duenez ulertzen
hitzen narratiba
erdi haserreturik
besteei begira
frantsesez aritzeko
agintzen hasi da.

2.
-“Gurekin jolasteko
halako nahastea?
hortarako aski da
pixkat ikastea
ta ez gure hizkuntza
alda araztea”.
hau entzunik pentsatu
du hark ebaztea:
-“ez baldin bada haizu
frantsesez hastea
debekatu behar da
hemen jolastea”.

3.
-Zer egin guri hala
baletorkiguke?-
Umeek jolasean
lasai dihardute.
Gehiago enerbatu
da -Erranen nuke-
eta haren bekaitza
bihurtu da sute.
Mugi ondorenean
zeru zein zerupe
parkean jolastea
debekatu dute.

4.
Gure herriko haurrak,
edozein modura,
jolasten jarraitzeko
badute ohitura.
-Gehiago indartu da
zeukaten lotura-.
Ez dutenez ahanzteko
Pariseko hura
hurbiltzen dira haren
etxe ingurura
pilotak botatzeko
bere teilatura.

Iturria: https://irunero.eus/frantziako-konstituzio-kontseiluaren-ebazpenaren-harira/

Jaitsi audioa

Bultza euskara, bultza euskaltegiak ekimena

Joan den martxoaren 28an, AEK-k, Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak, hainbat herritako plazatan biltzera deitu zuen euskal gizartea, euskarari eta euskaltegiei bultzada emateko. Bidasoko AEK-k Irungo San Juan Plazan eta Hondarribiko Kasino Zaharrean biltzeko deialdi bi egin zituen, eta ekitaldi bietan Txingudiko Bertso Eskolako kideak aritu ziren bertsotan: Irungoan, Aitor Errazkin eta Maddi Sanz aritu ziren; Hondarribian, Irati Alcantarilla. Eskualdetik kanpo era aritu zen bertso eskolako kiderik; Egoitz Zelaia hendaiarrak Baionako deialdian hartu zuen parte.

Argazkiak “LAMIA Argazkintza”ko Beñat Larrukertek eginak dira. Bidasoko AEK-k eskerrik beroenak helarazi nahi dizkie, Beñat Larrukert berak bezalaxe, Irun eta Hondarribiko saioak posible egin zituzten guztiei. Mila esker, bihotz bihotzez.

“GAUr EGUN”. Egoitz Zelaia Perezen bertsoak, Oarso-Bisoaldeko Hitzan

GAUr EGUN

Doinua: ‘Se me olvidó otra vez’
Egilea: Egoitz Zelaia Perez

1.
The Walking Dead-eko extra txarren antzera.
lanetik etxera sartua naiz atzera.
-lana badut eta ez noa kexatzera-
Joanen nintzake trago batzuk hartzera,
lagunekin bildu eta “desfasatzera”;
helduko nintzake, agian, dantzatzera…
baina dena itxi digute, eta zera,
berriz, aspertuta, bakarrik ohantzera.



2.
Will Byers bezala, luza ahala zangoa,

nonbait, desagertu egin da azaroa.
Ihesean joan aurretik gaztaroa,
berriz dastatu nahi nuke zure ahoa,
nire gorputzean gorde zure alboa.
Abendurako prest daukat sarkofagoa;
luzatu ezkero hau bihurtzera doa,
katu baten mihia baino lakarragoa.



3.
Eguberria ez da Brasil otsailean

batzuk ari gara nahiaren itzalean
aditza jokatu ezinik pluralean.
Euri tantak irrist eginez kristalean
hotz ari du modu diskriminatzailean,
guziak etxean, inor guti kalean;
beroa hartuaz botilen magalean
hartu beharrean besteen azalean.



4.
Hartu aitzin Sherlock-en detektibe kutsuak,

nahiz, garaian izan horren arriskutsuak
nahi ditut besteen alibi amultsuak;
Dena ahantziz, beraz, piztu ditzagun suak
ahanzteko hotzak eta euri-truxuak,
berreskuratzeko hitz-jolas burutsuak,
behatu konplize, besarkada sutsuak,
tekila, limoia, gatza eta musuak.

5.
Abenduak sortu du nahikoa debate
EAEk terrazak zabaldu baititzake,
Nafarroan ere, hau zen prioritate,
Lapurdin, bakarrik, lanerako gauzkate.
Gazteago banintz erotuko nintzake.
Zein dute harreman, zein afektibitate?
Enpatia pixka bat sentitu nezake;
Eni ere gauak ebatsi dizkidate.



6.
Laikarik gabeko enegarren Sputnik
batean joateko antza baino ez dut nik.
Ezin aterata hain ataka estutik
mikatzetik daukat lehen nuena prestutik.
Hogeiak” deus guti izan du amestutik,
ene hitzen minak ez dakar, berez, tutik.
Urtarrila heltzen ez bazaigu belztutik,
ea zeinek duen “hogeita bat” eskutik!

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/egoitz-zelaia-gaur-egun/

Post Navigation