Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Hazia Kultur Elkartea”

Loratze eguna larunbatean [2022-05-14]

Kaixo, bertsozale:

Datorren larunbatean, maiatzaren 14an, Loratze eguna antolatu du Irungo Sortuk. Alderdiak izan duen kongresuaren ondotik, herriko kideek osatu duten egitura berriaren ekimena da. Gainera, Haziaren irekiera berriarekin uztartu dute. Egun osoko egitaraua antolatu dute: goizean, hitzaldia egongo da Hazian, eguerdian, bertso-poteoa, ondoren, bazkaria, arratsaldean, kontzertua, eta, gauean, pintxada. Irunabarreko Egoitz Zelaia eta Adrian Arruti arituko dira bertso-poteoan, eta eguerdiko 13:00ean abiatuko dira Haziatik.

Bertso-saioa antolatu du Su Txikian-ek Hazian [2022-04-29]

Kaixo, bertsozale:

Su Txikian talde feministak Ostiral Feministak ekimena sortu du. Irungo Hazian burutzen den ekimena da eta hileko azken ostiralean izaten da. Oraingoan, bertso-saioa antolatu dute eta bertan arituko dira, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Irati Alcantarilla urruñarra eta Haizea Arana eskoriatzarra.

Haziako Bertso Bazkariko kronika [2019-07-01]

Hazia Kultur Elkarteak bertso bazkaria antolatu zuen, uztailaren lehenean, herriko jaiei amaiera polita eman nahian.

Bertan aritu ziren Oihana Bartra santutxuarra eta Irunabarreko kide den Egoitz Zelaia hendaiarra. Bazkarira 45 lagun hurbildu ziren eta hasieratik nabaritu zen giroa bero zegoela.

Sukaldariek bete betean asmatu zuten menuarekin, hasierako entsaladatik hasita, txerri ukondoarekin jarraiki eta xamingoxoarekin bukatuta.

Bazkaria amaituta, eta kafe eta kopak eskatuta, ekin zioten bertsolariek libreko saioari eta hasieratik nabaritu zen behin eta berriz egingo zuela eztanda. Bertsolariak fin ibili ziren uneoro batak besteari zein entzuleei ere ziria sartuz. Gerturatutakoek, ederki aski erantzun zioten bikoteari barre algara eta txalo zaparraden bitartez.

Dena zoragarria izan da eta bertsolariak ere oso esker oneko egon ziren entzule eta antolatzaileekiko.

This slideshow requires JavaScript.

 

Bertso Bazkaria Hazian [2019-07-01]

Irungo jaiak direla eta, Hazia Kultur Elkarteak egitarau berezia antolatu du ekainaren 21an hasi eta uztailaren 1a bitarte. Taberna egunero irekita egoteaz gain, asteburuetan sukalde zerbitzua izango da. Ekainaren 26an Hurih (Pitxi eta Olaia) musika talde lesakarrak kontzertua eskainiko du, eta jaiak ongi amaitzeko, uztailaren lehenean Bertso Bazkari ederra antolatu du Haziak Irunabarrekin batera. Bertsotan, Oihana Bartra bilbotarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra arituko dira. Sarrerak Hazian bertan daude salgai, eta telefono bidez ere eska daitezke.

Ondoko irudian xehetasun guztiak.

Bertso afaria. Otsailak 3, larunbata, 20:30etan Hazian

Bertso afaria izango da otsailaren 3an, Irungo Hazia Elkartean, eta Igauri Lopetegi, Irati Alcantarilla eta Manu Goiogana ariko dira kantuan, Ikasle Abertzaleak-ek antolatutako saioan.

Afarirako sarrerak erosteko azken eguna urtarrilaren 31 da, eta Bidasoako IA-koekin harremanetan jartzea nahikoa da horretarako. Sare sozialetan ere badago aukera: bidasoako_ia (Instagram) edo @BidasoakoIA (Twitter) kontuetara joz.

Post Navigation