Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

“Muga”. Abel Zabala Elizazuren bertsoak, Iruneron.

MUGA

Egilea: Abel Zabala Elizazu
Doinua: Itsasoa laino dago I-A

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Nahiz eduki hainbat duda
gainditu dut abentura
jolasteko hitza “MUGA”
aldi hontan tokatu da
jolasteko hitza “MUGA”
asmatuko al nuen ba!

2)
MUGALARI zein MUGAZAIN
berdin lehen berdin orain
bista jarriz elkarrengain
nor egoten da noren zain?
Bista jarriz elkarrengain
elkar zaintzen dute bikain.

3)
MUGAZAIN zein MUGALARI
biak daude adi adi
ibili behar bai da argi
aurre hartu sorpresari
ibili behar bai da argi
gain hartzeko besteari.

4)
Euskararen aldarria
nahiz eta ez den berria
behin ta berriz jazarria
egoera da larria
behin ta berriz jazarria
jar dezagun MUGARRIA.

5)
Diruaren merkatua
jarduera MUGATUA
aberatsek gidatua
behartsua zanpatua
aberatsek gidatua
badago non banatua.

6)
Palestina, Libano_Iran
suntsituak ta JOMUGAN
mundu hontako tesituran
terrorezko pelikulan
mundu hontako tesituran
bakerik ez HORTZIMUGAN

7)
Adimena zein jakintza
berrasmatuz badabiltza
eta hauxe da emaitza
hortik ez al dator gaitza?
eta hauxe da emaitza
bihurtu da MUGAGAITZA

8)
 Zortzi bertso orotara
hau zen nire harrikada
zenbat buelta, zenbat traba
tolestu ezin metrikara
zenbat buelta zenbat traba
iritsi naiz HELMUGARA.

Iturria: https://irunero.eus/muga/

Single Post Navigation

Utzi iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.