Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Kabitik irratsaioa”

Ikasturte honetan ere bailarako hedabideekin elkarlanean ariko gara

Irunabarren helburuetako bat bertsoa inguruko hainbat txokotara helaraztea ere badenez, badira zenbait ikasturte bailarako hedabideekin elkarlanean ari garela.

Hasi berri dugun 2021/22 hau hirugarren ikasturtea dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Irailean hasi eta ekaina bitarte, hilero, eta hilabeteko azken ostiraletan, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek bertso-jarriak argitaratuko ditu aipatutako aldizkariko papereko edizioan, eta egun gutxi batzuk igaro ondoren, eskuragarri izango duzue argitalpen hori bera baita bertsio digitalean ere. Nola ez, Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu bertso horiek guztiak.

Irunero aldizkariarekin hasitako elkarlana oraindik lehenagokoa da. 5. ikasturtez jarraian, Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso jarriek argia ikusiko dute hilero. Iruneroren kasuan, hilabeteko lehen aldizkarian argitaratuko da elkarlanaren emaitza, eta kasu honetan ere paperezko edizioan zein bertsio digitalean egongo da ikusgai. Ikasturtea urria hasieran hasi eta ekainean amaituko da, eta Iruneroko sorta guztiak ere Irunabarren webgunera ekarriko ditugu.

Horretaz gain, osagarri modura, idatzitako sorta hauek musikatzen direnean ere eskuragarri izango dituzue webguneko argitalpenetan zein Ivoox-eko gure kanalean (harpidetu zaitezte!). Orain arte Makalo eta Maddi Sanzek musikatutakoak ipini dizkizuegu, baina beste inor animatuko balitz ere plazer handiz jasoko genituzke zuek musikatu eta kantatutako bertso-sortak irunabar@gmail.com helbidean.

Hona hemen pasa den ikasturtean argitaratu eta musikatutako bertso-sorta pare bat:

  • “Irungo Harrera Sarea”, Abel Zabala Elizazuk 2021eko apirilean Iruneron argitaratu eta Makalok musikatutako bertso-sorta:
Jaitsi audioa

  • “Agurrari koplak”, Maddi Sanz Sanchezek 2021eko apirilean Bidasoko Hitzan argitaratu eta Maddik berak musikatutako bertso-sorta:
Jaitsi audioa

Bailarako hedabideekin elkarlanean, beste ikasturte batez

Irunabarren helburuetako bat bertsoa inguruko hainbat txokotara helaraztea ere badenez, badira zenbait ikasturte bailarako hedabideekin elkarlanean ari garela.

Hasi berri dugun 2020/21 hau bigarren ikasturtea dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Irailean hasi eta ekaina bitarte, hilero, eta hilabeteko azken ostiraletan, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek bertso-jarriak argitaratuko ditu aipatutako aldizkariko papereko edizioan, eta egun gutxi batzuk igaro ondoren, eskuragarri izango duzue argitalpen hori bera baita bertsio digitalean ere. Nola ez, Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu bertso horiek guztiak.

Irunero aldizkariarekin hasitako elkarlana oraindik lehenagokoa da. 4. ikasturtez jarraian, Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso jarriek argia ikusiko dute hilero. Iruneroren kasuan, hilabeteko lehen aldizkarian argitaratuko da elkarlanaren emaitza, eta kasu honetan ere paperezko edizioan zein bertsio digitalean egongo da ikusgai. Ikasturtea urria hasieran hasi eta ekainean amaituko da, eta Iruneroko sorta guztiak ere Irunabarren webgunera ekarriko ditugu.

Azkenik, Antxeta Irratitik zabaltzen den “Kabitik” irratsaioa aipatu behar dugu. Beñat Elosegik eta Gotzon Aizpioleak gidatutako irratsaioa da, eta Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan izurritearen aurretik hilero antolatzen genituen bertso-gauen laburpena eskaintzen zuen. 2020-2021 ikasturtean bertso-saio horiek antolatzeko aukerarik baldin badugu, “Kabitik” irratsaioak ere bide egingo du, eta ekarriko ditugu webgunera.

Kabitik irratsaioa Antxeta Irratian

Kaixo, bertsozale:

Gotzon Aizpiolea eta Beñat Elosegi Kabitik irratsaioa emititzeari ekin zioten iaz, Antxeta Irratiarekin elkarlanean. Hamabi saio burutu dituzte dagoeneko, eta gehiago ere izango dira, ziur, aurrerantzean.

Hilaren laugarren astean argitaratzen dira saioak: astelehenetan, 13:00ean, Antxeta Irratian; eta 19:00etan, Euskal Irratietan. Orduan aditzeko aukerarik ez duenak, asteartetan izaten du bigarren aukera, 16:00etatik aurrera. Gainera, Antxeta Irratiaren webgunean ere eskegita daude orain arteko saio guztiak. Esker mila egiten ari zareten lanagatik, Beñat, Gotzon eta Antxeta Irratiko lagunak!

“Kabitik”, Kabigorriko bertso-gauei buruzko irratsaioa, Antxeta Irratian

Hilero elkarlanean antolatzen ditugu bertso-gauak Irunabarrek, Irungo bertsoaren bilguneak eta Kabigorrik, Bidasoaldeko Ateneoak. Ekainean joan zen 6. ikasturteko azken saioa: hirurogeita hirugarrena. Baina  seigarren ikasturte honek berezitasun nabarmen bat izan du aurrekoen aldean: Kabitik irratsaioa.

Izan ere, ikasturte honetan ostegunetako Kabigorriko bertso-gauek irratsaio paraleloa izan dute Antxeta Irratian. Kabigorriko bertso saioak oinarri hartuta, ordubete inguruko irratsaioak ondu dituzte Gotzon Aizpioleak eta Beñat Elosegik, joan den urteko urria-azaroan hasi eta ekainera bitarte. Azken irratsaioa atzo grabatu zuten. Eta San Juan egunez emango dute, ekainaren 24ean, iluntzeko 21:00ak aldera.

Gogoan izan Antxeta Irratia zuzenean entzuteko dialak: 90.5 / 89.7 / 105.8

Datorren ikasturtean izango ditugu bueltan Beñat eta Gotzon, gustura asko aritu omen dira-eta esatari lanetan (aurretik ere eskarmentua bazuten). Teknika lanetan Antxeta irratiko Koldo Nausia eta Maia Muruaga izan dituzte lagun Beñatek eta Gotzonek.

Kabigorriko saioak 2019ko urrian hasiko badira ere, irailean abiatuko omen da Kabitik, eta esatariek aurreratu digutenez, saio berezia izango omen da datorren ikasturteko lehendabizikoa.

Post honetan bertan joango gara 2018-2019 ikasturteko Kabitik guztien grabazioen estekak batzen:

Bestetik, ekaineko saioan egindako argazkitxo batzuk:

 

Post Navigation