Ikasturte honetan ere bailarako hedabideekin elkarlanean ariko gara
Irunabarren helburuetako bat bertsoa inguruko hainbat txokotara helaraztea ere badenez, badira zenbait ikasturte bailarako hedabideekin elkarlanean ari garela.
Hasi berri dugun 2021/22 hau hirugarren ikasturtea dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Irailean hasi eta ekaina bitarte, hilero, eta hilabeteko azken ostiraletan, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek bertso-jarriak argitaratuko ditu aipatutako aldizkariko papereko edizioan, eta egun gutxi batzuk igaro ondoren, eskuragarri izango duzue argitalpen hori bera baita bertsio digitalean ere. Nola ez, Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu bertso horiek guztiak.
Irunero aldizkariarekin hasitako elkarlana oraindik lehenagokoa da. 5. ikasturtez jarraian, Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso jarriek argia ikusiko dute hilero. Iruneroren kasuan, hilabeteko lehen aldizkarian argitaratuko da elkarlanaren emaitza, eta kasu honetan ere paperezko edizioan zein bertsio digitalean egongo da ikusgai. Ikasturtea urria hasieran hasi eta ekainean amaituko da, eta Iruneroko sorta guztiak ere Irunabarren webgunera ekarriko ditugu.
Horretaz gain, osagarri modura, idatzitako sorta hauek musikatzen direnean ere eskuragarri izango dituzue webguneko argitalpenetan zein Ivoox-eko gure kanalean (harpidetu zaitezte!). Orain arte Makalo eta Maddi Sanzek musikatutakoak ipini dizkizuegu, baina beste inor animatuko balitz ere plazer handiz jasoko genituzke zuek musikatu eta kantatutako bertso-sortak irunabar@gmail.com helbidean.
Hona hemen pasa den ikasturtean argitaratu eta musikatutako bertso-sorta pare bat:
- “Irungo Harrera Sarea”, Abel Zabala Elizazuk 2021eko apirilean Iruneron argitaratu eta Makalok musikatutako bertso-sorta:
- “Agurrari koplak”, Maddi Sanz Sanchezek 2021eko apirilean Bidasoko Hitzan argitaratu eta Maddik berak musikatutako bertso-sorta: