Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Antxeta Irratia”

Bailarako hedabideekin elkarlanean, beste ikasturte batez

Irunabarren helburuetako bat bertsoa inguruko hainbat txokotara helaraztea ere badenez, badira zenbait ikasturte bailarako hedabideekin elkarlanean ari garela.

Hasi berri dugun 2020/21 hau bigarren ikasturtea dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Irailean hasi eta ekaina bitarte, hilero, eta hilabeteko azken ostiraletan, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek bertso-jarriak argitaratuko ditu aipatutako aldizkariko papereko edizioan, eta egun gutxi batzuk igaro ondoren, eskuragarri izango duzue argitalpen hori bera baita bertsio digitalean ere. Nola ez, Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu bertso horiek guztiak.

Irunero aldizkariarekin hasitako elkarlana oraindik lehenagokoa da. 4. ikasturtez jarraian, Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso jarriek argia ikusiko dute hilero. Iruneroren kasuan, hilabeteko lehen aldizkarian argitaratuko da elkarlanaren emaitza, eta kasu honetan ere paperezko edizioan zein bertsio digitalean egongo da ikusgai. Ikasturtea urria hasieran hasi eta ekainean amaituko da, eta Iruneroko sorta guztiak ere Irunabarren webgunera ekarriko ditugu.

Azkenik, Antxeta Irratitik zabaltzen den “Kabitik” irratsaioa aipatu behar dugu. Beñat Elosegik eta Gotzon Aizpioleak gidatutako irratsaioa da, eta Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan izurritearen aurretik hilero antolatzen genituen bertso-gauen laburpena eskaintzen zuen. 2020-2021 ikasturtean bertso-saio horiek antolatzeko aukerarik baldin badugu, “Kabitik” irratsaioak ere bide egingo du, eta ekarriko ditugu webgunera.

Kabitik irratsaioa Antxeta Irratian

Kaixo, bertsozale:

Gotzon Aizpiolea eta Beñat Elosegi Kabitik irratsaioa emititzeari ekin zioten iaz, Antxeta Irratiarekin elkarlanean. Hamabi saio burutu dituzte dagoeneko, eta gehiago ere izango dira, ziur, aurrerantzean.

Hilaren laugarren astean argitaratzen dira saioak: astelehenetan, 13:00ean, Antxeta Irratian; eta 19:00etan, Euskal Irratietan. Orduan aditzeko aukerarik ez duenak, asteartetan izaten du bigarren aukera, 16:00etatik aurrera. Gainera, Antxeta Irratiaren webgunean ere eskegita daude orain arteko saio guztiak. Esker mila egiten ari zareten lanagatik, Beñat, Gotzon eta Antxeta Irratiko lagunak!

TXINGUDI – GOIERRI ELKARTRUKEA ETA BERTSOTRUK EGITASMOAREN AMAIERA; BI KRONIKA BATEAN

Apirilaren 16an hartu genituen Txingudi taldekook goierritarrak gurean, Irunabarrek (Irungo bertsoaren bilgunea), Antxeta Irratiak eta EKTk (Bidasoako Kultur Elkartea) elkarlanean antolatutako bertso-bazkarian. EKT elkartean antolatu genituen otordua eta saioa bera, eta Antxeta Irratiak bere 15. urteurrena dela eta programatutako urte osoko egitarauaren barnean txertatu genuen ekimena.

Eguerdiko 13:00etarako hasi zen jendea EKTra biltzen, ordurako elkartea girotzen hasiak baitziren Aritz Erasun eta Aitziber Arruabarrena trikitilariak.

60 bazkaltiarretik gora bildu zen azkenerako, eta 14:00ak jota hasi ginen bazkaltzen, Antxeta Irratiko, Irunabarreko eta EKTko bozeramaile banak ongi etorria egin eta Bertsotruk ekimenaren zein elkarte antolatzaileen arteko elkarlanaren berri eman eta segidan. 16:30ak pasatxo ekin zion lanari Abel Zabala irundarrak, saiorako gaiak prestatu eta egunean bertan saioa gidatzeko ardura hartua zuen Irunabarreko kideak, eta Goierri eta Txingudi taldeen izenean kantuan hastear ziren bertsolariak aurkeztu zizkien entzuleei: Mikel Tapia, Ane Beloki eta Odei Lopez Goierritik, eta Urko Casado, Manu Goiogana eta Aitor Errazkin Txinguditik.

Saio gustagarri askoa egin zuten bertsolariek, eta entzulearen txaloak eta irriak lortu zituzten, ez gutxitan. Gaiei dagokienean, bertsolariek umoretik jo zezaten prestatua zituen Zabalak, eta hala egin zuten bertsolariek, aukera izan zuten guztietan. Bertsolariek ofizio bana burutzeko aukera izan zuten, eta, gainerakoan, hiru, lau eta sei lagunen artean burutu beharreko ariketei egin zieten aurre. Ia ordu eta hiru laurdeneko saioa eta gero, bertsolariak, antolatzaileak eta entzuleak, denak gustura. Lagun zahar eta berriak agurtu, elkartea jaso, erratza pasa, kontuak egin eta argiak itzali genituen, neke eta nahigabe punttuaz, baina datorren urtean berriz ere “Bertsotruk” berpiztuko dugun esperantzarekin.

Irunabarretik esker bereziak eman nahi dizkiegu Bertsotruk egitasmoak iraun duen bitartean laguntza eskaini diguten lagun guzti-guztiei eta saioetara hurbildu diren entzule guztiei, eta bereziki Joxeja Zabalo jarraitzaile sutsu eta eragile nekaezinari eta Julen Zelaieta bertsolari beratar prestuari. Biba zuek!

This slideshow requires JavaScript.

Azken bertso-trukea!!! Txingudi-Goierri (2016-04-16)

IMG-20160406-WA0000Txingudiko taldeak Txingudi-Goierri bertso-trukea antulatuta amaitutzat joko du, aurtengoz, behinik behin, bere Bertsotruk-a. Azken saioa izango da, beraz, gure eskualdeko bertso eskolakoontzat. Horiek horrela, Antxeta Irratia eta EKT gehitu zaizkigu saio honen antolaketan, eta luxua da hori guretzat; bertsolaritza herrian hedatzen laguntzen, eskualdeko irratia eta Bidasoako EKT izango ditugu, beraz; eta saioaren berri ematen laguntza ematen, gainera, beste hainbat eta hainbat lagun. Zer gehiago eska dezakegu guk? Pozik gaude, bistan da; eskerrik asko guztioi.

Antxeta Irratiko lagunek kartelaren diseinuaren, sarreren salmentaren eta antolakuntza mailako beste hamaika konturen ardura hartu dute (Antxeta Irratiaren proiektuak 15 urte bete ditu aurten, eta ekitaldiz josi nahi izan dute urtea; tartean, bertso-bazkari hau bera); EKT-k elkartearen egoitza bera eskaini du saioa antolatzeko, eta otorduaz eta zerbitzua antolatzeaz arduratuko da, besteak beste. Irunabarrekook bazkal osteko bertso saioren kargu egin gara gehienbat, baina baita EKT-ko zein Antxetako eragileekin elkarlana sustatzeaz ere.

Eskualde mailako elkarteen arteko elkarlan horrek gutxitan eman du emaitza txarrik gurean, eta horrek konfiantza ematen digu eskutik lanean dihardugun hiru elkarteoi. Izan ere, aski ongi dakigu gure ardura dela goierritarrak gurean eroso eta gustura senti daitezen, etxean bezala, eta etxean bezala senti daitezen nahi dugu, bistan da, saioa-entzun asmoz gerturatuko diren bazkaltiar guztiak ere.

Ez da helburu makala, baina gure aldetik daukagun guztia ematera goaz, eta hori beti izan dugu jendearen esker ona jasotzeko berme.

Anima zaitezte guztiok bertso-bazkari honetan parte hartzera. Jakingarri guztiak kartelean dituzue. Eta kontuan izan, bazkaria 14:00etan hastekoa bada ere, 13:00etik aurrera izango dela zabalik EKTko taberna, eta trikitilariak izango direla zain, zuei guztioi harrera egiteko. SARRERAK, Irungo Sunbilla eta Hazia eta Hondarribiko Itxaropena tabernetan salgai, 15 €an!

Goza dezagun!

 

Post Navigation