Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Iñigo Izagirre”

Urriaren 3an eman genien hasiera Kabigorriko bertso gauei

Hasi da 2019-2020 ikasturteko Kabigorriko bertso gaua. Lehen saioa ederra izan zen, jende bailara bildu zen eta bertsolariak gustora aritu ziren. Saioari hasiera Abel Zabalak eman zion, hona hemen prestatutako bertso sorta:

2019KO UDAKO ERREPASOA

DOINUA: Loriak udan intza bezela

Egilea: Abel Zabala

1-Konpromisoa hartu nuen ta
sorta jartzeari ekin
hilabetean borrokatu naiz
ideiekin zein hitzekin
errepaso bat egin nahi nuke
orain ahal dela zuekin
bi mila eta hemeretziko
udak utzitakoekin.

2-Udaletako hauteskundeei
beharko erreparatu
udaberriko azken egunek
utzi zuten zenbait datu
berriro ere Sagarzazuk zein
Santanok botoak batu
Hondarribian eta Irunen
ezertxo ez da aldatu.

3-Uda parteak parranda gogoz
jartzen gaitu aldez-alde
nahiz ta urteak joaten diren
beti berdinetan gaude
ze emakume izate hutsa
ez da irteten debalde
ia jairikan ez da igaro
sexu erasorik gabe.

4-Klima kontutan nahiko sentsible
omen dabil Jaurlaritza
baina eredua aldatzea da
ezinbesteko baldintza
trenez, metroez ta errausgailuez
kokoteraino gabiltza
ingurumena kixkaltzen dute
ta kea saltzen dabiltza.

5-Gerran dago(e)nak bere herritik
nola nahi duen atera
Siriatikan iristen dira
Italiako atera
ez da goxoa Europatikan
egiten zaien harrera
Open Arms-ekin gertatu zena
horretxen adibide da.

6-Nola galerna uda betean
iritsi zen G zazpia
ta Biarritzen atera zuten
familiko argazkia
alturan gora igo ezkero
bistaratzen da azpia
gutxi batzuek zuzentzen dute
munduaren sarraskia.

7-Kristautasuna gurean ere
oraindik ez dago hila
Jainkoa eta Lege Zaharra
Jeltzaleen maratila
Urkullu jauna Batikanora
bada kilometro pila
ta militarrak Arantzazura
bedeinkazioan bila.

 

8-Sei adibide edo exenplu
aipatu ditut emeki
zein den indartsu ta zein menpeko
azaltzen dute ederki
alternatibak behar ditugu
eta garunak ireki
zeren bestela boteredunek
irabazten dute beti.

 

Jarraian, bertso gauak utzi zituen irudiak:

Hemen da 2019-2020 ikasturteko lehen Kabigorriko bertso-gaua [2019-10-03]

Kaixo bertsozale.

Hasi dugu, dagoeneko, 2019-2020 ikasturtea eta Kabigorriko bertso-gaua ere hemen da.

Zazpigarren ikasturtea izango da aurtengoa eta ohiko egitura mantenduko dugu aurten ere.

Lehen bertso-gauari urriaren 3an, ostegunean, ekingo diogu 19:30etatik aurrera. Bertsotan arituko dira Aitor Errazkin irundarra, Iñigo Izagirre itziartarra, Maddi Ane Txoperena hendaiarra eta Maindi Murua azkaindarra. Saioa Egoitz Zelaia hendaiarraren gidaritzapean egongo da eta bertso jarrien ardura Abel Zabala irundarrarena izango da.

Gogoan izan Kabigorrik aukera ezin hobea eskaintzen duela behin saioa amaituta afaltzen geratzeko ere.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan, izan ongi!

 

Apirileko bertso gaua [2019-04-06]

Kaixo bertsozale:
Badoa ikasturtea aurrera, eta badator apirileko Kabigorriko bertso-gaua ere. Apirilaren 4an izango da, 19:30ean hasita.
Atxikitako kartelean ikus dezakezuen bezala, Nahikari Gabilondo zarauztarra, Aitor Errazkin irundarra, Iñigo Izagirre itziartarra eta Oier Aizpurua zarauztarra ariko dira bertsotan.  Egoitz Zelaia hendaiarrak egingo ditu gai-jartzaile lanak, eta Ekaitza Irastorzaren eskutik helduko zaizkigu hileko bertso jarriak.
Gogoan izan Kabigorrik afaltzeko aukera bikaina eskaintzen digula.
Anima zaitezte!

Post Navigation