Martxoaren 10ean eman zitzaion hasiera Hendaia Euskarazi, herriko etxean ospatu ekitaldian. Txingudiko Bertso Eskolako Andoni Zelaiak “Bertso Tailerrean” ondutako bertso sorta kantatu zuen, Aitor Errazkin bertso eskolako kidea eta Hendaiako musikari prestu bat gitarrarekin laguntzaile izan zituela.
This slideshow requires JavaScript.
HENDAIA EUSKARAZ
2016-III-11
Ekitaldian parte hartuaz
bertsozko lehen urratsa
gertutasuna adieraziz
kenduko dugu arantza.
Hitz jokoekin margotutako
eguna nola arratsa
beste urtetan bezala aurten
martxoak hartzen du martxa.
Beraz, Hendaian euskararentzat
banderaren igoera,
hura maitatu ta erabili
beraren parte baikera.
beste hizkuntzak hor daude baina
gurea bultza aurrera,
euskaraz bizi nahi duenak
izan dezala aukera.
Eguneroko bizitza duina
gure eskutan hartzea,
zer ederrago gure herrian
gure hitzak mintzatzea.
Gerta daiteke zabarkeriaz
gure altxorra galtzea;
gauza normala izan behar du
guk euskaraz bizitzea.
Mundu globala zein den handia
txikiak behar arreta…
Euskal Herria bere ttikian
berari gure apeta.
Hiru hizkuntza daude Hendaian
hori ez da berriketa!
Bertsoen bidez egiten dugu
euskararen ariketa.
Entzuteko zain gure hizkuntza
anitz balitz, hala bedi.
Baikor jarrera eskua luza
elkarri laguntzen segi.
Eguneroko solas txikiak
itxaron gabe gehiegi,
euskararekin jantzi daitezen
Bidasoaren alde bi.
Zorte on opa hendaiatarrei,
berotzen doa giroa.
Alaitasunez bizi dezagun
oraina eta geroa.
Udaberria kax-kax atea
joka duen urtaroa
euskararentzat hilabete hau
izan bedi oparoa.