Kabigorriko ostegunetako bertso gauak: urteko azkena, abenduaren 4an
Abenduaren 4an izango da hurrengo Kabigorriko bertso gaua, hileko lehen ostegunarekin batera, ohitura den moduan. Honako honetan, Abel Zabala irundarrak, Iraitz Mateo eta Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” oiartzuarrek eta Egoitz Zelaia hendaiarrak kantatuko dute (azken hau, saiora ezin etorriko den Aitor Albisturren ordezko gisa), Exteban Martiarena oiartzuarraren esanetara. Saioa arratsaldeko 19:30etan hasiko da Zuhaitz Olazabal irundarraren bertso jarriekin. Segidan, bat-bateko saioa osatuko dute arestian aipatu lau bertsolariek, eta saioa eta gero, dakizuen bezala, afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaintzen du Kabigorrik, beraz, aprobetxatu.
Hilabete honetako saioa, gainera, Irungo “Euskararen Egunak” herri ekimenaren egitarauan txertaturik doa, eta halakoetan egin ohi dugun gisan, tratamendu berezia emango diegu jan-edan kontuei. Badakizue zertaz ari garen, ezta?
Tira, bada; aitzakiarik ez da urteko azken bertso gauari uko egiteko.
Bertan izango gaituzue zain.