Bertsotrukdinamika dela eta, Txingudi eta Aramaioko taldeen arteko bertso trukea antolatu dugu apirilaren 20rako, ostiralarekin. Katea auzoko pintxo-potean emango diogu hasiera saioari, eta Elatzeta elkartean antolatuta dagoen afalostean segida emango, bertso saio formatuan.
Afariaren kostua 12 euroren bueltan izango da. Afaritara eta ondorengo bertso saiora etorri nahi baduzue, deitu edo mezua bidali 685 72 75 39 telefono zenbakira, apirilaren 16a baino lehen, zenbat lagun izango zareten zehaztuz.
Aramaiotik Xabi Igoa, Manex Agirre eta Paula Amilburu ariko dira bertsotan, eta Txinguditik, aldiz, Iñigo Ugarte, Irati Alcantarilla eta Aitor Errazkin. Gaiak jartzen Adrian Arruti irundarra ariko da.
Bertsotruk dinamikak orain bitarte utzi dituen hainbat irudi:
2016ko martxoaren 13an Gasteizko taldearekin saioa egin zuten Txingudikoek. Iñigo Ugarte, Abel Zabala eta Aitor Errazkin aritu ziren Txinguditik, eta Asier Otamendi, Felipe Zelaieta eta Xabier Rico Gasteizko Kakiturri taldetik. Goxo asko hartu zituzten gasteiztarrek txinguditarrak, eta hamabost bat lagunen aurrean egin zuten saioa Kakiturri elkartean; gasteiztarrek elkarte horren izena hartu dute taldea izendatzeko, bertan egiten baitute bertso-eskola, asteazkenero. Saioaren kronika Felipe Zelaietaren eskutik.
Aurreko post batean adierazi bezala, Txingudi taldekook Gasteizko Kakiturri eta Goierri taldeko goierritarrekin joan-etorriko saioak egingo ditugu, Bertsotruk ekimenean parte hartzeak horretara lotzen gaituenez. 2015eko abenduaren 12an izan berri da gure estraineko elkarretaratzea, eta Kakiturri taldeko lagunak etxera gonbidatuta burutu dugu, bertso-bazkari formatuan. Eguerdiko 12:30etarako Irunen ziren Kakiturriko lagunak, eta bazkaltzeko ordura bitarte poteoan ibili ginen haiekin, bai eta pixkana taldeari batzen joan zitzaizkion bailarako hainbat bertsozalerekin ere. Irungo Erlaitz Mendi Elkartean jarria genuen zita, eta, azkenerako, 30 lagun inguru elkartu ginen bazkaritarako. Otordua prestatzeko ardura eta saioko antolakuntza guztia Irunabarreko kideok hartu genuen gure bizkar (bazkalostean bertsotan aritzeko lanak hartuta zituen Iñigo Ugarte barne).
Bazkalostean, eta arratsaldeko 17:00ak jota, Gotzon Aizpiolea irundarrak hartu zuen hitza saioa aurkezteko eta gai-jartzaile lanak betetzeko. Kantuan jarri zituen Juan Mari Juaristi, Alberto Martinez Kortabitarte “Betto” eta Xabier Lopez de Santiago Kakiturritik, eta Egoitz Zelaia, Iñigo Ugarte eta Abel Zabala, Txinguditik.
Ordu eta erdi inguruko saio umoretsua osatu zuten sei bertsolariek, hainbat ariketa motari aurre egin behar izan ziotelarik, eta bertaratutako jendeak atsegin handiz hartu zituen otordua, bertako lagun-giroa, bertso-saioa, noski, eta baita, guri hala iruditu zitzaigun, behintzat, bertsotruk egitasmoa bera ere.
Irunabarreko partaideok gure eskerrik beroenak luzatu nahi dizkiegu Kakiturri taldeko kideei beren jarrera eta esker onagatik, Betti-Gotti Euskara Kultur Taldeari soinu-ekipoa uzteagatik, Irungo Erlaitz Mendi Elkarteko zuzendaritzari, txoko goxo horren ateak zabaltzeagatik, eta saioaren antolakuntzan modu batera nahiz bestera parte hartu zenuten guztioi.