Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Juan Mari Juaristi”

Hasiera eman diogu Bertsotruk ekimenari Irunen, “Txingudi-Kakiturri” bertso-saioarekin

Aurreko post batean adierazi bezala, Txingudi taldekook Gasteizko Kakiturri eta Goierri taldeko goierritarrekin joan-etorriko saioak egingo ditugu, Bertsotruk ekimenean parte hartzeak horretara lotzen gaituenez. 2015eko abenduaren 12an izan berri da gure estraineko elkarretaratzea, eta Kakiturri taldeko lagunak etxera gonbidatuta burutu dugu, bertso-bazkari formatuan. Eguerdiko 12:30etarako Irunen ziren Kakiturriko lagunak, eta bazkaltzeko ordura bitarte poteoan ibili ginen haiekin, bai eta pixkana taldeari batzen joan zitzaizkion bailarako hainbat bertsozalerekin ere. Irungo Erlaitz Mendi Elkartean jarria genuen zita, eta, azkenerako, 30 lagun inguru elkartu ginen bazkaritarako. Otordua prestatzeko ardura eta saioko antolakuntza guztia Irunabarreko kideok hartu genuen gure bizkar (bazkalostean bertsotan aritzeko lanak hartuta zituen Iñigo Ugarte barne).

Bazkalostean, eta arratsaldeko 17:00ak jota, Gotzon Aizpiolea irundarrak hartu zuen hitza saioa aurkezteko eta gai-jartzaile lanak betetzeko. Kantuan jarri zituen Juan Mari Juaristi, Alberto Martinez Kortabitarte “Betto” eta Xabier Lopez de Santiago Kakiturritik, eta Egoitz Zelaia, Iñigo Ugarte eta Abel Zabala, Txinguditik.

Ordu eta erdi inguruko saio umoretsua osatu zuten sei bertsolariek, hainbat ariketa motari aurre egin behar izan ziotelarik, eta bertaratutako jendeak atsegin handiz hartu zituen otordua, bertako lagun-giroa, bertso-saioa, noski, eta baita, guri hala iruditu zitzaigun, behintzat, bertsotruk egitasmoa bera ere.

Irunabarreko partaideok gure eskerrik beroenak luzatu nahi dizkiegu Kakiturri taldeko kideei beren jarrera eta esker onagatik, Betti-Gotti Euskara Kultur Taldeari soinu-ekipoa uzteagatik, Irungo Erlaitz Mendi Elkarteko zuzendaritzari, txoko goxo horren ateak zabaltzeagatik, eta saioaren antolakuntzan modu batera nahiz bestera parte hartu zenuten guztioi.

This slideshow requires JavaScript.

BERTSOTRUK: Txingudi vs Kakiturri. Bertso bazkaria (2015-12-12)

Kaixo, lagunok!

Deialdi honen bitartez, datorren Abenduaren 12an, eguerdiko 14:00etan, Erlaitz Mendi Elkartean egingo dugun bertso-bazkarira gonbidatzen zaituztegu. Bertan, Gasteizko Kakiturri eta Irungo Txingudi taldeko bertsolariak entzuteko parada izango dugu, bazkalosteko bertso saioan. Bazkarirako sarreren prezioa, 15€-koa izango da.

Animatu! Lagunarte atseginean egoteko aukera ezin hobea izango dugu!

Gai jartzailea:

Gotzon Aizpiolea

Bertsolariak:

Kakiturritik, Alberto Mtz Kortabitarte “Betto”, Juan Mari Juaristi eta Xabier Lopez de Santiago. Eta

Txinguditik, Egoitz Zelaia, Iñigo Ugarte eta Abel Zabala.

Sarrerak eskuratzeko, 690065826 telefonora deitu edo SMS nahiz Whatsapp bidez moldatuko gara.

Post Navigation