Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Erlaitz Mendi Elkartea”

Bikaina joan zen Txingudikoen eta zarauztarren arteko elkarretaratzea

Izaten dira ba abenduko egun hotzak. Abenduaren hamarra ere halaxe etorri zen, hotz. Erlaitz Mendi Elkartea txukuntzeko geratu ziren Irunabarreko kide batzuk, eta aperitifak eskaintzen duen goxoarekin berotzen hasi zen eguna.

Oilaskoa, orburuak eta entsaladak bere erritmoa behar omen dute, eta beraien erritmoan ere heldu ziren Zarauzko bertsolariak eta beraien jarraigoa. Epelera hurbiltzen joan ahala, hitz jarioa ere hotzetik epelera igaro zen.

Ordu biak ttanko eta jendea ere Erlaitz Mendi Elkartera iristen hasi zen. Ohartzerako berrogei lagun-edo izango ginen. Mahaiaren itzulian ezarri ziren gehienak, plateren aurrean. Horrelaxe hasi zen bazkari legea. Gosea berdintzeko adinako jana bazen, bederen.

Bertsotarako unea, usaian bezala, kafearekin batera heldu zen. Seikote majoa eta saioa ere bertsotan egiteko prestatu zuen Adrian Arrutik. Bere lehen saioa zuen aurkezle bezala, eta estreinaldiak ez badira ere beti gozoak izaten, goxoan aritu zen Adrian. Gaiak jartzerako orduan, agian, bertsolariek patxada gehiago eskertuko zuten, baina dena egoki joan zen.

Zarauztarrek, Fede eta Urbietaren ahotik sendotasuna erakutsi zuten eta Markelen ideia eta moduek bikain osatu zuten hirukotea. Ez zitzaien ez umorerik, ez sakontasunik falta izan.

Txinguditik ere, hirukote polita zegoen prest kanturako. Andonik bertsotan aspaldi egin zuen jaunartzea, edo agian, bertso-hartzea erran behar genuke. Aspaldi plazak eta jardunak utzirik, berriz ere itzuli zen jende aurrera, beraz, bigarren bertso-hartzea balitz bezala har genezakeen. Errazkinek dotorezia ageri zuen bertso bakoitzean, eta Gotzonek zuhurtzia.

Seikoteak ale ederrak utzi zituen entzule geundenon gozagarri, ideia originalak entzuteko parada izan genuen, eta teknikoki ongi osaturiko lanak. Ezin gehiago eskatu, beraz.

Izaten dira ba abenduko egun hotzak. Ba, sutondorik beroenean bezain goxo izan ginen gu Irungo Erlaitz Mendi Elkartean. Mila esker denei.

Egoitz Zelaia

This slideshow requires JavaScript.

Hasiera eman diogu Bertsotruk ekimenari Irunen, “Txingudi-Kakiturri” bertso-saioarekin

Aurreko post batean adierazi bezala, Txingudi taldekook Gasteizko Kakiturri eta Goierri taldeko goierritarrekin joan-etorriko saioak egingo ditugu, Bertsotruk ekimenean parte hartzeak horretara lotzen gaituenez. 2015eko abenduaren 12an izan berri da gure estraineko elkarretaratzea, eta Kakiturri taldeko lagunak etxera gonbidatuta burutu dugu, bertso-bazkari formatuan. Eguerdiko 12:30etarako Irunen ziren Kakiturriko lagunak, eta bazkaltzeko ordura bitarte poteoan ibili ginen haiekin, bai eta pixkana taldeari batzen joan zitzaizkion bailarako hainbat bertsozalerekin ere. Irungo Erlaitz Mendi Elkartean jarria genuen zita, eta, azkenerako, 30 lagun inguru elkartu ginen bazkaritarako. Otordua prestatzeko ardura eta saioko antolakuntza guztia Irunabarreko kideok hartu genuen gure bizkar (bazkalostean bertsotan aritzeko lanak hartuta zituen Iñigo Ugarte barne).

Bazkalostean, eta arratsaldeko 17:00ak jota, Gotzon Aizpiolea irundarrak hartu zuen hitza saioa aurkezteko eta gai-jartzaile lanak betetzeko. Kantuan jarri zituen Juan Mari Juaristi, Alberto Martinez Kortabitarte “Betto” eta Xabier Lopez de Santiago Kakiturritik, eta Egoitz Zelaia, Iñigo Ugarte eta Abel Zabala, Txinguditik.

Ordu eta erdi inguruko saio umoretsua osatu zuten sei bertsolariek, hainbat ariketa motari aurre egin behar izan ziotelarik, eta bertaratutako jendeak atsegin handiz hartu zituen otordua, bertako lagun-giroa, bertso-saioa, noski, eta baita, guri hala iruditu zitzaigun, behintzat, bertsotruk egitasmoa bera ere.

Irunabarreko partaideok gure eskerrik beroenak luzatu nahi dizkiegu Kakiturri taldeko kideei beren jarrera eta esker onagatik, Betti-Gotti Euskara Kultur Taldeari soinu-ekipoa uzteagatik, Irungo Erlaitz Mendi Elkarteko zuzendaritzari, txoko goxo horren ateak zabaltzeagatik, eta saioaren antolakuntzan modu batera nahiz bestera parte hartu zenuten guztioi.

This slideshow requires JavaScript.

Post Navigation