Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Markel Eizagirre”

Bikaina joan zen Txingudikoen eta zarauztarren arteko elkarretaratzea

Izaten dira ba abenduko egun hotzak. Abenduaren hamarra ere halaxe etorri zen, hotz. Erlaitz Mendi Elkartea txukuntzeko geratu ziren Irunabarreko kide batzuk, eta aperitifak eskaintzen duen goxoarekin berotzen hasi zen eguna.

Oilaskoa, orburuak eta entsaladak bere erritmoa behar omen dute, eta beraien erritmoan ere heldu ziren Zarauzko bertsolariak eta beraien jarraigoa. Epelera hurbiltzen joan ahala, hitz jarioa ere hotzetik epelera igaro zen.

Ordu biak ttanko eta jendea ere Erlaitz Mendi Elkartera iristen hasi zen. Ohartzerako berrogei lagun-edo izango ginen. Mahaiaren itzulian ezarri ziren gehienak, plateren aurrean. Horrelaxe hasi zen bazkari legea. Gosea berdintzeko adinako jana bazen, bederen.

Bertsotarako unea, usaian bezala, kafearekin batera heldu zen. Seikote majoa eta saioa ere bertsotan egiteko prestatu zuen Adrian Arrutik. Bere lehen saioa zuen aurkezle bezala, eta estreinaldiak ez badira ere beti gozoak izaten, goxoan aritu zen Adrian. Gaiak jartzerako orduan, agian, bertsolariek patxada gehiago eskertuko zuten, baina dena egoki joan zen.

Zarauztarrek, Fede eta Urbietaren ahotik sendotasuna erakutsi zuten eta Markelen ideia eta moduek bikain osatu zuten hirukotea. Ez zitzaien ez umorerik, ez sakontasunik falta izan.

Txinguditik ere, hirukote polita zegoen prest kanturako. Andonik bertsotan aspaldi egin zuen jaunartzea, edo agian, bertso-hartzea erran behar genuke. Aspaldi plazak eta jardunak utzirik, berriz ere itzuli zen jende aurrera, beraz, bigarren bertso-hartzea balitz bezala har genezakeen. Errazkinek dotorezia ageri zuen bertso bakoitzean, eta Gotzonek zuhurtzia.

Seikoteak ale ederrak utzi zituen entzule geundenon gozagarri, ideia originalak entzuteko parada izan genuen, eta teknikoki ongi osaturiko lanak. Ezin gehiago eskatu, beraz.

Izaten dira ba abenduko egun hotzak. Ba, sutondorik beroenean bezain goxo izan ginen gu Irungo Erlaitz Mendi Elkartean. Mila esker denei.

Egoitz Zelaia

This slideshow requires JavaScript.

Abenduaren 10ean, BERTSOTRUK: Txingudi-Zarautz, Erlaitz Elkartean

bertsotruk logoAbenduaren 10ean Txingudi-Zarautz lagunarteko “bertso-desafioa” jokatuko da, bertso-bazkari formatuan, Irungo Peña kaleko Erlaitz Elkartean, eta 14:00etatik aurrera.

Zarauztik Aitor Urbieta, Beñat Jauregi “Fede” eta Markel Eizagirre ariko dira bertsotan, eta Txinguditik, aldiz, Gotzon Aizpiolea, Andoni Zelaia eta Aitor Errazkin. Gai jartzaile lanetan Adrian Arruti ariko da.

Irunabarreko kideok arduratuko gara otordua prestatzeaz, eta bazkaltzera etorri nahi duzuenok zenbat izango zareten jakinaraztea beste lanik ez duzue izango. Otordurako txartel bakoitzak 15 euro balio du. Etorri nahi duzuenok, mezua bidali edo deitu honako bi telefono zenbakietara:

690 065 826 (Abel) edo 669 366 589 (Egoitz)

Eta gure posta elektroniko helbidera ere idatz dezakezue: irunabar@gmail.com

Anima zaitezte eta izena eman!

Post Navigation