Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Aitor Sarasua bertso-paper lehiaketa”

Manu Goiogana Bengoetxeak hirugarren saria eskuratu du Aitor Sarasua II. bertso-paper lehiaketan. Zorionak!

Hona hemen Goioganaren bertso-sorta saritua:

KONEKTATU


EGILEA: Manu Goiogana Bengoetxea
DOINUA: Bazkaltzean gogoa neukan

Hemn jaitsi dezakezu


1
Konektatuta bizitzearen
joera da emendatu:
nor ez da bizi konektatuta
nahiz eta ez gomendatu?
Datuak eman bezala jaso,
eta ezin zerrendatu,
datuak hara-honaka baina
norentzat eta zein datu?
Big Brother zena orain Big Data
gisa dute izendatu
Pantailak jarri ditugu bistan
eta begiak bendatu.(BIS)


2
Norbanakooi sinetsarazi
dizkiguten arauetan
harrapatuta gaude haririk
gabeko amaraunetan.
Konexioak zintzilikatzen
gaitu soldaten tauletan;
zer dela eta biharko utzi
egin ahal bada gaur bertan?
Halabeharrez bermatzen gara
urrutiko intxaurretan
bertso sorta hau jada iragan
dugun ez-garai hauetan.(BIS)


3
Harreman sare toxikoenen
menpekoa den jendarte
honetan bizi behar izan dugu,
berez gara bere parte;
etengabeko esposizio,
ez huts eta ez hutsarte,
ez norberaren mundu intimo,
ez arnaserako tarte.
Ez zaigu beste ezer axola
onarpen hitzez aparte
gutaz kezkatzen ez diren haiek
kezkatzen gaituzten arte.(BIS)


4
Bidaiatzea betebehar da,
erakustea helburu;
berdin dastatu dugun izozki,
irentsitako liburu.
Gure bizitza “Historietan”
zatikatzen dihardugu
inork eskaini diezazkigun
hiru segundo inguru.
Erakusleiho nartzisistenak
perfil bihurtzen ditugu
eta ondoren gure perfila
garela sinesten dugu. (BIS)


5
Menpekotasun maila handituz
doa esponentzialki,
gailu berri bat datorrenero
zain gauzka eskuzabalki.
Ordulariak bihurtu dira
eskuburdinen estalki,
gure gorputzen kontrol osoa
eman zaie literalki.
Susmoa daukat gure gorputza
aditu ordez normalki
ez ote dugun egingo laster
loa ere digitalki.(BIS)


6
Hasieretan gure datuen
hau guztia josteta zen,
eskerrak hasi garen pixkana
auziaz gogoetatzen!
Ari baikara pribatutasun
guztia hipotekatzen,
oharkabean hirugarrenen
nahietara moldekatzen.
Jarraitu ordez naturala den
zerbait datuz kolpekatzen,
saia gaitezen jaso ditugun
bizitzekin konektatzen. (BIS)

Iturriak:

https://www.bertsozale.eus/eu/xiberoa-lapurdi-baxenabarre/albisteak/aitor-sarasua-bertso-paper-lehiaketako-irabazleak-1

https://www.bertsozale.eus/eu/xiberoa-lapurdi-baxenabarre/albisteak/aitor-sarasua-bertso-paper-lehiaketako-irabazleak-1/image/image_view_fullscreen

Post Navigation