Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “euskara”

Txingudiko Bertso Eskolako haur eta gazteak euskarari kantari

Txingudiko bertso eskolan hiru talde ari dira aurten, eta bideo honetan gazteenen taldeko lehen bertso-egitasmoa erakutsi nahi dizuegu. Aurten 15 lagun inguru ari dira gazteen taldean, eta Euskararen Nazioarteko Eguna zela eta, bertso sorta bat jartzea deliberatu genuen. Haurrak bost taldetan banatu, eta hortik aurrerako lan guztiak haurrek beraiek burutu zituzten.

Bertso sorta osatu bitartean, haur batzuek kale egin dute bertso eskolan, etxeko lanak edo eritasunak medio, eta bitarte horretan ere ikasle berriak batu zaizkio taldeari. Gora behera horiek guztiek apur bat mantsotu dute ikasleen lana, baina inolaz ere ez dira txapeldun guzti hauentzako traba izan eta, azkenerako, lortu dute urteko lehen egitasmoa arrakastaz bukatzea. Diogunaren froga, bideo honetan duzue.

IRUNGO EUSKARAREN EGUNAK

Kaixo, bertsozale:

Azaroa ere aurrera doakigu, eta abenduaren hasierak berekin dakar Euskararen Nazioarteko Eguna. Egun honen harira zenbait ekitaldi antolatu dira, eta guztiak “Irungo Euskararen Egunak” herri ekimenera bildu.

Irunabar (Irungo Bertsoaren Bilgunea), beste hainbat eragilerekin batera, “Irungo euskararen egunen” antolakuntzan ari da.

Joan den astean EKTn antolatu zen bertso-afariaren berri eman genizuen, eta atxikita doakizuen kartelean ikus dezakezuen bezala, huraxe izan zen “Irungo Euskararen Egunak” ekimenaren lehen ekitaldia. Aste honetan bertan ere bada zertan parte hartu, eta abenduaren 5a bitarte ez da horretarako aukerarik faltako.

Atxikita doakizue, beraz, “Irungo Euskararen Egunak” ekimenetik antolatu diren ekitaldien berri ematen duen kartela. Guri dagokigunez, aurrerago helaraziko dizuegu abenduaren 5erako Kabigorrin antolatua dagoen bertso-saioaren inguruko informazio gehiago.

EUSKARAREN EGUNAK KARTELA

Euskararen Egunetan elkar ikusiko dugulakoan,

Ongi izan

Post Navigation