Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

“Josu Zabala 76 50”. Igauri Lopetegi Amostegiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

JOSU ZABALA 76 50

Egilea: Igauri Lopetegi Amostegi

Doinua: Hamalau heriotzena I

Hemen jaitsi dezakezu

2026ko Hondarbiko Gazte Egunean egindako omenaldian kantatuak

1)
24 urteko
Irungo gazte bat
ta 24 urteko
Irungo beste bat
hizketan ginelako
izan dut uste bat,
nola kontatzen zidan
istori triste bat,
bizia bera galdu
zuen desastre bat:

2)
“76
ta Irailak 8.
50 urte
ez dira, ba, gutxi!
Eskolan ez dizute
inoiz erakutsi,
gaurkoa ez dezazun
hain garbi ikusi,
baina nik ondo dakit
ta kontatzen utzi.

3)
Alardea bukatu,
manifa bat hasi
Pertur egin zuten ta
desagerrarazi.
Guardia Zibilak giro
nahasi hura nahasi.
Amnistia! egiten
genula garraxi,
bizitzak egin zidan
ahotik ihesi.

4)
“Hemen Zabala hil zuten”
paretan ageri,
nahiz ta hiltzen ahal zuten
beste bat, beste bi…
Heriotza jartzeko
aurpegiz aurpegi,
bala hark bizkarrean
eman zidan neri,
apuntatuta hemen
gauden guztieri.

5)
Cabacas hil ta inor ez
kartzelara joan,
bat galdua barrabil
bat desalojoan,
Gasteizen pelotazo
batek jo ahoan…
Ni bezelako asko
oraindik dago han.
Dei nazazue Josu
guztiak gogoan!”

6)
Zabalak memoria
nahi balu zabaldu,
bere ahotik guk geuk
beharko azaldu.
Gu gazte bat, beste bat
guzti bat gara gu,
ta Hondarbiyan Gu horrek
Josu izena du.
Dagonan aurka egin
beharra daukagu!


Hemen dituzue ikusgai Igauri Lopetegik omenaldian kantatutako bertsoak Jon Aperribaik saxofoiaren lagunduta:

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-igauri-lopetegi-2/

Single Post Navigation

Utzi iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.