Aitor Errazkin Vicentek Irungo AEK euskaltegirako idatzitako bertsoak, Oarso-Bidasoaldeko Hitzan
Aitor Errazkin Vicente irundarrak bertsoak idatzi ditu Irungo AEK euskaltegirako. Bertsoak tamaina handian inprimatu eta hormetan itsatsi dituzte, euskaltegiko harrera-gunetik hasi eta, bi solairutan barrena, liburutegiraino. Euskaltegiko egunerokoarekin zerikusia duten bertsoak dira guztiak, hainbat doinu eta neurritan eginak. Egileak orotara 14 gairekin lotutako bertsoak ondu baditu ere, sail berezi horretako 6 bidali dizkigu guri, bertso jarrien atal honetan argitara ditzagun.
Euskaltegitik kanpoko herritarrek izango dute ikasturtean zehar bertsoak bertatik bertara irakurtzeko aukera, baina izurritearen egoerak ahalbidetzen duen neurrian beharko du, betiere.
1) ONGI ETORRI
Doinua: “Itxaspe aldian egin bazan hau”
Jakin ezazu: ez zara sartu
akademia hutsera
hemen euskaraz bizi gara gu
agian zure antzera
baina ikasi nahian bazaude
epe motz edo luzera
ongi etorri euskaldundu nahi
duten guztien etxera.
Hemen erdaraz hitz egiteko
pentsamendutan bazara
aholkutxo bat bihoakizu
aurretik badaezpada
lotsa hizkuntzak praktikatzeko
mundu guztian traba da
egizu lehen hitza euskaraz
eta konponduko gara.
5) EUSKARA DOAN!
Doinua: “Komeni zaigun ixtoria bat”
Ikasle askok noski euskara
doan ikasi nahi luke
gu ados gaude, ta hala balitz
askoz nahiago genuke
baina gaur egun beste ondare
klase bat legokiguke
behin debekatzen hasi zirenek
ordaindu izan balute. (biz.)
7.- EUSKALDUN IZATEA
Doinua: “Anton eta Maria”
Euskaldun izatea
zer den aroz aro
mudantzan ibili da
beti ahoz aho
euskara “edukitzea”
omen zen lehenago
baina egun behar du
pauso bat harago
erabaki bat da ta
norberagan dago. (biz.)
10) LEHEN HIZKUNTZA(K)
Doinua: “Txikitatikan edukia dut”
Ikasitako lehen hizkuntzak
izan bat, bi edo hiru
munduan pausoz pauso ibiltzen
hasteko darabilzkigu.
Haiek sekula ez bazter utzi
nahiz besteenera hurbildu
handiekin ez umildu
ta txikirik ez amildu
aniztasunak bene-benetan
inporta baldin badigu
izan gaitezen askoren jabe
ez bakarraren gatibu. (biz.)
11.- “IRUNEN EZ DAGO NOREKIN EUSKARAZ HITZ EGIN…”
Doinua: “Nire aditzalliak onuntz juntatu”
Erdarak euskararen
gainetik jarri.
Orain, euskara nahi ta
lehen zena sarri
nola ekarri?
Irunen, euskalduna,
ikaragarri!
Baina elkarri
hitzik eman ezean
ezin igarri! (biz.)
13.- “EUSKARA ZAILA DA”
Doinua: “Basatxoritxu mokoluzia”
Munduan zazpi mila hizkuntza
bai omen ditugu kasik
batzuek erro bera daukate
badute elkarren antzik
baina ez dago hizkuntza zailik
eta hizkuntza errazik
ikasteko prest dauden hiztunak
eta ez daudenak baizik.
Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/aitor-errazkin-vicente-aek-euskaltegirako-bertsoak/