Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

“Bertso berriak, inposizioei jarriak”, Iruneron. Aitor Errazkin Vicenteren bertsoak.

BERTSO BERRIAK, INPOSIZIOEI JARRIAK

Doinua: “Komeni zaigun ixtoria bat”
Egilea: Aitor Errazkin Vicente

1)
Euskal Herrian barrena mezu
gaitza hedatzen ari da
euskararen “ez-dakit-nolako”
inposatzeen harira
gezurrik esan ote liteke
begietara begira?
Kontuz, askotan esanez gero
sinetsi egiten dira.

2)
Bi estaturen mendean gaude
gauzak garbi esatera
derrigortuak gaztelania
ta frantsesa jakitera
inork al du bi horiek baztertu
ta saihesteko aukera?
Inposatu zer egiten zaigun,
hortik kontuak atera!

3)
Eta hargatik aldarrikatzen,
sustatzen dugu euskara:
debekatua, ofizialtasun
kontuan dena eza da.
Nafarroa zein iparraldera
so jartzen baldin bagara,
inposatzen den hizkuntza baten
itxurarik al dauka ba?

4)
Aurrerakoiak izan gintezke
atzerakoien fedean?
“Ezin da gogoz kontra ipini
inor hizkuntzen mendean!”
Euskaldunari, ordea, mihia
moztu ohi zaio gurean
erdaldunaren “askatasuna”
hasten den une berean.

5)
Eta lanpostu publikoena?
Nor ez da izan testigu?
“Mediku ona ala euskalduna?”
Nahita ere ezin isildu…
Dudarik gabe biak zor dira
eta orok merezi du
erren gabiltza gauden herriko
hizkuntza ez badakigu.

6)
Euskara dela eta ez dela,
prest nengoke onartzeko
inposizio bat dagoela
ez dakien bakoitzeko.
Hortik aurrera euskal herritar
guztiok gaude antzeko
denok baitugu gure ardura
herria euskalduntzeko.

7)
Beraz, euskaraz egin besterik
ez da, etxean, azokan…
Ez dakienak esango digu,
moldatu gara askotan!
Hura geratu bedi nabarmen
inortxo geratzekotan
gu ez baikara ezer hizkuntza
hartu ezean ahotan.

8)
Eta egia bada euskara
nahi ez luketela hilik
(bai baita hori ukatzen duen
politikari abilik)
horrelakoen aurrean ezin
geratuko da isilik
“Civismo” hitza jarri zuena
faroletatik zintzilik.

 

Iturria: https://irunero.eus/bertso-berriak-inposizioei-jarriak/

Single Post Navigation

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

%d bloggers like this: