Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Eguzkitza”

Euskarari kantari Eguzkitzatik

Gustura ari dira lanean Eguzkitzako bertso-eskolako gaztetxoak, Iker Goñi bertsolari donostiarraren babesean. Ikasturteko lehen emaitza gisa bertso-sorta ezin egokiagoa bidali digute, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dugun honetan.

Bertso Eskolan lanean
egin dugu, azkenean,
kopla sorta bat nahi dunarentzat
Euskararen Egunean.

1.- Behar genioke eutsi
erabiltzen baita gutxi,
munduko hizkuntza ederrena
ez dezagun galtzen utzi.

2.- Lehenengo gauza arreta,
bigarrena, arnasketa,
euskaraz bizi nahiko genuke
gure hizkuntza da eta.

3.- Ikastolan urtez urte,
nahiz gurasoek ez uste,
euskararekin eta euskaraz
jolastu nahiko genuke.

4.- Euskara, adinak adin,
osasuntsu egon dadin,
ez dakienak ikas dezala
ta dakienak hitzegin.

5.- Ez dezan gaizki usaindu
denok behar dugu zaindu.
Gure hizketak gorpuzten du ta
gure bertsoek apaindu.

6.- Maite dugunez euskara,
gure inguruan, hara:
urte osoko egun bakoitza
Euskararen Eguna da.

7.- Bakoitzak bere gunean
ta dagokion unean,
hitzegin beza ta ez bakarrik
Euskararen Egunean.

This slideshow requires JavaScript.

Kopla berriak gure hiriari jarriak

Baten batek pentsatuko zuen honez gero, eta arrazoiarekin gainera, blog honetan irudi asko baina bertso gutxi dagoela. Bada, post berri honekin arazo horri irtenbidea ematera gatoz. Hona hemen iazko ikasturtean Eguzkitza ikastetxeko bertso eskolakoek Iruni buruz jarritako kopla batzuk, ikastetxeko ikasturte amaierako jaialdian zein Irungo Bertso Eskolen I.go Egunean kantatu zituztenak.

Bertso eskolak ikastetxeetan

Laugarren ikasturtea dugu jada bertso eskolak antolatzen eskualdeko hainbat ikastetxeetako eskola orduz kanpoko aktibitate zerrenda barnean. Horietan guztietan eginiko lanak eta bizitako esperientzien testigantzak ekarri nahi ditugu “bertso eskolak ikastetxeetan” bataiatu dugun atal honetara. Hasteko, Eguzkitzako taldearen bi argazki ekarri ditugu hona. Lehendabizikoa, 2009-2010 ikasturteko argazki bat, eta bigarrena, 2012ko Gipuzkoako Bertso Eskolen Egunekoa, Gari Garaialdek Zumaian egina, haurren senide eta guzti. Haurrek 6-7 urte zituzten lehen argazkian, eta gehientsuenek bertso eskolara etortzen jarraitu dute. Ederki pasatzen dugun seinale. Izan bedi bada argazki pare eder hau, etorkizunean zintzilikatzeko asmoz gabiltzan post zerrenda luze baten hasiera besterik ez.

This slideshow requires JavaScript.

Post Navigation