Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

“Soka jolas” Iruneron. Aitor Errazkin Vicenteren bertsoak.

Soka jolas

Doinua: Asteburu aldera
Egilea: Aitor Errazkin Vicente

1)
Haurrak itzuli izan
zaizkigu jostari (biz.)
eskolan soka bana
jasota opari.
Wifi-aren garaian
nahikoa mirari!
Meritua zor zaio
eman zien hari:
Mertxe, autobuseko
begiraleari.

2)
Sokak metro inguru,
komeni neurrira (biz.)
bi muturrak elkarri
lotu eta tira;
barrutik esku biak
sartu ahala, di-da,
ia aldi berean
ipiniko dira
ahurrak eta haurrak
elkarri begira.

3)
Piramidea”, “zerra”,
sehaska”, “erratza”… (biz.)
Guztiak eraikitzen
ez dago erraza…
ez bazara bat ere
sortzeko kapaza
jausiko zaizu esku
artera mataza…
berritik hasi eta
baietz ongi pasa!

4)
Bakarrik ezin bada,
bikoteka ekin (biz.)
bi eskurekin baino
hobeto laurekin
guztia marra zuzen
plegu eta erpin
lehenik zu nirekin
gero ni zurekin”
dena errazagoa
baita elkarrekin.

5)
Laguntzak ez du inoiz
umerik eskasten (biz.)
baizik eta lagundu
elkarrekin hazten
jolas honekin ere
zenbat irakaspen!
hariekin mundua(k)
airean marrazten
elkarren hatzen beha
elkarri ikasten.

6)
Ez da zertan jostatu
haurrek haina ordu (biz.)
ohartzeko badela
ume haina modu
irudimenak muga
eza du lurzoru
beraz, hegan bagoaz
denak balio du…
Jolasari araua
topatu diogu!

7)
Beraz, ari zintezke
sobera arreta (biz.)
jarri gabe ere zer
sortuko, zer gerta …
Mugimendu arauei
horrenbeste buelta
eman gabe hariak
ezker-eskuin tenka!
zuk nahi duzun huraxe
izango da eta.

8)
Horrelako jolasek
badute ahalmena (biz.)
indartzeko sormena
eta mintzamena.
Umea gai denean
kontatzeko dena,
ikusten dena eta
ikusten ez dena
bai al dakigu horrek
balio duena?

9)
Memoria ordea
erdi oporretan (biz.)
sumatu izan zaie
batzu-batzuetan
batez ere ostiral
arratsaldeetan
autobusetik jaitsi
izan direnetan
txamarra ahaztu baina
soka eskuetan.

10)
Zenbatsu belaunaldi
ez ote gara-ba, (biz.)
jolas berberarekin
dibertitu jada?
Eta bikaina dela
agerikoa da,
gure seme-alabei
soka xabalkara
esku artetik kentzen
ibiltzen baikara!

11)
Bi hilabetez edo
iraun die grinak (biz.)
azkar itzuli baietz
hari, kordel finak
grisak, moreak, beltzak,
gorriak, urdinak…
Sokak soka, finean,
une ahaztezinak
betirako baitira
umetan eginak.

11)
Eskerrik asko, Mertxe,
bihotzez, goratik (biz.)
autobusean haurrak
goxatzeagatik
eskolara eraman,
ekartzeagatik
eta helduoi ere
bide beretatik
haurtzarora itzultzen
laguntzeagatik.

Iturria: https://irunero.eus/soka-jolas/

Single Post Navigation

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

%d bloggers like this: